Berriak Osasun eta Kontsumoa

Erralde Durangoko Hiltegia S.L. elikadura establezimenduari jardunerako baimen sanitarioa eteteko ebazpena

2012-01-11

2010ean eta 2011n zenbait bilera egin ditu Osasun Publikoko Zuzendaritzak ERRALDE DURANGOKO HILTEGIA SL hiltegiko arduradunekin, azkena, abenduaren 19an. Bilera horietaz gain, etengabe egon dira harremanetan hiltegiko teknikari eta arduradunak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzako teknikariak. Harreman horien helburu nagusia izan da hiltegiko hutsuneak aztertu eta horiek konpontzeko epeak ezartzea. Hutsune horiek, dena den, 2007a baino lehenagotik aritu dira atzematen eta Erraldeko arduradunei esaten. Hala ere, oraindik ez dira horietako gehienak konpondu, eta ez dago behar bezalako zuzenketa-planik.

2008an hiltegia bisitatu zuen Europar Batasuneko Albaitaritza eta Elikadura Bulegoak (FVO), eta ordura arte Osasun Saileko Osasun Publikoko teknikariek atzemandako hutsune berberak ikusi eta berretsi zituen, eta establezimenduak hutsuneak konpontzeko eperik ez zuela bete kontsideratu zuen.

Abereak hiltzeko eta haragia laurdenkatzeko prozeduretan atzemandako hutsuneei hiltze-kateko egitura-akats bat gehitu behar zaie (horren berri ere eman zuen FVOk); hortaz, gaur egungo baldintzetan, ezinezkoa da indarrean dagoen legea betetzea. Hiltegi berri bat eraikitzea da hiltze-kate bat edukitzeko aukera bakarra, indarrean dagoen arautegia betetzeko. Izan ere, beharrezkoa den egitura-aldaketarik ezin da egin, Durangon, gaur egun, hiltegia dagoen lekuan.

2007an jada, proposatu zen Berrizen beste hiltegi bat egitea, gaur egungo kokalekuaren ordezko aukera bakartzat. Baina, egia esan, eraikitzen ere ez dira hasi oraindik, ez baitago eraikitze-proiekturik, ez eta beharrezko finantzabiderik ere, obra hori egiteko. Eraikiko den ziurtatzerik ez dagoenez, bi urteko epean jarri beharko bailitzateke zerbitzuan, eta Erraldeko hiltegiak gaur egun dituen egitura-baldintzekin bere jarduera jarraitzeak osasun publikorako izan dezakeen arriskua kontuan hartuz, 2012ko urtarrilaren 14tik aurrera ERRALDE DURANGOKO HILTEGIA SL establezimendua ixteko eskatu behar izan du Osasun eta Kontsumo Sailak.

Teknikariek egindako ikuskapen-txosten eta -aktek, azkena 2011ko abenduaren 7an egin zen, erakusten eta egiaztatzen dute prozedura-, mantentze-lanetako eta higiene-irregulartasun asko daudela, jarduera okerrak egiten direla, eta gainera, gehienak, ez direla erremediatu ere egin, azken urteetan.

2011ko abenduaren 14an Erralde Durangoko Hiltegia SL enpresak bere alegazioak eta abenduaren 7ko aktan jasotako akatsak konpontzeko abian jarri nahi dituen neurri zuzentzaileak helarazi zituen.

Neurriak aztertu ondoren, esan behar da ez direla nahikoak instalazioak eta prozesuak indarrean dagoen arautegiak eskatutakoetara egokitzeko. Horregatik guztiagatik ebatzi da Erralde Durangoko Hiltegia SL establezimenduari jardunerako baimena etetea eta jarduera geldi dezan erabakitzea, harik eta 2011ko abenduaren 7ko ikuskapen-aktan jasotako hutsuneak konpontzen ez dituzten arte, eta beste hauek betetzen ez dituzten arte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 852/2004 (EE) Erregelamendua, elikadura-produktuen higieneari buruzkoa eta 853/2004 Erregelamendua, abere-jatorriko elikagaien higieneari buruzko arau espezifikoena.

Jarduketa hori, esan behar da, 2009an Euskadin abian jarri zen hiltegien plan bereziaren parte dela, EAEn dauden 10 hiltegien egoera estatuko eta Europako arautegietara egokitzeko. EAEko beste hiltegiak hasi dira hobetze-planak gauzatzen, zeinak, kasu askotan, obrak egin eta beren prozedurak berrantolatu behar izan dituzten.

Osasun eta Kontsumo Sailak konturatzen da eta badaki hiltegi hori ixteak zer eragozpen sor dakiekeen eskualdeko ganaduzale eta harakinei. Baina, 2007az geroztik, lan-bilera asko egin dira Erralde Durangoko Hiltegia SL enpresako jabe eta langileekin, eta behin baino gehiagotan eskatu, indarrean dagoen arautegia betetzeko adinakoa izango den plana egiteko. Hala ere, ez dute horrelakorik egin, momentuz. Ingurumen, Lurralde Politika, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin uneoro harremanetan egon gara, gaur egungo hiltegiari alternatibak bilatzeko, baina orain arte ez dugu lortu gaur egungo jabeek eskualdean beste hiltegi bat eraikitzeko proiektu bideragarri bat aurkezterik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan