Hauteskundeak 2024
qrcode

Eusko Jaurlaritza lanean ari da ESG ziurtapena lortzeko, “jasangarritasunarekin bere osotasunean konprometitzen” garelako

2023-07-13

Ekonomia eta Ogasun Saila lanean ari da ESG ziurtapena lortzeko. Erantzukizun-adierazle horrek ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-irizpideak uztartzen ditu, ehun ekonomikotik agertoki jasangarri eta erresilienteetarako trantsizioa sustatzeko. “Ziurtagiri hori lortzea espero dugu, izan ere, Jaurlaritza garen aldetik, jasangarritasunaren aldeko konpromisoa hartzen baitugu bere osotasunean”, nabarmendu du gaur Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendariak, Fintech Internacional Hack & Disrupt! III. Topaketan. Topaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko finantzen sektoreko fintech eta insurtech ekitaldirik garrantzitsuena da, eta bi egunez egin da Bilboko BAT dorrean.

Topaketa BMEk antolatu du Mondragon Unibertsitatearekin batera, BBF Fintech inkubatzailearen bitartez, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Fundazioaren, Bilbao Finantza Plazaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

Foro honetan, Larraurik ibilbide bat egin du Eusko Jaurlaritzak 2018an abiarazitako finantzaketa jasangarrirako estrategiaren mugarrietatik. Gaur egun, bonu jasangarrien zazpi jaulkipenen batura 4.400 M €-koa da.

Bere hitzaldiaren beste puntu batean, adierazi du Eusko Jaurlaritzak, jasangarritasunarekiko konpromisoarekin bat etorriz, aurtengo otsailean txosten hau aurkeztu zuela: “Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Aurrekontua Agenda 2030eko garapen jasangarrirako helburuekin lerrokatzeari buruzko txostena”. Gainera, nabarmendu du hura egiteko 105 aurrekontu-programa lerrokatu direla guztira, 2030 Agendaren 17 GJHetan eragina duten 26 gastu-funtziotan sailkatuta, eta, guztira, 557 inpaktu zuzenean aplikatzekoak eta zeharka aplikatzekoak direla.

Bere iritzian, 2030 Agenda abian jartzeko prozesuaren “ekintzarako hamarkadan” sartu da horrela, baina testuinguru ez hain aldekoan, “oso helburu zorrotzak betetzeko zailtasun erantsiak ekarri dituzten ustekabeko hainbat gertakari izan baitira”, nabarmendu du. Eta erantsi du beharrezkoa dela ibilbide-orri hori azkartzea, Iñigo Urkullu lehendakariak Nazio Batuen Erakundearen High Level Political forumean adierazitakoarekin bat etorriz, non honako hau nabarmendu duen: “2030 orain da; edo ez da izango. 2030 Agendak hitzetatik ekintzetara igarotzea beharrezkoa du”.

Finantza Politikako zuzendariarekin batera, honako hauek izan dira, besteak beste, bigarren jardunaldian: Eva Popcheva Europako parlamentari eta Ekonomia eta Diru Gaietarako Batzordeko presidenteordea, Javier Hernani BMEko kontseilari ordezkaria, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia, Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru-diputatua eta José Manuel Marqués Espainiako Bankuko Finantza Berrikuntzako zuzendaria.

Hackathon

Bestalde, bigarren jardunaldi honetan Hackathon lehiaketako sariak banatu ziren. Aurtengo edizioan Eusko Jaurlaritzaren Bonu Jasangarrien gaineko erronka bat izan da, eta galdera honen bidez egin zitzaion bidea: Nola eman nabaritasun handiagoa Euskadiko Bonu Jasangarriari eta GJHekiko dugun konpromisoari?

Lehenengo eta bigarren postuetan hautatutako erronkek 1.500 eta 500 euroko saria jaso zuten, hurrenez hurren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko