Hauteskundeak 2024
qrcode

Eusko Jaurlaritzak euskararen aurkako epai berri bat errekurritu du tokiko idazkari eta kontu-hartzaileen lan poltsetan

2023-07-13
  • Gobernuak bere eskumena defendatzen du, eta zehazten du epaileak ez dezala esan Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak argi eta garbi ezartzen duela euskal erakundeek ahalmena dutela lanpostu horiek hautatu, osatu eta izendatzeko
  • Euskara plaza horiek lortzeko baldintza gisa eskatzea legez egokia dela dio
  • Hautaketa proben egokitasuna defendatzen du, eta baloratu beharreko jakintza gaien artean foru espezialitateak azpimarratzea, Euskadiko foru berezitasuna dela eta

Eusko Jaurlaritzak aurkaratu egingo du Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak emandako epaia, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren agindu bateko zenbait manu baliogabetzen dituena. Agindu horretan, 2021eko apirilaren 22an, hautaketa prozesu baterako deialdia egin zen, EAEko berezko bitarteko langileen, idazkarien eta kontu-hartzaileen poltsa bat eratzeko, toki erakundeetako idazkaritza-kontuhartzailetza eskalako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko. Lan poltsa horrek erantzun egiten zion udalek hizkuntza eskakizuna duten lanpostu horiek betetzeko egindako eskaerari, Estatuko lan poltsak ezin baitzion erantzun egokia eman. 

Epaiaren jatorria Bizkaiko Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialak Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren aginduaren aurka jarritako errekurtso bat da. Zehazki, Ana María Martínez Navas epaileak sinatutako epaiak aginduaren sei manu baliogabetu ditu, Eusko Jaurlaritzak lan-poltsak osatzeko duen gaitasunari, hautaketa prozesuaren egokitasunari eta hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko eskakizunari buruzkoak. Hedabideei egindako adierazpenetan, gaur Gasteizen, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik adierazi duenez, "azken hilabeteotan, euskararen normalizazioaren aurkako ebazpen judizialen gorakada oso kezkagarria ematen ari da, eta, gainera, euskal erakundeen auto antolaketarako eskumena arintzen eta euskal autogobernua urratzen dute".

"Epai honek are gehiago sakontzen du Estatuko botereen aldetik euskal autogobernua higatzeko estrategian, eta, azken egunotan, gainera, euskara eta euskal erakundeok, gizartearen eskutik, gure hizkuntzaren bultzadaren inguruan lortu dugun adostasun handia dira biktima nagusiak".

Eusko Jaurlaritzak euskal toki-administrazioetako idazkarien, kontu-hartzaileen eta idazkari kontu-hartzaileen lan poltsak eratzeko eskumena defendatu du. Uste du legezko euskarria dagoela Toki Araubidearen Oinarrien Legean eta Konstituzio Auzitegiaren epai batean oinarrituta. Gainera, Euskal Foru Zuzenbideak beti babestu du toki erakundeek plaza horiek izendatzeko duten gaitasuna. Epaiak ez du aipatzen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak adierazten duela gaikuntza nazionaleko funtzionarioen gaineko jarduketak euskal erakundeek egingo dituztela.

Epaiak ukatu egiten du euskararen 3. edo 4. Hizkuntza eskakizuna egiaztatzea baldintza izan daitekeenik hautaketa prozesuan parte hartzeko eta bitarteko langileen poltsan parte hartzeko. Ebazpen judizialaren arabera, "funtzionario horiek hautatzeko eta prestatzeko eskumenak dituen administrazio bakarra Estatuko Administrazioa da, nahiz eta Autonomia Erkidegoak bitartekoen poltsa bat eratu dezakeen". Eusko Jaurlaritzak kontra egiten dio legeriaren interpretazio horri, eta adierazten du, toki erakunde bakoitzaren hizkuntza plangintzak hala eskatzen duenean, funtzio publikoaren arloko euskal araudiak aukera ematen duela euskara baldintza gisa eskatzeko.

Eusko Jaurlaritzak aldarrikatzen du toki entitateen funtzionamendurako hain garrantzitsuak diren plaza horiek euskararen ezagutza maila egiaztatzen duten profesionalez beteta egon behar dutela. Bere ustez, horrela bakarrik berma daiteke Euskadiko herritar orok hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko duen eskubidea, ahoz zein idatziz, eta Administrazioarekin harremanak euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz eta/edo idatziz. Hori bermatzea oso zaila da Estatuak Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalaren bidez igorritako pertsona poltsen bidez.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak gaitzetsi egiten du epaiak zalantzan jartzen duela hautaketa prozesuko probetako baten egokitasuna, foru araudia ezagutzea eskatzen baitu, toki erakundeetako idazkaritzako edo kontu-hartzailetzako langileen jakinduriaren zati gisa. "Gure toki erakundeen kasuan, funts publikoen legezkotasunaren eta erabileraren kontrola foraltasunaren mende dago; oso deigarria da hiru foru ogasun dauden autonomia erkidego batean, gure udalak finantzatzen dituztenak, epaileak zalantzan jartzea ogasuneko foru araudiak, adibidez, langile horiek Euskadin izan behar duten berariazko prestakuntzaren parte izan behar duela", adierazi du Garamendik.

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztuko du, eta Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkeztu beharko du. Jarriko den apelazio errekurtsoa bideratzen ez den bitartean, epaia etenda geratzen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak