qrcode

BIND 4.0 startup disruptiboen bila ari da industriako 70 enpresa liderrekin berritzeko

2023-07-14
  • Startupek industria adimendunaren, energia garbi eta jasangarriaren eta elikaduraren eta osasunaren teknologiaren arloko soluzioak aurkeztu ahal izango dituzte.
  • Aurten, BIND 4.0 programak 70 enpresa izango ditu guztira, sartu berriak diren Ampo, Betsaide, Talgo, Vibrantz, Copreci eta Teknia batuta.
  • Berrikuntza gisa, aurten startupek, hautagaitza aurkezten dutenean, partner enpresek planteatutako 12 erabilpen-kasuetan aplikatzeko aukera gehigarria izango dute.

 

BIND 4.0 berrikuntza-plataforma irekiak abian jarri berri du bere azelerazio-programaren zortzigarren deialdia, berrikuntza-proiektu berriak sortzeko interesa duten startup disruptiboak bilatzeko, industrian liderrak diren 70 enpresa partnerrekin elkarlanean. Deialdia datorren irailaren 8ra arte egongo da zabalik, eta sektoreko enpresa garrantzitsuen eskutik soluzio berriak garatzeko aukera eskaintzen du, industriaren etorkizuneko beharrei lau arlotan erantzuteko helburuarekin; lau arlo horiek industria adimenduna, energia garbia eta jasangarria eta elikaduraren eta osasunaren teknologia dira.

Aurten, zortzigarren edizioan, enpresa partner gisa egoitza Euskadin duten eta erreferentzia diren konpainiak sartu dira: Ampo, altzairu herdoilgaitzeko eta aleazio handiko galdaketako osagaien enpresa liderra; Betsaide burdin galdategia; Talgo, gurpildun materiala diseinatzen, fabrikatzen eta mantentzen espezializatutako enpresa; Vibrantz, koloretako materialen, estalduren eta soluzioen konpainia; Copreci, etxetresna elektrikoen ordezko osagaien hornitzailea; eta Teknia, mugikortasunerako metalezko eta plastikozko osagaien fabrikaziorako taldea. 

Sei enpresa berri horiek jada BIND 4.0 ekimenaren parte dira, garrantzi handiko beste enpresa batzuekin batera (Mercedes-Benz, ITP Aero, CIE Automotive, Erhardt, Danobatgroup, Iberdrola, GH Cranes, BTI Biotechnology Institute edo Eroski), azelerazio-programaren 8. edizioan parte hartzeko. Eta 2024 hasieran hasiko den eta 24 bat asteko iraupena izango duen (otsailetik ekainera bitartean) azelerazio-programan parte hartuko duten startupak aukeratzeaz arduratuko dira.  

12 erabilpen-kasu eta teknologia berriak industria eraldatzeko

Azelerazio-programaren zortzigarren edizioan parte hartzeko interesa duten startupek euren teknologia disruptiboak aurkeztu ahal izango dituzte euren hautagaitzan, eta aurten, berrikuntza gisa, eta aukeran, BIND 4.0 programako 70 partner enpresek planteatutako, beren negozioen premietatik sortutako, 12 erabilpen-kasuetara ere aplikatu ahal izango dituzte. Startup bakoitzak bere hautagaitzan hiru erabilpen-kasu aukeratu ahal izango ditu, bere teknologia egokitu daitekeela uste badu. Modu horretan, startupari partner enpresen premiei buruzko informazio zehatza era emango zaio.

Hauek dira BIND 4.0 programako partner enpresek planteatutako 12 erabilpen-kasuak:

  1. Ekoizpen-prozesuaren, produktuaren bizi-zikloaren eta balio-katearen trazabilitatea, jarraipena eta integrazioa.
  2. Ingurumen-inpaktuaren hobekuntza, energia-efizientzia eta jasangarritasuna.
  3. Barneko prozesuen digitalizazioa eta optimizazioa.
  4. Mugikortasun-soluzioak.
  5. Ekoizpen-baliabideen mantenimendua.
  6. Berrikuntza prozesu industrialetan, langilearen edo azken erabiltzailearen/bezeroaren esperientziara aplikatua.
  7. Robotika aurreratua/kolaboratiboa.
  8. Erabiltzailearen/bezeroaren esperientzia hobetzea (bezeroaren bizi-zikloa eta kanalizazioa).
  9. Hidrogeno / Elektrolisi bidezko soluzioak.
  10. Kalitate-kontrola.
  11. Prozesuko hondakinak berrerabiltzea eta balio-katean berriz integratzea (birziklatzea, ekonomia zirkularra).
  12. Biomarkatzaileen harrapaketa, analisia eta balorizazioa.

Hautagaitzetan aurkez daitezkeen teknologia disruptiboei dagokienez, azken joera teknologiko guztiek dute lekua: Gauzen Interneta eta Konektibitatea (IoT), Adimen Artifiziala (IA), Murgiltze Teknologiak (Biki Digitala, Errealitate Mistoa, HMI, Errealitate Handitua edo Errealitate Birtuala), Big Data, Zibersegurtasuna, Robotika eta Elektronika, Hidrogenoa sortzeko teknologia, Softwarea, Konputazioa eta Fabrikazio Aditiboa (AM). 

BIND 4.0n parte-hartzearen onurak

Azelerazioaren eta berrikuntza irekiaren programan sartuz gero, parte hartzen duten startupek hainbat aukera izango dituzte. Horien artean, hauek:

  • 0 Industriako berrikuntza-ekosistemarekin konektatzeko aukera: Sarbidea izango dute Euskadin kokatutako erreferentziazko konpainietara eta Networking-eko jardueretan parte hartuko dute 4.0 Industriako berrikuntza irekiko ekosistemarekin.
  • Lehenengo bezeroak lortzeko aukera: Euren teknologia berritzailea garatu ahal izango dute egoitza Euskadin duten eta azelerazio-programako bezero korporatiboak diren sektoreko 70 enpresa liderren eskutik, eta teknologia horren bideragarritasuna probatu ahal izango dute merkatuan. Parte-hartzaile guztiek lortuko dituzte kontratu bat edo gehiago.
  • Adituen aholkularitza jasotzeko aukera: 40tik gora tutore, bereziki espezializatuta daudenak enpresa azelerazioan, 4.0 Industriako teknologia berrien merkatu-estrategietan, berrikuntzan eta ekintzailetzan.
  • Inbertitzaileak eskuratzeko aukera: BIND 4.0 programak Venture Club bat du. Inbertitzaile klub hau azeleratzailearen espezializazioarekin lerrokaturik dago, eta bere helburua da laguntza-zerbitzuak indartzea eta parte hartzen duten startupen eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremana sustatzea.
  • Eta finantzaketa-iturriak, laguntza ekonomikoak eta doako lan-espazioak BICetan (Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan).

Nola eman behar da izena?

 

Startupek irailaren 8ra arteko epea izango dute programaren webgunearen bidez (www.bind40.com) izena emateko. BIND 4.0 produktu eta zerbitzu teknologiko disruptiboak dituzten bost kontinenteetako startupen bila ibiltzen da. Horien konponbide teknologikoa jada merkatuan edo azken garapen-fasean egotea eta konponbide horrek partner enpresei balioa eman ahal izatea ere eskatzen da.

BIND 4.0 programa 4.0 Industriako ekimen publiko-pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI Taldearen bidez sortua, eta nazioarteko erreferentziako programa bihurtu da, 2016an sortu zenetik. Gaur egun BIND 4.0 programak hiru ekimen ditu sektorean berrikuntza sustatzeko: bat korporazio handiei zuzendutakoa, BIND 4.0ren azelerazio-programa; beste bat ETEekin berritzekoa, SME Connection; eta hirugarren bat sozietate publikoetan digitalizazioa sustatzekoa, BIND 4.0 GovTech. BIND 4.0k guztira 200 startup baino gehiago azeleratu ditu eta 300 proiektutik gora garatu ditu, eta 7,7 milioi eurotik gorako fakturazioa gainditu du.

Izena emateko edo 12 erabilpen-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, sartu hemen: www.bind40.com

 

BIND 4.0ri buruz

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza-plataforma irekia, publiko/pribatua da, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sortu zuen SPRI Taldearen eta Euskadiko ekintzailetza-ekosistemako haren UpEuskadi plataformaren bidez. Gaur egun egoitza Euskadin duten sektoreko erreferentziako 70 bat enpresarekin lankidetzan dihardu, besteak beste Angulas Aguinaga, Iberdrola, ITP Aero, Mercedes Benz, Siemens Gamesa, Quirónsalud edo  Coca-Cola Europacific Partners. Ekimena hiru helbururekin sortu zen: Euskadiko industria-ekosisteman startupen garapena azeleratzea, enpresen eraldaketa digitala sustatzea eta Euskadiko ekosistema industria-ekintzailetzako hub aurreratu gisa kokatzea. BIND 4.0k 2016tik ekimen ezberdinak ditu, eta jada 200 startup baino gehiago sustatu dituzte eta 300 proiektu garatu dituzte. Informazio gehiago: www.bind40.com

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko