Lanbideko Aholku Batzordeak egiaztatu egin du beharrezkoa dela ETEetan prestakuntza-ekintzak areagotzea, erronka berrietara egokitzeko
- Futurelanek 2033ra arte eguneratu egin ditu enplegu-aukeren proiekzioak, zertarako eta enpresek zein prestakuntza-zentroek beren baliabideak joera-aldaketetara egokitu ditzaten
Lanbideren prestakuntza-beharrak aztertu eta hautemateko Aholku Batzordeak egiaztatu egin du ETEek (Euskadiko produkzio-sarearen % 84 osatzen dute) prestakuntza-programetarako sarbidea indartzen dutela eta azkarrago egokitzen direla gertatzen ari diren joera-aldaketetara. Halaber, Futurelan enplegu-zerbitzu publikoaren tresna eguneratu du.
Aipatu batzordea legegintzaldi honetan berraktibatu egin da. Aldian-aldian biltzen da, eta enplegu-politika aktiboak eraldatzeko foro gisa sortu da. Bertan parte hartzen dute bai Lan eta Enplegu Saileko eta Lanbideko ordezkariek, bai eta Hezkuntzako eta Garapen Ekonomikoko arduradunek ere. Batzordearen lanak aparteko garrantzia hartu du; zeren eta laster Enpleguari buruzko Euskal Legea onartuko da (eta legeak prestakuntzan eta lanbide-profilen egokitzapenean jartzen du arreta).
Uztaileko bileran, Aholku Batzordeak "Urteko txostena: prestakuntza-premiei buruzko gomendioak" izeneko azterlanaren inguruan lan egin du. Azterlan horrek Euskadiko 2018 eta 2023 arteko aldia aztertu du. Horretarako, hainbat iturritara jo du: EUSTAT, Gizarte Segurantza eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua. Horren bidez, lan-merkatuak azken urteetan izan duen bilakaera ezagutu nahi da; zertarako eta langileen prestakuntza-beharrak eta enpresen profesional-eskaerak lotzen saiatzeko.
Besteak beste, txostenak aztertu du euskal enpresen parte hartzea hobaridun eta diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan. Eta zera hauteman du: zenbat eta handiagoa izan enpresaren tamaina, orduan eta handiagoa da haren parte hartze-maila. Izan ere, 249 langile baino gehiago dituztenen % 90ek parte hartzen dute. Ehuneko hori % 84ra jaisten da 50 eta 249 bitarteko enpresen kasuan. Halaber, % 52ra jaisten da 10 eta 49 bitarteko enpresetan. Eta, azkenik, nabarmen jaisten da hamar langile baino gutxiagoko enpresetan. Kontuan hartu behar da Euskadin enpresa txikiek ordezkagarritasun-maila handia dutela (% 84 inguru). Beraz, txostenak enpresa horietara iristeko beharra aipatzen du. Hartara, Idoia Mendia lehendakariordeak, besteak beste, lehentasun du tamaina txikiko enpresak Lanbidek eta Sailak eskainitako programa guztietara iristea (AdinLan adina kudeatzeko gidarekin egin berri den bezala).
Futurelan eta gehien eskatzen diren gaitasunak
Aparte, txostenak jaso egin du Futurelanen (Lanbide prospekzio-tresna) azken eguneraketa, 2023-2033 aldiari dagokiona. Bertan aztertu da azken urtean enpleguak izan duen portaera; eta aurreikusi da enplegu aukera gehienak (% 50era iritsi arte) ondoko arloek jasoko dituztela: hezkuntzak; ibilgailuen merkataritzak eta konponketak; ostalaritzak; jarduera osagarriek; metalurgiak eta produktu metalikoek; eta garraioak eta biltegiratzeak. Horrekin batera, nabarmentzekoa da jarduera-adar guztiek, salbuespenik gabe, belaunaldi-ordezkapenagatiko aukerak eskainiko dituztela. Beraz, are beharrezkoagoa da erretiroa hartzeko eta gazteak lanean hasteko uneak aurreikustea.
Halaber, azterketak jaso egin du zein diren gehien eskatzen diren gaitasunak. Puntu honetan, gehien eskatzen diren enplegu-atarietan argitaratutako lanpostu hutsak teknikari eta profesional zientifikoei, laguntza-teknikari eta -profesionalei eta zerbitzu-sektoreko langile kualifikatuei dagozkiela detektatzen da. Eta argitaratutako lanpostu hutsen bolumen handiena duten jarduerak manufaktura-industria, osasun-industria, txikizkako merkataritza eta profesional eta zientifikoak dira. Gainera, joera aldatu egin da oinarrizko okupazioetarako lanpostu hutsen kopuruan (izan ere, gero eta gehiago dira. Eta, aldi berean, 2019. urtearekin alderatuta, behera egin du antzemandako lanpostu hutsen guztizko bolumenak (% 45 gutxiago).
Azkenik, ondorioztatu du azken urteetan enpresek gehien eskatzen dituzten gaitasunen profila aldatu dela, eta ezagutzek garrantzi handiagoa hartu dutela. Gaur egun, gehien eskatzen diren ezagutzak honako lanbide-arlo hauekin lotzen dira: administrazioa eta kudeaketa; merkataritza eta marketina; informatika eta komunikazioak; osasuna, ostalaritza, eraikuntza eta obra zibila; fabrikazio mekanikoa; garraioa; kimika eta instalazioa; eta mantentze-lanak.
Material horrekin guztiarekin, Batzordeak arreta berezia jarriko du jarduera eta lanbide adierazgarrienetan eta bilakaera onena dutenetan; zertarako eta okupazio bakoitzerako eskumen-profil xehatuak ateratzeko eta langileen prestakuntza-beharrak enpresen profesional-premiekin lotzen saiatzeko.
Lan-merkatuaren azterketa
Bestalde, txostenak lan-merkatuaren egungo egoera testuinguruan kokatu du. Eta nabarmendu du portaera orokorra ona dela; izan ere, Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du (joan den maiatzean, lehen aldiz, milioi bat afiliatu izan ziren; eta langabetu kopuruak behera egin zuen). Halaber, egiaztatu du portaera onena duten jarduerak honako hauek direla: jarduera zientifikoak eta teknikoak, osasun-arlokoak eta gizarte-zerbitzuetakoak, hezkuntza, ostalaritza, garraioa, informatika, komunikazioak eta arte-jarduerak. Gainera, nabarmentzekoa da Gizarte Segurantzako afiliazioaren % 50 sektore hauetan metatzen dela: manufaktura-industrian, merkataritzan eta ibilgailuen konponketan, osasun-sektorean, gizarte-zerbitzuetan eta hezkuntzaren sektorean.
Adierazi du, gainera, lan-erreforma indarrean sartu izanak 2022. urtea markatu duela. Eta une horretatik aurrera kontratazioaren tipologian izandako joera-aldaketa jasotzen duela. Ikusi da, aldi baterako kontratuen jaitsierarekin alderatuta, kontratu mugagabeen kopuruak gora egin duela, kontratu gutxiago sinatu direla eta pertsona gutxiagok sinatu dutela kontratua. Eta kontratu gutxiago eta kontratu mugagabe gehiago izateak ekarri du errotazio-indizea murrizteko joera orokorra.