Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Euskadik Fiturren parte hartuko du gastronomia ardatz nagusi duela

2012.eko urtarrilak 18

Vitoria-Gasteiz 'Green Capital 2012' ekimenak toki nabarmena du stand barruan: moketa berde bat jarri da Ifemako bisitariei ongi etorria egiteko eta Euskadi egongo den pabiloiraino eramaten ditu.

Gaurtik igandera bitarte izango den Madrilgo feriaren 32. edizioan Euskadik daukan standean mahai bat dago eta ipadak dira mahai horretako platerak, bisitariek elkarreragiteko aukera izan dezaten. Guztira, 1.000 metro karratutik gorako eremua da.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, Madrilgo Turismoari buruzko Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur) hartu du parte aurten ere. Azoka, gaur  hasi da eta 22ra (igandea) bitarte egongo da irekita.

Aurreko edizioan bezalaxe, 'Euskadi, goza ezazu' markarekin joan gara, gastronomian inspiratuta dagoen stand batekin. Erdiko plaza handi batek egingo die ongietorria bisitariei eta, bertan, bisitariek promozio-eremuak ikusiko dituzte; edizio honetan eta berrikuntza gisa, produktuen arabera banatu dira eremu horiek, azpimarken arabera banatuta egon ordez.

Hor gaudela 'Euskadi', 'Euskadin Zehar', 'Gastronomia eta Enoturismoa', 'Hiri-ihesaldiak' eta 'Natura Aktiboa' informazio-mahaiak ikusiko ditugu.

Euskadiko standa

Euskadiko standak 1.035 metro karratuko azalera du eta kanpoaldetik estaltzen duen 'azalean' gastronomia Euskadik eskaintzen dituen turismo-aukerekin lotzen da irudien bitartez.

Barruan, informazio-mahai bakoitzean lurralde bakoitzeko argazki handi bat dago. Informazio-mahai horietan bereziki Fiturrerako egindako liburuxkak emango dira.

Standaren erdian mahai bat jarri da, jateko esertzera gonbidatzen duen mahaia, eta ipadak dira mahai horretako platerak, bisitariek elkarreragiteko, Euskadiko turismoko webguneetan eta batez ere www.euskaditurismo.net webgunean sartzeko aukera izan dezaten; hori guztia, Euskadin gozatzeko dauden esperientzien berri izan dezaten. Mahai horretan plater erraldoi bat dago, plateraren erdian pantaila bat, eta pantaila horretan Euskadiko turismo-esperientziei buruzko bideo berria proiektatzen da.

Beste atal batzuen artean, standean lanerako gune bat ere badago (10 mahai) sektoreko enpresaburuentzat; gune hori asteburuan Gasteizi utziko zaio Green Capital 2012 sustatzeko jarduerak egiteko. Era berean, set bat jarri da www.tveuskadi.net webgunearentzat, eta hor standean gertatzen dena emango da.

Vitoria Green Capital

Vitoria-Gasteiz European Green Capital ekimenaren presentzia nabarmena izango da Fiturreko edizio honetan. Horretarako, 'Green Capital 2012' pintxoa sortu da Gasteizko hiriburutza berdearen omenez, eta Euskadiko eta hiriburutzaren logoak dituen moketa berde batek egingo die ongietorria bisitariei eta Ifemako bi sarreretatik 9. pabiloiraino, hau da, Euskadiko standa dagoen pabiloiraino, eramango ditu bisitariak. Bestalde, Gasteizko Udalak asteburuan hainbat jarduera egingo ditu standean.

 

Iruzkin bat
  • @emprenderzitek
    2012.eko urtarrilak 18

    Comentario de Twitter:
    Euskadik Fiturren parte hartuko du gastronomia ardatz nagusi duela #fitur http://t.co/wUfI9rGV

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)