Hauteskundeak 2024
qrcode

Babes-dikea indartzeko obrak hasiko dira Ondarroako portuan

2023-07-19
  • 14 hilabeteko egikaritze-epea dute eta 3.998.635,10 euroko inbertsioa dakarte
  • Lan horietan aurreikusita dago 20 t, 45 t eta 60 t-ko blokeak fabrikatzea eta dikearen kanpoko mantuan jartzea, dikearen muturrean 60 t-ko blokeak jartzea eta espaldoiaren tarte bat handitzea
  • 2024ko udaberrira arte ez dira hasiko hormigoizko blokeak jartzen; aurten hasierako lanak egingo dira, eta eragin txikia izango dute udalerriko joan-etorrietan

Eusko Jaurlaritzak uztailaren bigarren hamabostaldian hasiko du Ondarroako dikea indartzeko obra. Obra honetan aurreikusita dago 20 t, 45 t eta 60 t-ko blokeak fabrikatzea eta dikearen kanpoko mantuan jartzea, dikearen muturrean 60 t-ko blokeak jartzea eta portu honetako dikearen espaldoiaren tarte bat handitzea.

 

Ondarroako dikearen ikuspegi panoramikoa

Gaur egun, Ondarroako babes-dikea kostaldearen lerrokadurarekiko paralelo dagoen 166 m-ko luzerako lehen tarte zuzen batek osatzen du, eta, 2016ko larrialdiko obren ondoren, 20 t-ko blokeek babesten dute, baita era berean zuzena den 145 m-ko luzerako bigarren tarte batek ere, kostaldearekiko perpendikular eraikita eta 40 t-ko hormigoizko blokeekin babestuta.

Lehen tarte horrek dike mistoaren tipologia du, eta horren espaldoia, indartu ondoren, +14,50 m-ko kotan koroatzen da. Gainera, oso gainezkatze nabarmenak izaten dira denborale handien ondorioz, eta horiek areagotu egin dira 2014 ezkero eta bizitzen ari diren larrialdi klimatikoko egoerengatik. Orobat, gainezkatzeak larriagotu egiten dira blokeak etengabe galtzen direlako, batimetrian kanoi bat dagoelako, bi lerrokaduren bihurgunean harkaitz bat dagoelako eta azpi harritsuek peraltatutako olatuak daudelako (horrek dikearen estradosean dauden portuko instalazioei eragiten die).

Eusko Jaurlaritzak 2021ean enkargatu zuen Ondarroako portuko babes-dikea indartzeko proiektua. Proiektu horretan, ezpondak indartzeaz gain, gainezkatzea minimizatzea aurreikusten zen, jasangarritasunaren, ingurumenaren eta ikus-inpaktuaren muga onargarrien barruan. Dikearen egungo egoera eta proiektatutako soluzioaren portaera zehatz-mehatz ezagutzeko, 3D eredu fisikoan egindako saiakuntza bat egin zen.

    

3D eredu fisikoaren irudiak

Proiektuak 60 t arteko pisuko eta 2,75 t/m³-ko dentsitateko hainbat bloke jartzea aurreikusten du. Blokeak jartzeko, 600 t-ko ahalmeneko garabi bat erabili beharko da.

Gainezkatzea murrizteko, planteatzen da espaldoia 1,50 m handitzea +16,00 kotaraino, mikropiloteekin josita. Handitze-jarduera hori izango da portuko zeregin nagusia 2023. urte honetarako, blokeak 2024ko udaberrian/udan jarriko baitira.

Typsa ingeniaritza-enpresak idatzi zuen indartze-proiektua, eta Obraren Zuzendaritzarentzat laguntza teknikoko lanak ere egingo ditu. Obraren kontratua DIQUE ONDARROA (Amenabar-Altuna-Uria) aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatu zaio, 3.998.635,10 euroko aurrekontuarekin eta hamalau hilabeteko egikaritze-epearekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak