Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakaria eta Alain Rousset Nouvelle Aquitaineko presidentea Europako Garraio komisarioarekin bilduko dira bihar

2023-07-18
  • Osakidetzako OPEa Legebiltzarrean akordatutako irizpideetan oinarritzen da 
  • Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko telelanari buruzko Dekretua onartu du

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

Bozeramaileak jakitera eman du Lehendakariak Gobernu Kontseiluari jakinarazi diola, bera eta Alain Rousset Nouvelle Aquitaineko presidentea Europako Garraio komisarioa den Adina Veileanekin elkartuko direla bihar.

Zupiriak azaldu du bilera bideokonferentzia bidez egingo dela eta Iberiar penintsula eta Frantziako hego-mendebaldea lotu beharko dituen korridore atlantikoarekin lotutako gaiei errepasoa egitea duela helburu. Proiektu hori trantsizio ekologiko eta energetikoen helburuen barruan dago eta 1996an sortutako Europa barneko Garraio Sarearen parte da.

Bingen Zupiriak adierazi duenez, bilera horretan, lehendakariak eskatuko du Bordele-Hendaia-Gasteiz interkonexioa 2030erako garaiz eta modu egokian egitea eta lehentasuna ematea mugaz gaindiko interkonexio horiei Europa barneko Garraio Sarearen (TEN-T) esparruan egiten diren inbertsioen artean. Era berean, interkonexio horren egungo gauzatze-egoerari buruzko kezka azalduko du lehendakariak, eta abiadura handiko linea berri bat eraikitzearen beharra azpimarratuko du, Bordele-Akize eta Euskal Y-a lotuko dituena, Europako araudian jasotako konpromisoak errespetatuz eta elkarreragingarritasuna bermatuz.

OSAKIDETZAKO LEP

Osakidetzako LEPetan antzemandako gorabeherei dagokienez, Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du gorabeheren berri izan bezain laster Osakidetzaren webgunean argitaratu zela horri buruzko informazioa, eta zegokion epaimahaiak horiek konpontzeko hartu zituen erabakiak zehaztu zirela.

Bingen Zupiriak gogorarazi du Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoak Eusko Legebiltzarrak onartutako prozeduraren arabera egin direla. Hala, adierazi duenez, gorabehera horiek Osakidetzaren egituraren kontroletik kanpo daude, "probak eta azterketak egiteko ardura duten epaimahaien erantzukizuna dira betiere hautagai guztien arteko berdintasuna bultzatzeko helburuarekin", adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 830.000 euro bideratuko ditu programa esperimentalak finantzatzeko bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko. Bingen Zupiriak azaldu duenez, programa honi esker inklusio-sistema egituratzen duten eragileak indartu nahi dira, herritar kalteberenen babesari eutsi eta azken urteotan bizi izan den krisi-egoeraren ondorioz sortu diren premiei erantzun.

Bestalde, gaurko Kontseiluak Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langile guztientzat telelanaren formula arautuko duen Dekretua onartu du. Dekretu honek erreferentziazko gutxieneko neurri batzuk jasotzen ditu eta ondoren, gutxieneko horiek sektore-eremu bakoitzaren berezitasunetara egokitu beharko dira. Bozeramailearen hitzetan, dekretu berri honek telelanaren modalitatean sartzeko aukerak zabaltzen ditu eta eremu publikoko, erakunde autonomoetako, hainbat sektoretako (Hezkuntza, Osasuna, Segurtasuna eta Justizia) eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako langile gehiagotara iristen da.

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko Sailaren eskutik, Jaurlaritzak hiru laguntza-lerro onartu ditu beste hainbeste sektorerentzat:

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak (ITSASPEN programa) deitu dira 2023rako, bi partidatan banatuta: itsasertzeko ekonomia eta biztanleentzako oinarrizko zerbitzuak ezartzeko laguntzak, eta itsasertzeko ondarea zaindu eta hobetzeko laguntzak. ITSASPEN programarako urrikusita dagoen partida 500.000 eurokoa da 2023ko ekitaldirako.

Bestetik, kalitate gastronomikoa sustatzeko laguntzen deialdia ere egin da gaurkoan, GASTROBIKAIN programaren bidez, 600.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin. Laguntza horien helburua da sektore honetan eta elikadurarenean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak diruz laguntzea, proiektu gastronomiko berriak sustatuz eta ibilbide eta kalitate aitortua duten establezimendu gastronomikoetarako bikaintasuna finkatzeko programaren bidez.

Eta, azkenik, Jaurlaritzak erabaki du 15 milioi euro erabiltzea nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko. LEHIATU INBERTSIOA izenez ezagutzen dira, industriara zuzenduta daude eta produktuak eraldatzeko prozesuak optimizatzeko eta horien merkaturatzea hedatzeko helburuarekin sortu zen programa bat da.

Ekonomia arloari lotuta, Jaurlaritzak erabaki du Finantzen Euskal Institutuak "Bidasoa Bidco S.A." enpresa 7M €-rekin finantzatzea kable-lineak zuntz optiko bihurtzeko, Euskadiren lehiakortasuna hobetuz eta  sarea bizkorrago eta egonkorrago hornituz. Inbertsioaren finantzaketa, guztira, 41,5M €-koa izango da bi urteren buruan (2023 eta 2024) eta Finantzen Euskal Institutuak inbertsioaren tarte bat kofinantzatuko du, "Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoa" dela uste bait du.

Era berean, Gobernuak 20.000 euroko zuzeneko dirulaguntza bat onartu du gaurkoan, Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkarteari Sirian eta Turkian izan berri den lurrikarak kaltetutako eremuetara elikagaiak bidaltzeko egindako lanaren ondorioz sortutako garraio-gastuak ordaintzeko. Kalkuluen arabera, 85.000 pertsona zauritu eta milaka desagertu izan dira eskualde horretan.

Eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskutik gaurko bileran onartu diren hainbat gai.

Alde batetik, Euskadiko ekonomia eta enplegua berreskuratzeko Berpiztu programaren barruan, 700.000 euroko dirulaguntza emango zaio Artziniegako Udalari, Artziniegako monumentu-multzoa hobetzeko esku-hartzeak finantzatzeko. Jarduera hauek egingo dira egitasmo honen barruan: Kultur Etxea egokitzea eta hobetzea, eta Ortiz de Molinillo dorrean esku hartzea, hura berriro hotel bezala irekitzeko.

Gainera, 650.000 euro bideratzea erabaki da Getariko Balenciaga Museoaren instalazioak berritzeko. Helburua da museoa eraikinei eta ingurumenari buruzko egungo araudira egokitzea eta horretarako instalazioen eraginkortasuna hobetuko da bildumaren narriadurari eta kalteei aurrea hartutzeko.

Eta atal honetan azkeneko erabaki bat: milloi bat euro gehiago inbertitzea erabaki du Gobernuak gaur “Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporánea de Bilbao, S.L.” erantzukizun mugatuko sozietateko kapital gehikuntzan. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 1.663 partaidetzako harpidetza izango ditu sozietate honetan. Helburua: era guztietako artelan eta sorkuntza artistikoak erosi eta ustiatzea da, baita erakusketak eta arte-erakusketak antolatzea ere.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

2 iruzkin
  • Argazkia Maria Isabel Irigoyen Duran
    2023-07-19

    Excellent appourt Monsiur Eldekarri Iñigo Urkullo .
    Gracius

  • Argazkia Maria Isabel Irigoyen Duran
    2023-07-19

    Excellent appourt. Gracius Monsiur Eldekarri Iñigo Urkullo ....

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak