Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoan aritzen zen talde kriminala desegin dute
- 6 pertsona atxilotu dituzte, eta 58 kilo de kokaina, 12 kilo “speed”, 176 kilo marihuana, 24 kilo haxix eta 6.310 estasi-pilula atzeman dituzte
- Harrapatutako drogak, faltsutu ondoren eta, legez kanpoko merkatuan dosi, gramo eta unitatetan salduta, 17.000.000€-tik gorako balioa du
- Bi polizia-kidegoen arteko koordinazioari esker, Espainia iparraldean droga-trafikoaren aurkako aurtengo kolperik handienetako bat eman ahal izan da
Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren Aurkako Inteligentzia Zentroak (CITCO) koordinatutako “Qilab/Arizko” izeneko operazioaren barruan, Ertzaintzak eta Guardia Zibilak Espainiako iparralde osoan substantzia estupefazienteen trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute —batez ere kokaina, “speed”a, marihuana, haxixa eta estasi-pilulak trafikatzen zituzten—.
Guztira 12 miaketa egin dira Araban, Bizkaian eta Kantabrian, eta miaketa horien ondorioz, 30 eta 73 urte bitarteko sei gizon atxilotu eta espetxeratu dituzte. Gehienek narkotrafikoaren ondoriozko delitu-historiala dute, eta erakunde kriminaleko kide izatearen, droga-trafikoaren, kapitala zuritzearen eta armak legez kanpo edukitzearen delituak leporatzen zaizkie.
Bi polizia-kidegoen arteko koordinazioari esker, erakunde kriminal horren egitura osoa desegin da, eta aurtengo kolperik handienetako bat eman zaio Estatuaren iparraldeko droga-trafikoari. Izan ere, 57.849 gramo kokaina, 12.319 gramo “speed”, 176.471 gramo marihuana, 24.117 gramo haxix eta 6.310 estasi-pilula atzeman dira legez kanpoko merkatura iritsi baino lehen.
Gainera, operatiboaren barruan, 78.536 euro konfiskatu dira eskudirutan, baita 2 eskopeta, jaurtigairik gabeko 2 pistola, goi-gamako 2 ibilgailu, kokaina eta “speed”a faltsutzeko aitzindariak, telefonia mugikorra, material informatikoa, eta aztertu beharreko askotariko dokumentazioa ere.
Atzemandako kokainarekin eta “speed”arekin, behin faltsutu ondoren, guztira 676.210 dosi lortuko ziren eta, legez kanpoko merkatuan, 15.574.045 euroko balioa izango zuten. Gainerako substantziak, gramotan eta unitatetan salduta, 1.479.256 euroko balioa izango zuten merkatuan.
Qilab/Arizko operazioa
Ikerketa joan den apirilean jarri zen abian, Guardia Zibileko agenteek pertsona bat atxilotu zutenean droga-trafikoaren akusaziopean —purutasun handiko 9 kilo “speed” atzeman zizkioten—.
Lehen ikerketetan, jakin ahal izan zen pertsona hori substantzia estupefazienteen garraiorako erakunde kriminal bateko kide zela. Izatez, Errioxako Guardia Zibileko ikertzaileek Euskadin finkatuta dagoen erakunde kriminal batekin lotu ahal izan zuten konfiskatutako “speed” hori.
Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren Aurkako Inteligentzia Zentroak (CITCO) koordinatutako operazioaren barruan, egiaztatu zen Ertzaintzak ere irekita zuela pertsona horien gaineko ikerketa, eta, horrenbestez, erabaki zen baterako operazioa egitea eta epaitegi eskudunari horren berri ematea.
Bi polizia-kidegoek bildutako informazioa aztertu ondoren, egiaztatu ahal izan zen droga-trafikoan —zehazki, kokainaren, “speed”aren, haxixaren, marihuanaren eta estasi-pilulen trafikoan— aritzen den erakunde kriminala existitzen zela eta operazio-basea Barakaldo eta Gamiz-Fika herrietan zuela.
Erakundeak hierarkia sendoa eta ondo egituratua zuen, eta oso ongi definitutako rolak zituen droga kopuru oso handiak eskuratu, garraiatu, ezkutatu, faltsutu eta ondoren banatze aldera.
Erakundeko 5 kideek segurtasun-neurri handiak hartzen zituzten hauteman ez zitzaten. Zaintzak eta kontra-zaintzak egiten zituzten, eta garraioaren aurretik zihoazen ibilgailuak erabiltzen zituzten. Gainera, suzko armak zituzten beste sare kriminal baten erasoa edo segurtasun-indarren jarduna saihesteko eta neutralizatzeko.
Ekintza horiei esker, Euskaditik Estatuko iparraldeko gainerako probintzietarako droga-trafikoko eragiketak arrakastaz antolatu, aurre egin eta burutu ahal izan zituzten. Izan ere, azken kontsumitzailearenganaino iristen ziren delitu-mailak drogaz hornitu zituzten, bezeroak fidelizatu, negozioa zabaldu eta banaketa handitu zuten.
Zenbait hilabetez ikertzen aritu ondoren, behar beste froga eta zantzu bildu ahal izan ziren, eta, horien bidez, egiaztatu ahal izan zen ikertutako pertsonak eskala handiko etengabeko droga-trafikoarekin lotuta zeudela. Hori dela eta, interes-guneetan sartu eta miaketak egiteko baimen judizialak eskatu zituzten.
Eskatutako autoak eman ondoren, guztira 12 miaketa egin ziren Euskadin (Bilbon, Barakaldon, Gamiz-Fikan eta Gasteizen dauden etxebizitza eta trastelekuetan) eta Kantabriako Potes eta Castro Urdiales herrietan. Miaketa horien ondorioz, erakundeko bost kideak atxilotu eta substantzia estupefazienteak konfiskatu zituzten.
Polizia-eginbideen instrukzioa amaitutakoan, atxilotuak Errioxara, epailearen aurrera, eraman zituzten, eta epaileak horiek guztiak espetxeratzea agindu zuen.
Operazioan elkarlanean aritu dira Ertzaintzaren Ertzainor Unitatea eta Esku-hartze Unitatea eta Guardia Zibileko unitateak.