Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, uztaila beroa eta lehorra izan da

2023-08-01
  • Itsasertzean eguzki-orduak % 23 gutxiago izan dira
  • Uztailaren 6ko ekaitz gogorrek prezipitazioaren intentsitatean errekorrak eta 5 zentimetroko txingor-aleak utzi zituzten

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uztaila beroa eta lehorra edo oso lehorra izan da Euskadi osoan. Hala ere, ekaitz-zaparraden ondorioz, Arabako leku batzuetan uztaila hezea izan da, eta prezipitazioen balioak batez bestekoaren gainetik ibili dira.  

Euskalmeten arabera, uztailean batez besteko tenperaturak 20-21 ºC inguruan ibili ziren itsasertzean, eta Arabako Lautadan 19 ºC-tik gorakoak izan ziren. Balio horien ondorioz, Euskadi osorako anomalia positiboa 0,5 ºC-koa izan da 1981-2010 batez besteko normalaren gainetik. Uztaileko lehenengo hamabostaldian egun beroak izan ziren nagusi, eta bigarren hamabostaldian, aldiz, egun hotz ugari izan ziren.

Berorik handiena uztailaren 14an egin zuen, eta 30 ºC-tik gorako tenperaturak erregistratu ziren Euskadi osoan, mendialdeetan izan ezik (Gardea 38 °C; Orozko 37,6 °C). Hala ere, tenperatura-baliorik altuena hilaren 18an erregistratu zen, eta isurialde mediterranioan egin zuen berorik handiena (Zambrana 38,4 °C; Páganos 37,4 °C; Kanpezu 36,9 °C).

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa normala dena baino baxuagoa izan da itsasertzean, eguzki-orduak % 23 gutxiago izan baitira. Barnealdean, aldiz, intsolazioa normala dena baino zertxobait altuagoa izan da. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 161 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 135 eta Gasteizek 252.

Prezipitazioei dagokienez, uztailean erregistratu diren prezipitazio-kopuruen arabera, uztaila lehorra edo oso lehorra izan da Euskadiko tokirik gehienetan; salbuespenak Gasteiz, Arabako Lautadan Ozaeta eta Gaubean Tobillas izan dira, ekaitzek normala dena baino prezipitazio-kopuru handiagoak utzi baitzituzten. Hala ere, prezipitazio-kopuru esanguratsu horiek 2-3 egunetan erregistratu ziren lurraldearen barnealdean; itsasertzean, berriz, 8-9 egunetan izan da prezipitazioa, normala denetik hurbil.

Prezipitaziorik handieneko eguna hilaren 6a izan zen (Kanpezu 27,4 l/m² ordubetean), eta egun horretan sortutako ekaitzen ondorioz 5 zentimetroko diametrora arteko txingor-aleak ere bota zituen. Ekaitz horiek balio errekorrak utzi zituzten Euskalmeten estazio batzuetan, besteak beste, Eturan eta Ozaetan, eta uztailean ordubetean eta hamar minutuan botatako prezipitazioaren errekorrak hautsi ziren (Etura 20,9 l/m² ordubetean; Ozaeta 26,6 l/m² ordubetean). Bestalde, egun horretan bertan Arkautiko estazioan erregistratutako balioak (66,9 l/m²) serie historikoan egunean metatutakoaren errekor berri bat utzi zuen.

Muturreko meteorologiari dagokionez, uztailean Eusko Jaurlaritzak 7 abisu hori aktibatu zituen, horietako 4 muturreko tenperatura altuengatik eta 3 prezipitazio handiengatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak