Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Bikoiztasunak aztertzeko Eusko Legebiltzarreko Batzordea

2012.eko urtarrilak 11

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Carlos Aguirrek, euskal egitura instituzionaleko bikoiztasunak eta ez-eraginkortasunak aztertzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean parte hartu du. Batez ere hiru aztergai nagusi izan ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko harreman finantzarioak; euskal finantza- eta erakunde-ereduan eragin aipagarria duten legeak eta arauak; eta administrazioek zerbitzuak eskaintzeko darabiltzaten ereduetan eragina izango duten era askotako beste hainbat faktore.

Gaur egungo egoera ekonomikoa zehatz-mehatz aztertu du, eta adierazi du legegintzaren arloan, finantzen arloan eta zergen arloan badirela tresna batzuk, zuzen erabiliz gero, Euskadiko administrazio publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak arrazoi legez antolatzeko bidea eman dezaketenak. Manuel Salinero Lehendakaritzako idazkari nagusiak, aurretiaz, Bikoiztasunen eta Eragimengabezien Txostena aurkeztu du.

Sailburuak azpimarratu du harreman finantzarioen sistemak adostasuna duela oinarri, eta, kontzeptuz, ona izan dela eta ondo ibili dela, baldin eta bi baldintza hauetako bat gutxienez betetzen bazen:

-          Finantzen aldetik eroso ibiltzea, 2008. urtean gertatu zen moduan.
-       Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien artean halako homogeneotasun politiko bat egotea.

 

Gaur egun, ordea, baldintzak bestelakoak dira; eta horrek zer dakarren? Baliabideak euskal herritarren lehentasunetara berbideratu ezinik ibiltzea; eta, krisi-garaitan, finantzak desorekatuta egotea. Azkenean, bateko eta besteko, eredua ez da behar bezain eraginkorra, eta hori zuzendu beharra dago. Gobernuaren eragimena da ekonomia baten aberastasun- eta garapen-maila ondoen erakusten duen adierazleetako bat.

 

Krisi ekonomikoak, gainera, garbi-garbi erakutsi du sarrerak eta gastuak erabat desorekatuta daudela eta egituran ere badugula zer osatua, batez ere Eusko Jaurlaritzan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontutik ordaintzen baita zerbitzu publikoen zatirik handiena, zatirik handiena bai gizartetik begiratuta bai kopuruen aldetik, esate baterako, Osasuna, Hezkuntza eta Segurtasuna.

 

Datozen hilabeteetan, finantza-harremanen ingurumari osoa definituko duten oinarrizko hiru arau negoziatu beharko dira: Kupoaren Legea, Ekarpenen Legea (biak ere 2012-2016rako) eta Udalen Legea. Baliteke hiru arau horiek beste batzuk aldatu beharra eskatzea, batez ere Lurralde Historikoen Legea.

 

LHLn dago zehazturik non hasten eta amaitzen den joko-zelaia. Beste alde batetik, finantza-harremanak Herri Dirubideen Euskal Kontseilutik bideratzen ditu, eta oso tresna baliotsua izan daiteke hori, erakundeen arteko akordioetarako beharrezko dirua jartzeko. Baina, gure erakundeak gobernatzen dituzten agintariak bakoitza alderdi politiko batekoa denez, gaur egun, akordio horiek konplexuagoak dira.

 

Erakundeetako maila baten eta bestearen arteko eragimen-gabeziak eta bikoiztasunak zuzenduko baditugu, aurrekontuetan hartu beharko ditugu horretarako neurriak, eta, gainera, bikoiztasunak erakundeen artean gertatzen direnez, erakunde horiek koordinaturik jardun beharko dute.

 

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak berebiziko zeregina izan dezake. Batetik, erakundeen artean akordioak egin ahal izateko, igarritako bikoiztasunak arrazoi legez antolatzearren eta zuzentzearren. Bestetik, lehentasunezko politikak zein diren adosturik, politika horiek aurrera eramateko beharrezko diruak inguratu ahal izateko mekanismoak martxan jartzeko. Hartara, euskal administrazio publikoek berentzat antolatua duten finantza-egitura konplexuari malgutasun handiagoa ematea lortuko da.

 

Erakundeen sarearen barruan, administrazio bakoitza da proportzioz banatu zaizkion baliabideak behar bezala erabiltzearen erantzule. Elkarrekin koordinatu gabe jardun, eta zerbitzu bera emateko diren egiturak edo tresnak aldi berean erabiltzetik etor daiteke erabilera okerra, bikoiztasuna erakunde maila berean edo maila ezberdinetan ere gerta baitaiteke.

 

Horixe da gakoa, erakunde bakar baten politiken bidez ere bultzatzen delako sarri askotan bikoiztasuna, lurralde-eremuari begira antolatzen dituelako egintzak, zerbitzuak eta azpiegiturak, baliabideak behar bezala banatzeari begira baino. Autonomia-erkidegoko aurrekontu orokorrek inbertsioak lurraldekatzera eramaten du, eta askotan, foru-erakundeek eskatzen dute koefiziente horizontalak beren lurraldeetara ia-ia milimetrikoki eramatea. Alegia, zenbat jarri, hainbat jaso.

 

Ezinbestekoa da erakunde bakoitzeko arduradunek, bakoitzak berean, interbentzio publikoa egiteko modua aztertzea, bikoiztasunak identifikatu eta errotik erauzi ahal izateko.

 

Erakunde bat baino gehiago jardun berdinean ote dabilen aztertu behar da.

 

Carlos Aguirre-k egindako marrazkiaren arabera, banatzeko baliabide ekonomikoak gutxiago izango dira, eta lehentasunak, bestelakoak. Halere, baliabideak aldatuta ere, gure finantza-ereduak aldaezina dirudi.

 

Izugarrizko baliabide mordoa dago gure herritarren esku, baina Eusko Jaurlaritzak, zergen bidez finantzatuko direnez, ez du haien gaineko erabakirik hartzeko inongo aukerarik; Euskadiko, Espainiako eta, dudarik gabe, Europako beste edozein administraziok baino are gutxiago.

 

Hori dela eta, ezinbestekoa da erakundeen eskumenen balantzearen eta eskumen horiek finantzatzeko ereduaren artean lotura egotea. Fiskalitate kontuetan erantzukizuna denen artean banatuta egongo bada, derrigorra da erakunde-maila bakoitzak ondo orekatuta edukitzea gastuak eta sarrera-ahalmena. Alegia, fiskalitateko erantzukizun-kidetasun handiagoa izango da gastua egiteko eskumena parekoa bada erakunde-maila horri agindutako zerbitzuak eta ondasunak finantzatzeko beharrezko sarrerei buruz erabakiak hartzeko gaitasunarekin.

 

Harrigarria eta anakronikoa ere bada, sistema federal gehientsuenen aldean, gastu kontuetan eskumen gutxien dituen erakunde-mailak izatea -gure kasuan, aldundiak- eskumena daukatenak Euskadiko administrazio publikoen diru-sarrera gehienen inguruko erabakiak hartzeko.

 

 

Bestalde, frogatuta dago gastua murriztuz baino ez daitekeela defizita konpondu, hori da bide bakarra, hurkoari laguntzeko ereduari uko egin nahi ez badiogu, behintzat. Eta hortxe kokatzen da eztabaida fiskala. Euskal erakundeak gai balira behar duen bultzada emateko eztabaida horri, bertan konponduko lirateke gaur egun Euskadiko finantzazio-eredu publikoak dituen arazo gehien-gehienak.

 

Eta, halere, ezinbestekoa da gastuaren aldetik ekitea. Paradigmatikoa da ildo horretan Eusko Jaurlaritzak hartu duen bide irmoa. Aurrekontu orokorretan, aurreko hamarkadan, gastuak, urtez urte, ia bi digituko gorakadak izaten zituen; orain, berriz, urtez urte aurreko urteko aurrekontua sistematikoki eta nahitaez murrizteari ekin dio.

 

Zorrotz jokatu du horretan Jaurlaritzak, baina bada garaia erakundeen arteko koordinazioari ere heltzeko. Eusko Legebiltzarrak, euskal herritarrak ordezkatzen dituen erakunde gorena izanik, oso mekanismo ahaltsuak ditu eskura, sektore publiko arrazionalagoa, posibilistagoa eta errealitate berriaren araberakoagoa sortzeko.

 


 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)