Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak bihar, osteguna, abuztuaren 24a, alerta laranja aktibatuko du Euskal Autonomia Erkidego osorako, baso-suteen arriskua dela eta

2023-08-23
  • Espero diren tenperatura altuek eta landaredia oso lehor egoteak eragin dute abisua
  • Era berean, Eusko Jaurlaritzak gaur, 15:00etatik 18:00etara, alarma gorria aktibatuko du Euskal Autonomia Erkidego osorako, muturreko tenperatura altuak direla eta 

Eusko Jaurlaritzak bihar, osteguna, abuztuaren 24a, goizeko 00:00etatik 24:00etara, alerta laranja aktibatuko du Euskal Autonomia Erkidego osorako, baso-suteak izateko arriskua dela eta. Bi faktoreren ondoriozko arriskua da: tenperatura altuak eta landaredia oso lehor egotea. Era berean, Eusko Jaurlaritzak gaur, asteazkena, 15:00etatik 18:00etara, alarma gorria aktibatuko du Euskal Autonomia Erkidego osorako, muturreko tenperatura altuen ondorioz. 

Egoera hori dela eta, baso-suteak izateko arrisku-indizeak oso handiak dira, batik bat su hartzeko arriskuarekin eta sua itzaltzeko zailtasunekin lotuta. 

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak landa-inguruneetan eta hiri-inguruetan surik ez egitea gomendatzen du, ezta sua eragin dezaketen jarduerak egitea ere. 

GOMENDIOAK: TENPERATURA ALTUAK (TENPERATURA ALTU IRAUNKORRAK ETA/EDO MUTURREKO TENPERATURA ALTUAK) 

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Osasun Sailaren nork bere burua babesteko gomendioak jarraitzea gomendatzen du, tenperatura altuen arriskua (tenperatura altu iraunkorrak eta/edo muturreko tenperatura altuak) eta eragin ditzaketen ondorio negatiboak saihestu edo arindu daitezen: 

https://www.euskadi.eus/informacion/plan-para-prevenir-los-efectos-del-calor-2017-recomendaciones/web01-a3visol/es/

Era berean, Euskalmetek bere web-gunearen bidez (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter bidez (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak) eguneratzen ditu iragarpenak. Jarraitzea gomendatzen dizuegu. 

HERRITARREI, ORO HAR: 

  • Ondo hidratatu! Edan maiz ura eta likidoak.
  • Jan elikagai arinak: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
  • Erabili arropa zabala, arina eta transpiratzen duena.
  • Saihestu kalera irtetea eta ariketa fisiko bizia egitea bero handieneko orduetan.
  • Irteten bazara, eraman burua estalita eta bilatu itzala.
  • Mantendu etxea fresko; jaitsi pertsianak eta itxi leihoak bero handieneko orduetan.
  • Bero handia baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
  • Eduki zure sendagaiak leku fresko batean.
  • Jarri arreta berezia haurtxoei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei eta bular-emaileei eta gaixotasun kronikoak dituztenei.
  • Bisitatu adineko pertsonak, batez ere bakarrik bizi badira.
  • Ez utzi inoiz pertsona bat edo abere bat aparkatuta eta itxita geratzen den ibilgailu baten barruan, nahiz eta itzalean egon.
  • Ordubetetik gora irauten duten eta beroarekin lotuta dauden sintomen aurrean, bilatu osasun-arreta eta egon leku fresko batean.
  • Norbait konortea galduta badago eta botaka ari bada, burua albo batera begira jarri eta libre utzi arnasteko bideak. 

Larrialdi kasuan, deitu 112 telefonora

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan