Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Jonan Fernandez: "Azken 12 hiruhilekoetan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia % 23,9tik % 12,3ra jaitsi da Euskadin”

2023-08-23
  • 2015ean gazteen langabezia-tasa % 29,5era iritsi zen, eta harrezkero etengabe jaisten joan da
  • Euskadi da, oraindik ere, gazteen artean langabezia-tasarik txikiena duen Estatuko Autonomia Erkidegoa, Estatuko batez bestekoa baino 7,2 puntu txikiagoa
  • 2020tik 2022ra bitarte, Euskadin enplegua zuten gazteen ehunekoa % 37,3tik % 42,3ra igo zen, hori ere Estatuko batez bestekoaren gainetik
  • "Bilakaera hori argi eta garbi positiboa izanik, ez da nahikoa. Gazteen langabezia-tasa hori % 10etik behera kokatzea da orain helburua"
  • "Gazteen enplegua sustatzeko euskal politikek eta, zehazki, Gazte Enpleguaren Talka Planak emaitza onak eman dituzte"
  • "Gazteen enpleguari buruzko datuen bilakaera on horrek indartu egiten du Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiak duen ahalmena"
  • "Estrategia hau emantzipaziorako elkarri lotutako neurrien ekosistema bat da. Oinarrietako bat kalitatezko enplegua da

Gazteen Euskal Behatokiak gazteen langabeziari buruzko erradiografia eguneratzen duten datuak argitaratu ditu gaur bere webgunean, Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) hiru hilean behin egindako Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestaren (BJA) emaitzetatik abiatuta. 2022an gazteen langabezia-tasa % 15,0koa izan zen Euskadin. 2023ko bigarren hiruhilekoko datuek % 12,3an kokatzen dute tasa hori.

Langabezia-tasa horrek enplegurik ez duten baina aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko kudeaketaren bat egin duten pertsona aktiboen (hau da, lan egiteko prest daudenen) ehunekoa adierazten du. Ez dira sartzen, beraz, lana bilatzen ari ez diren ikasleak, ezta lanik egin ezin dutenak ere.

Gazteen Euskal Behatokiak gaur argitaratutako datuen arabera, gazteen artean langabezia-tasarik txikiena duen Estatuko Autonomia Erkidegoa da Euskadi.

Zehazki, eta INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Espainiako gazteen langabezia-tasa % 22,2koa zen 2022ko bigarren hiruhilekoan, hau da, Euskadin aldi berean erregistratutakoa baino ehuneko 7,2 puntu handiagoa.

Enplegu-tasari dagokionez, hau da, enplegua duten 16-29 urteko gazteen ehunekoa adin-talde bereko pertsona guztiekiko, 2020tik 2022ra bitarte, enplegua duten gazteen ehunekoa % 37,3tik % 42,3ra igo zen Euskadin. Balio horrek ere Euskadi Espainiako batez bestekoaren gainetik jartzen du (% 38,8), Kataluniarekin, Balearrekin eta Madrilgo Erkidegoarekin batera.

Iazko urritik, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzaren egiturari atxikita dago, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren barruan. Jonan Fernandez bere buruak adierazpen batzuk egin ditu gaur, "datu horiek nabarmentzeko eta balioesteko, gaur egun duten garrantziagatik eta datozen urteetarako duten proiekzioagatik, gazteen aldeko politika publikoen eta autonomia pertsonalerako eta emantzipaziorako prozesuen esparruan".

"Azpimarratu behar den lehenengo gauza da –adierazi du Fernandezek– 2020ko hirugarren hiruhilekotik, pandemiak eta konfinamenduak gazteen langabeziaren datua % 23,9ra igo zutenetik 2023ko bigarren hiruhilekora, gazteen langabezia, 16 eta 29 urte bitartekoen artean, 11,6 puntu murriztu dela. Hamabi hiruhilekotan etengabe jaitsi da. Atzera begiratuz gero urte batzuk gehiago, aipatzekoa da 2014an eta 2015ean gazteen langabezia-tasa % 29 eta % 29,5era iritsi zela, hurrenez hurren. Harrezkero, gazteen langabezia etengabe murriztu da Euskadin".

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak adierazi duenez, "bilakaera hori argi eta garbi positiboa bada ere, ez da nahikoa. Orain, tasa hori % 10etik behera jartzea da helburua. Eusko Jaurlaritzak lehentasunen artean jarri ditu gazte-politikak".

Jonan Fernandezen iritziz, datu horiek hiru gogoeta egiteko aukera ematen dute:Lehenik eta behin, "Eusko Jaurlaritzaren gazte-enpleguaren arloko politika publikoek emaitza onak eman dituzte. Zehazki, Gazte Enpleguaren Talka Planaz ari naiz, Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Berpiztu Programan jasoa". Plan hori Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Plan Estrategikoan eta Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategian ere sartuta dago.

Talka-plan hau gazteen prestakuntza eta kalitatezko enplegua sustatzera bideratutako sei programaz osatuta dago: (1) Enplegurako lanbide-heziketa eta unibertsitate-heziketa duala; (2) Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizio-programak; (3) Gazteentzako enplegurako prestakuntza-bekak; (4) Gazteak gizarteratzeko prestakuntza; (5) Gazteen enplegurako programak (Lehen Aukera, Txanda-kontratua, Gazteen itzulera eta Gazteak gizarteratzeko ekintza berritzaileak); eta (6) Gazteen ekintzailetza.

2023-2024 aldirako berariaz gazteei zuzendutako programa horietan 82 milioi euroko inbertsioa egin da. Enplegua sustatzeari dagokionez, 2024an gazteentzako 13.500 lanpostu sortzea da helburua, eta horiei 13.800 gehitu behar zaizkie, enplegu-programa orokorrek gazteen enpleguan duten eraginaren ondorioz. Antzeko emaitzak lortu ziren 2021-2022 aldian.Bigarrenik, Jonan Fernandezek azpimarratu duenez, "gazteen enpleguari buruzko datuen bilakaera on horrek indartu egiten du Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategiak duen ahalmena. Estrategia horren lehen ardatza gazteen enplegua sustatzea da, hain zuzen ere. Estrategia elkarrekin lotutako neurrien ekosistema bat da, gazteen autonomia pertsonaleko prozesuak errazteko. Enplegua da ezinbesteko oinarrietako bat".

Bi urtez hilean 300 euroko prestazioa ematea 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat "indartze-neurri osagarria da. Emantzipazioa bultzatzeko laguntza, beharrezkoa denean". Laguntza horri honako hauek gehitu behar zaizkio: hilean 200 euroko prestazioa seme edo alaba bakoitzeko, hiru urtera arte; Gaztelagun Programako alokairu-laguntzak, hilean 300 euroraino irits daitezkeenak; Haur Eskolen 0-2 urteko etapa doakoa izatea; ondorengo bakoitzeko zerga-kenkariak, edo kontziliazioaren arloan indarrean dauden neurriak.

Azkenik, Fernandezek nabarmendu duenez, "datu horiek ere oso garrantzitsuak dira; izan ere, egungoak bezalako zailtasun eta ziurgabetasun handiko uneetan, funtsezkoa da datu objektiboetan oinarritutako Euskadi positiboan proiektatzea. Itxaropena, proaktibitatea eta erresilientzia sustatzeko datu objektiboak, itxaropenik ezaren eta negatibotasunaren aurrean".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak