Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Eusko Jaurlaritzak sagardoari babesa eman dio, kalitate handiko produktua eta Gipuzkoako turismoaren elementu bultzatzailea den heinean

2012-01-11

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak gidatu du sagardotegi-denboraldi berriaren aurkezpena, beste zenbait pertsona ospetsurekin eta erakunderekin batera.

Julian Iantzi izan da txotxaren protagonista, eta horrenbestez lehen kupela ireki du 2012ko Sagardo Berriaren Egunean. 

Eusko Jaurlaritzak sagardoaren aldeko apustua egin du, kalitate handiko nekazaritza-elikagaia izanik Gipuzkoako hainbat udalerriren ekonomiaren bultzatzailea delako, eta, zalantzarik gabe, sasoiko erakargarri turistikoa delako; Merkataritza eta Turismoko sailburuorde PIlar Zorrillak apustu hori berretsi nahi izan du, Sagardo Berriaren Egunean bertaratuta.

Izan ere, sagardoaren gozamena izan da, besteak beste, azken urtean garatutako esperientzia turistikoetako bat. Bisitari eta turistei bizipen bakarra eta horregatik oroigarria eskaini nahi zaie, sagardoaren kultura ezagutu dezaten, euskal tradizioaren erritu osoa bertatik bertara biziz, txotx oihu eginez kupeletik zuzenean sagardo-trago bat zerbitzatuz, eta jende berria ezagutzearekin batera sagardotegietako menuak dastatuz.

Dastaketa gidatu edo probaketa bat egitea, Astigarragako Sagardoetxea sagardoaren Museoa bisitatzea edo Igartubeiti baserria bisitatzea ere proposatu nahi izan dituzte, turistak leialtzeaz gain turismoaren urtarokotasuna haustea ahalbidetzen duen esperientzia paregabe horren osagarri.

Txotxaren aurretik prentsaurrekoa egin da, uzta berria eta sagardotegi-denboraldi berria ofizialki aurkezteko, eta Pilar Zorrilla izan da ekitaldi horren buruan, beste zenbait pertsona ospetsu eta erakunderekin batera. Besteak beste, Astigarragako alkate Andoni Gartzia, Arrantza eta Elikadura Industrietako sailburuorde Jon Azkue, Gipuzkoako Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatu Jon Urigüen, Sagarduneko sagardogileen bozeramaile Joxe Angel Goñi eta 2012ko Sagardo Berriaren Egunaren protagonista Julian Iantzi bertaratu dira aurkezpen-ekitaldi ofizialera.

Zehazkiago, Astigarragako Sagardoetxean 2011ko uztaren ezaugarriak aurkeztu dira; horrela, txotxaren denboraldi berriari hasiera eman zaio, eta sagardo berriaz gozatzen hasteko unea iritsi da. Aurtengo protagonista Julian Iantzi aurkezlea izan da, eta lehen kupela ireki du "Gure Sagardo Berria" oihu egitearekin batera.

Aurten, euskal sagastien produkzioa iazkoaren antzekoa izan da, eta sagardogileek produkzioari eustea lortu dute izurriteei aurrea hartzeko lanen bitartez. Giroa eguzkitsua izan da, oro har, eta euria, berriz, neurrizkoa; horri esker, sagarren elementu aromatikoen kontzentrazio egokia lortu da, eta, horren ondorioz, fruta-gustuko sagardo freskagarria sortu da. Euskadin, 10 milioi litro sagar produzitu dira, gutxi gora behera, 2011ko uztaren parean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 11.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)