Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak Mikel Uribe Aurkia, ETAk 2001ean Leaburun hil zuen komisariordea, omendu du

2023-07-14
  • Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren omenaldi-ekitaldien barruan egin da, 2022ko ekainean ezarri ondoren urtero banaka egingo ziotela aitorpen, oroimen eta omenaldi ekitaldia ETAk hildako ertzain bakoitzari
  • Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Mikel Treku Gipuzkoako lurralde-buruak, Oriako Ertzain-etxeko buruarekin eta agenteekin eta beste hainbat lankiderekin batera, omenaldi hunkigarria egin diote gaur, ostirala, Mikel Uribe Aurkia ertzainari, atentatuaren egunetik 22 urte igaro direnean. Ertzaina omentzeko ekitaldia Beasaingo Ertzain-etxearen kanpoaldean, atentatu terroristetan hildako ertzainak gogoratzen dituen eskulturaren ondoan, egin dute eguerdiko 12:00etan. Bertan lore-eskaintza eta minutu bateko isilaldia egin dituzte oroimen-ekitaldia Ertzaintzarekin partekatu duten ahaideak ere aurrean zirela.

Mikel Uribek 44 urte zituen eta Ertzaintzaren Gipuzkoako ikuskaritzako burua zen 2001eko uztailaren 14an ETAk bere jaioterrian, Leaburun, hil zuenean. Komisariordea komando terrorista batek hil zuen elkarte gastronomiko batera lagun batzuekin afaltzera joateko asmotan autoa aparkatzen ari zenean. Ertzaina ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.

Konpromisoa Memoriarekin

Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, 2022ko ekainaren 20an ezarri ondoren “Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura”.

ETAk hildako agenteei dagokienez, Ertzaintzaren aldetik ofizialki ezarri da urtero egingo direla era horretako ekitaldiak, beti biktimen familiak edo senideak kontuan izanda eta omenaldia egiteko moduari eta lekuari buruzko xehetasunei dagokienez haien desioak errespetatuz. Omenaldira joan ezin diren agenteei Ertzaintzak euren lanpostuetan minutu bateko isilaldia egitea proposatzen die. Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute; egun horretan txapel gorrien eskaintza egiten da guztien izenak dituen monolitoan.

Arauketa berri honekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratzeko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.

15 agente hil zituen ETAk

Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:

  1. Carlos Díaz Arcocha (1985).
  2. Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
  3. Juan José Pacheco Cano (1988).
  4. Luis Hortelano García (1989).
  5. Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
  6. Joseba Goikoetxea Asla (1993).
  7. José Luis González Villanueva (1995).
  8. Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
  9. Ramón Doral Trabadelo (1996).
  10. José María Aguirre Larraona (1997).
  11. Jorge Díez Elorza (2000).
  12. Mikel Uribe Aurkia (2001).
  13. Iñaki Totorika Vega (2001).
  14. Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
  15. Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bujanda (Jefe de la Ertzaintza)