Nerea Melgosa sailburuak memoria, biktimen duintasuna eta justizia soziala aldarrikatu ditu, ultraeskuinaren eta totalitarismoen aurkako borrokan ondare komun gisa
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Urduñako hilerriko lehen bost identifikatuak bere familiei emateko ekitaldian parte hartu du
- Hauek dira identifikatutakoak: Fructuoso LLorens Tolesano, Alfonso Tena Prieto, Manuel eta Salvador del Amo Jiménez anaiak, guztiak Badajoz probintziakoak, eta Alejandro Gómez Hidalgo, Toledo probintziakoa.
- Senitartekoen artean, 95 urteko Pedro del Amo egon da, eta haren DNAk bere aita, Manuel del Amo, identifikatzeko balio izan du. Pedrok osaba Salvador ere berreskuratu du gaur. Beste hiru seme-alaben DNAk balio izan du lehenengo identifikazio hauek burutzeko
- Orain arte, berreskuratutako 71 gorpuzkien bost biktima identifikatu ahal izan dira. Guztiak Urduñako espetxe frankistan hildakoak dira, non 225 pertsona hil ziren guztira, 1937-1941 bitartean, kontzentrazio esparru eta presondegia izan zen garaian
Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Urduñan izan da gaur goizean, herriko hilerriko lehen identifikatuak bere familiei emateko ekitaldian. Ondoan izan ditu Iker Santocildes, Urduñako alkatea, José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
Bost pertsona horiek identifikatu eta hobitik atera izana auzolanaren adibide bat da, sailburuaren hitzetan: "lankidetza publiko soziala, auzolana. Gure izateko, egoteko, egiteko modua dira. Modurik onenean, eraginkorrenean eta zuzenenean; fruituak eman dituena, ematen ari dena eta ematen jarraituko duena. Urduñan memoria historikoa berreskuratzeko proiektua eta kolunbario hau dira horren erakusgarririk onenak ". Melgosak esker oneko hitzak izan ditu erakunde publiko eta pribatu guztientzat, baita elkarte eta partikularrentzat ere, inplikazioagatik eta egindako lan eskergagatik.
Nerea Melgosa sailburuak bere hitzaldian azpimarratu du herriak konpromiso irmoa duela eskubide eta askatasunei balioa emateko: "Bat gatoz herri honen memoria historiko eta demokratikoari balioa ematearekin, baita askatasuna, demokrazia eta justizia sozialari ere; haien alde bizitza eman baitzuten milaka eta milaka gizon-emakumek ultraeskuinaren, totalitarismoaren, errepresioaren eta diktaduraren aurkako borrokan. Oroimenak, biktimen duintasunak eta justiziak guztion ondare izan beharko lukete ".
Horren erakusle da, sailburuaren hitzetan, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko Legea, "tresna berri eta indartsua", gaur egun Legebiltzarreko izapideen azken fasean dagoena, "adostasun politiko eta sozial zabala duen Legea, herri honetako gizon eta emakume gehien-gehienok bat gatozelako egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen nazioarteko zuzenbide humanitarioaren printzipioekin".
Melgosak berretsi duenez, Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bitartez, lanean jarraituko du Gerra Zibileko desagertuak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzeko, eta Urduñako hilerrian berreskuratutako 71 gorpuzkien identifikazio gehiago egotea espero du. Ekitaldian bertan egon diren eta etxekoak berreskuratzeko itxaropenari eusten dioten familiei zuzendu dizkie bereziki hitz horiek sailburuak. Gaur egun, Gogora Institutuak harremana du Urduñan hildako 50 familia baino gehiagorekin, DNA laginak hartzea eta erkatzea, gainerako 66 gorpuzkiak identifikatzeko.
Ekitaldiaren garapena
Iratxe Estradak aurkeztu du Duintasunaren Kolunbarioan egin den ekitaldia, Iñigo Arregiren Duintasuna eskulturaren ondoan. Ekitaldian Iker Santocildes alkateak parte hartu du, eta kontzentrazio-esparruko eta espetxeko biktimen oroimena eta duintasuna berreskuratzen udalerriak izan duen inplikazioa nabarmendu ditu. Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak, berriz, Urduñan 2014ko eta 2022ko kanpainetan egindako lokalizazio eta desobiratze lanez hitz egin du. Parte-hartzaileek eskerrak eman dizkiote, bereziki, bertako ikertzaile bati, Joseba Egigureni, Urduñan gertatutakoa berreskuratzeko egindako lanagatik eta biktimen familiak aurkitzeko erakutsitako kemenagatik.
Azkenik, identifikatutako bost lagunen senideek ere hartu dute hitza. Haien kasua kontatu dute, eta azpimarratzekoa da del Amo familiaren bilaketa; izan ere, Urduñan, 2014an, lehen gorpuak hobitik atera zituztela jakin zuenetik, haren bi anaia bilatzen aritu dira: Manuel eta Salvador del Amo anaiak. Gaur, Pedro 95 urteko semeak azkenean berreskuratu ditu etxekoen gorpuzkiak.
Ekitaldian familia bakoitzeko bi kidek jaso dituzte senitartekoen gorpuzkiak, dagozkien desobiratze txostenak eta Duintasuna eskulturaren erreplika bat ere jaso dituzte. Ohorezko aurreskuak amaiera eman dio emate une nagusiari eta ekitaldia Agur Jaunak doinuarekin eta lore eskaintza batekin amaitu da.
Bertaratutakoen artean, senideak, Eusko Jaurlaritzako eta Aranzadiko ordezkariez eta herriko alkateaz gain: Urduñako udalbatza osoa; Jon Hernandez, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea eta Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kidea; Nerea Ahedo, EAJ-PNVko senataria; Iker Casanova eta Arantzi Sarasola, Bizkaiko Batzar Nagusietako kideak; Miriam Baeta, UPV-EHUko Biomic laborategi genetikoko teknikaria; Joseba Egiguren, Urduñako kontzentrazio esparru eta espetxearen ikertzailea; Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Euskal Prospekzio Taldeko kideak, Urduñako desobiratzeez arduratu direnak, eta Intxorta 1937 eta Urduña 1936 memoria-elkarteetako kideak.
Desobiratze zifrak eta eta identifikazioak
Orain arte 71 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira bi indusketa-kanpainatan (2014 eta 2022). Horietako 5 identifikatu ahal izan dira, eta nabarmentzekoa da bost kasu horietatik lautan seme-alabek emandako DNAren bidez identifikatu ahal izan direla.
Gogora Institutuak lanean jarraitzen du identifikazio gehiago lortzeko. Horretarako, 50 familia baino gehiagoren laginak hartzea eta DNA erkatzea kudeatzen du, gainerako 66 familiak identifikatzeko.
Identifikatuen biografiak
- Fructuoso Llorens Tolosano, Urduñan identifikatutako lehena da, Badajozko Fuente de Maestrokoa. Nekazaria. 55 urte zituen, ezkonduta zegoen eta 4 alabaren aita zen. Etxetik atera zuten eta familiak ez zuen haren beste berririk izan. Gaur egun, oraindik bizi da bere alabetako bat, Juana Llorens, 94 urtekoa. Joan den otsailean eman zuen bere lagin genetikoa, Fructuosoren identifikazioa ahalbidetuz. Adinagatik Juana ezin izan da ekitaldira joan, eta bere izenean Fructuosoren bi iloba bertaratu dira.
- Manuel Del Amo Jiménez, Villagonzalokoa (Badajoz). 48 urte zituen, nekazaria zen, ezkonduta zegoen eta 4 seme-alaba zituen. 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten matxinada delitu batengatik.
- Salvador Del Amo Jiménez, Manuelen anaia, hau ere Villagonzalorena, Badajoz. 52 urte zituen, ezkonduta eta 3 seme-alabarekin. Nekazaria ere bai. 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten matxinadan laguntzea egotzita.
Manuel eta Salvador anaiak Castuerako (Badajoz) Espetxe Zentralean sartu zituzten 1939ko azaroaren 13an, eta urte bereko abenduan Urduñako Espetxe Zentralera eraman zituzten. Han hil ziren 1941ean, Salvador martxoaren 13an eta Manuel apirilaren 5ean.
Del Amo familiak Urduñako hilerriko 2014ko lehen desobiratzeei buruzko interesa agertu zuen; kasu honetan, Manuelen 95 urteko semearen, Pedro del Amoren, DNAk aita identifikatzeko balio izan du. Salvadorren kasuan, Pedroren DNA ez ezik, biloba baten lagina ere baliagarria izan da.
- Alejandro Gómez Hidalgo, Toledoko Carpio de Tajo herrikoa. 50 urte zituen, ezkonduta eta 4 seme-alabarekin. Nekazaria. Toledon egindako gerra-kontseilu batek 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zion. 1938ko abenduaren 7an sartu zuten Toledoko Probintzia Espetxean, eta 1939ko abenduaren 5ean Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten; 1941eko martxoaren 16an hil zen. Jesus Gomez semeak emandako DNAri esker identifikatu dute, gaur ezin izan da Urduñara hurbildu.
- Alfonso Tena Prieto de Don Álvaro, 47 urteko nekazaria, ezkondua eta 8 seme-alabaren aita. 1939ko abenduaren 29an sartu zuten Castuerako Espetxe Zentralean; gero, 1940ko otsailaren 3an, Urduñara eraman zuten, eta 1941eko martxoaren 23an hil zen.
Urte honen hasieran Antonia alabak emandako laginari esker identifikatu ahal izan da, baina zoritxarrez Aste Santuan hil da.
Urduñako kontzentrazio-esparruko eta espetxe frankistako biktimak
Identifikatutako bost biktimak 1941ean hil ziren, Urduñako Espetxe Zentralean. Aurretik, 1937tik 1939ra, leku hori, Aita Jesuiten ikastetxea kontzentrazio-esparrua izan zen. Presoak baldintza ankerretan bizi ziren: pilaketa, umiliazioak, gosea, hotza, gaixotasunak, esklabotza baldintzak (...) heriotza.
Gerraren ondoren eta 1941 arte, barruti hau espetxe zentral bihurtu zen. Presoen profila ere aldatu egin zen, identifikatutako biktimen kasuan ikus daitekeenez, jada ez ziren gerrako borrokalariak, adin guztietako herritarrak baizik, sindikalistak, nekazariak, politikariak edo erregimenaren etsaitzat jotzen den edozein pertsona izateagatik preso hartuak.
Ia 4000 gizon igaro ziren Urduñako espetxetik. Erregistroen arabera, 4 urteko aldi horretan (1937-1941) 225 pertsona hil ziren. Gehienak extremadurarrak ziren (127), eta Gaztela-Mantxatik (41), Andaluziatik (28) edo Kataluniatik (18) etorritako presoak ere nabarmentzen dira.
2014an, Urduñako espetxean hil ziren 14 pertsonaren gorpuzkiak desobiratu ziren; gaur egun kendu dituzten nitxoen artean geratzen zen kalean aurkitu zituzten gorpuak. Oraindik identifikatu gabe daudez, Duintasunaren Kolunbarioan lurperatu zituzten, 2022ko uztailean inauguratutako espazioan.
Baina bilaketa lanak ez ziren hor amaitu. 2022ko abenduan hilerriko beste gune bat arakatu zen, Urduñako Udalak eremu horretan eraikitako nitxo batzuk kendu ondoren, eta 57 gorpuzki berreskuratu ziren bertan.
Eusko Jaurlaritzak, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, areagotu egin zituen Urduñako espetxean hildako presoen senideak bilatzeko lanak, 71 biktimaren gorpuzkiak identifikatzeko. Extremadurako eskualdean egin ziren ahaleginak. Hala, 2023ko urtarrilaren 28an, Eusko Jaurlaritza, orduko sailburu Beatriz Artolazabal buru zuela, Castuerara (Badajoz) joan zen, Urduñako espetxean hildako presoen senide, memoria historiko eta komunikabideen aurrean hilerritik ateratzeko lanak aurkezteko. Bisitaren helburua zen 2014ko ekainean eta 2022ko abenduan egindako bi indusketa-kanpainetan berreskuratutako 71 pertsonaren gorpuzkiak identifikatzea.
Ahalegin horri guztiari esker, Gogora Institutuak gaur egun espetxean hildakoen 50 familia baino gehiagorekin du harremana, eta dagoeneko kudeatu zaie DNA laginak hartzea.