Euskadin kalitate gastronomikoa sustatzeko GASTROBIKAIN laguntzak deitu dira 600.000 euroko zuzkidurarekin (Gobernu Bilera 2023-7-18)
Eusko Jaurlaritzak Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua onetsi du. Horren bidez kalitate gastronomikoa sustatzeko programaren (GASTROBIKAIN) minimis erregimenean sartutako 2023rako laguntzen deialdia egin da.
Laguntza horien helburua da ekonomikoki laguntzea gastronomia eta elikagaien sektoreko estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak. Horretarako, bi laguntza-mota ezarri dira:
- Kalitatea identitatearen adierazgarria den establezimendu gastronomiko berria martxan jarriko duten gastronomian edo ostalaritzan titulua duten pertsonek hasitako proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programa.
- Bikaintasuna finkatzeko programa, aitortutako ibilbide eta kalitatea duten establezimendu gastronomikoak laguntzeko, beren kalitatearen aitorpena hobetzeko helburuarekin, bereziki gastronomiako gidetan eta nazioartean aitortutako bikaintasun gastronomikoko rankingetan.
2023ko GASTROBIKAIN laguntzetarako aurrekontu-zuzkidura 600.000 eurokoa da, eta honako zenbateko hauetako dirulaguntzek osatzen dituzte:
- Gastronomiako negozioen proiektu berriak: diruz lagundu daitekeen inbertsioren % 40 gehienez, gehienez 50.000 eurorekin proiektu bakoitzeko.
- Bikaintasuna finkatzea: diruz lagundu daitekeen inbertsioren % 40 gehienez, gehienez 80.000 eurorekin proiektu bakoitzeko.
Eskaerak aurkezteko epea:
Eskaerak aurkezteko epea irekita egongo da 2023ko abuztuaren 5etik urriaren 4ra arte.
Eskaeren inprimakiak eta deialdiari buruzko informazio guztia eskura egongo da honako webgune honetan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratzen denetik: www.euskadi.eus/servicios/1075906.