Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Hiru urteko epean unibertsitateko ikasleen % 86k bere gaikuntzari egokitutako enplegua duela antzeman du Lanbidek

2023-07-20
  • Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzuaren urteko txostenak erakusten du lan egonkortasuna 11 puntu igo dela
  • Promozio egresatuaren % 83 lanean ari da unibertsitateko ikasketak amaitu eta hiru urtera, eta % 7k ikasten jarraitzen du
  • Enplegu bat lortzeko batez besteko denbora jaitsi egin da promozio horretan; 9 hilabetekoa da, batez ere lanpostu egokituetan
  • Genero-arrakala: Aldeak mantendu dira, gizonek emaitza hobeak lortzen dituzte tasa nagusietan eta baita enpleguaren ezarpen eta egonkortasunean

Lanbide, Enplegu Zerbitzu Publikoak urtero egiten duen Unibertsitateko Ikasleen Laneratzeari buruzko azken Inkestak adierazten du % 86k enplegu egokitua duela (lan-trebakuntzako mailari dagokion enplegua) titulazioa lortu eta hiru urtera. Denbora tarte berean, bere gradu-ikasketei erabat egokitua dagoen enplegua lortu du %79k eta lortutako lan-egonkortasunean 11 puntuko igoera gertatu da; azken hamarkadako adierazlerik altuena.

Arestian aipatutakoak dira Lanbideren urteko txostenaren ondorioetako batzuk. Txosten hau, informazio-sistema oso eta asmo-handikoa da, 2000. urtean abian jarri zena, Estatuan bakarra eta Europan aipagarri. Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Mondragon Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan burutzen da, hiru urte lehenago graduko ikasketak amaitu dituzten pertsonei egindako inkesten bidez. Denbora hori nahikotzat jotzen da karrera profesional bat sektore edo lanbide jakin batera bideratzeko. Dokumentuak aukera ematen die Unibertsitateei, parte hartzen duten eta eragiten duten gizarte-errealitateari buruzko informazio egokia edukitzeko; bai ikasketen antolamenduari begira, bai curriculum-edukiak berritzeari begira eta baita titulazio-mapak aldatzeari begira. Eta, era berean, Lanbidek bere eginkizunetako bat betetzen du, hau da, lan-merkatuari buruzko informazioa ematea, estatistika-eragiketen eta administrazio-erregistroen bidez, guztiak ere lan-eremuarekin lotuta, Kabinete Teknikoaren bitartez. Esperientzia hori laster zabalduko da beste euskal unibertsitate-zentro batzuekin.

2019an ikasketak amaitu zituztenei zuzendutako azken inkestan, 8.512 pertsonak parte hartu dute; guztira, EAEko hiru unibertsitateetako 6.163 gaztek; horietatik % 59 emakumeak dira eta % 41 gizonak. Jakintza-arloaren arabera, ikasketak amaitu dituzten pertsonen sexu bereizketaren joera mantendu egiten da arlo guztietan, titulazio teknikoetan izan ezik; izan ere, horietan, ikasketak amaitu dituzten gizonak % 70 dira, eta emakumeak, berriz, % 30. Osasuna da emakumeen eta gizonen artean alderik handiena duen jakintza-arloa, %80 eta %20, hurrenez hurren.

7.083 pertsona lanean

2019 amaieran, Lanbidek kontsulta egin zuenean, 2019ko promozioaren % 83 lanean ari zen. Beste % 9k (800 pertsona) lan-merkatuan irteera profesional baten bila jarraitzen zuen, eta % 7 (590 pertsona) graduondoko bat, beste karrera bat edo oposizio bat ikasten ari zen inkesta egin zitzaion unean.

Ezagutza-arloen arabera aztertzen badugu, ikusten da tasaren hazkundea ezagutza-arlo guztietan gertatu dela: teknikoak % 91rekin eta osasuna % 89rekin dira lan egiten duten pertsonen ehuneko handienak dituztenak. Bestalde, sozialak eta humanitateak dira zifra txikienak dituztenak; % 77 sozialak eta % 79 humanitateak, baina hazkunde nabarmena izan dute, aurreko erregistroarekin alderatuta 5 puntu. Ekonomiko-Juridikoek eta esperimentalekoek emaitza oso onak lortu dituzte; lehenengoetan %83a da tasa eta bigarrenak 4 puntu igo dira % 81eko datua lortuz.

Langabezia-tasa % 10ekoa izanik, 2019ko promozioaren tasa 2018koarena baino 3 puntu txikiagoa da, eta 2019. urtearen amaieran jasotako langabezia-tasak berreskuratu ditu, 2016ko promozioari zegozkionak, hain zuzen ere. Inkestako datuak estrapolatuta, esan dezakegu unibertsitateko laneratzeak pandemiaren aurreko aldiko langabezia-tasen antzekoak erakusten dituela.

Unibertsitateko pertsonen egoera hobea enpleguari dagokionez, enplegu egokituaren hazkundean islatzen da, % 86raino igo baita. Are adierazgarriagoa da, ikuspegi kualitatibotik, lau pertsonatik hiru beren ikasketei egokitutako enplegu batean ari direla lanean; hau da, "norberarena" lantzen ari zirela. Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago lana aurkitzeko eta, batez ere, okupazioen maila altuenetan sartzeko.

Nabarmentzekoa da, Enpleguaren Egonkortasunari dagokionez, txostenetan jasotako serie historikoan erregistratutako daturik onena: Enpleguaren % 56 egonkorra da, 11 puntuko hazkunde nabarmenarekin, aurreko urteko datuaren aldean. Aurreko datuarekin alderatuta, emakumeen artean enplegu egonkorraren ehunekoa ere 11 puntu igo da, baina zifra txikiagoa izan da, % 51.

Lanaldi murriztuak

2019ko unibertsitate-promozioa nahiko erraz iritsi zen lan-merkatura; 9 hilabetetan batez beste, eta kasu gehienetan egokitutako postuetan. 2019. urtearen amaieran lanean zeuden pertsonen % 21ek lanaldi murriztua zuen, % 26a emakumeen kasuan.

Bataz besteko soldatak

Beste alderdi bat titulazioa lortu eta hiru urtera lortutako soldaten ebaluazioa da. Zehazki, sexuaren araberako batez besteko soldata garbiak (lanaldi osokoak) honako hauek dira:

Batez bestekoa 1.677 € da, 1.623 € emakumeen kasuan eta 1.741 € gizonen kasuan. Aztertutako hiru datuetan igoera gertatu da; 70 euro batez besteko soldatan, aurreko bi urteetan, aldiz, batez besteko horretan 10 eurotik beherako igoerak izan ziren. Datuaren bilakaeran azpimarratzekoa da azken bi urteetako pandemiaren urteak, joera-ildoak sexuen arteko alde txikiagoak ematen zituela. Aurten, soldata-arrakala berriro ere agerian geratu da, igoera nabarmenagoa izan baitu gizonen kasuan: 117 euro, emakumeen kasuan, berriz, 39 euro izan da.

Batez besteko soldata igoera hori jakintza-arlo guztietan banatzen da, osasunean izan ezik, aurreko datua ia errepikatu baitu. Berriz ere osasuna eta teknikoak dira, 1850 eta 1750 eurorekin, hurrenez hurren, emaitza onenak lortu dituztenak eta promozioko batez besteko soldataren gainetik daudenak.

Nabarmentzekoak dira honako 2 promozio hauek izan duten goranzko bilakaera eta bataz bestekoaren gainetiko igoeragatik: Giza Zientziak (200 euro) eta Ekonomia-Juridikoa (90 euro). Goranzko bilakaera garbia izan dute esperimentalek, aurreko urteko batez bestekoaren aldean 80 euroko hazkundearekin, baina 1600 euro gainditzen ez duen jakintza-arlo bakarra izaten jarraitzen du.

Hiru unibertsitateen txosten bateratua, zeinaren emaitzak hemen aurkeztu ditugun, Lanbideko webgunean kontsultatu daiteke. Baita gainerako txostenak ere: unibertsitate bakoitzekoa, jakintza-arlo edo fakultate bakoitzekoa, eta baita UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak eskaintzen dituzten titulazio bakoitzeko txostenak ere: 2019ko unibertsitate-promozioa

 

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-07-22

    Behar bezala balorizatu gabeko ikasketak daudenean, merkatuko gauzengatik ordaintzen dute, pentsatzeko lan batengatik baino gehiago, ez da ikusten, baina haien hutsunea nabaritzen da.

  • Argazkia Xaver
    2023-07-22

    Cuando haya estudios no valorizados adecuadamente paguen por cosas del mercado, más de pinche que por un trabajo de pensar no se suele ver pero se nota su ausencia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)