Eusko Jaurlaritzak 15,3 milioi euro erabiliko ditu nekazaritza, elikagai, arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko (Gobernu Bilera 2023-7-18)
- LEHIATU INBERTSIOA programa Euskadiko Elikagaien Katearen eta basoen sektore guztiei dago zuzenduta, eta produktu berriak garatzeko inbertsioak lagunduko dira diruz
Gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua onetsi du. Horren bidez, nekazaritza, elikagai, arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatu, garatu eta merkaturatzeko 2023ko dirulaguntzak deitu dira, LEHIATU INBERTSIOA programaren barruan.
Euskadiko Elikakateko industriei zuzendutako programa da, urte baterako edo zenbait urtetarako izan daitekeen inbertsio-programa baten bidez produktuak eraldatzeko prozesuak optimizatzeko eta horien merkaturatzea hedatzeko helburuarekin. Zehazki laguntzak honako hauetara daude zuzenduta:
- Nekazaritza eta basoko produktuak eraldatu, merkaturatu edo garatzeko inbertsioak.
- Arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioak.
- Jatorri gisa honako hauen nahasketa duten produktuetarako inbertsioak: nekazaritzako produktuak, arrantzakoak, akuikulturakoak, ur mineral naturalak, edari ez-alkoholikoak edo nekazaritza-produktuetatik abiatuta hartzitutakoak (ardoa izan ezik).
- Nekazaritza eta elikagaien industrietan elikagai ekologikoak eraldatu, garatu eta merkaturatzeko inbertsioak.
LEHIATU INBERTSIOA 2023 programarako erabiliko den aurrekontua 15.300.000 eurokoa da; laguntza-ildoaren modalitatearen arabera, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) edo Arrantza eta Akuikulturako Europako Itsas Funtsaren (AAEIF) kargura kofinantzatuko da.
Onuradun izan daitezke honako pertsona fisiko edo juridiko hauek: nekazariak edo beren taldeak, nekazaritzako kooperatibak edo nekazaritza eta elikagaien enpresak, mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadurako Industrien Erregistroan (NEIE) sartuta dauden ekoizpen establezimenduetan inbertsioak egiten dituztenak, edo inbertsioa aipatutako erregistroan erregistratu daitekeen establezimendu berri bat irekitzeko den kasuetan.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak aurkezteko epea irekita egongo da 2023ko abuztuaren 3tik irailaren 4ra arte (astelehena).
Eskaera bakarra egongo da establezimendu eta jarduera bakoitzeko. Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza elektronikora sartuz aurkeztuko dira, eta eskaera izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazioak eta gainerako dokumentazioa eskura egongo da https://www.euskadi.eus/servicios/0034209 helbidean.