Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

The World's Best Vineyards 2023 Euskadin Bisitan

2023-07-11

Errioxa jatorri-deitura kalifikatua izango da World's Best Vineyards 2023 sarien bosgarren edizioko anfitrioia; nazioarteko lehiaketa prestigiotsu horrek urtero iragartzen du Munduko Mahastirik Onenen zerrenda.

Lau egunez, uztailaren 10etik 13ra, ehun lagun inguruk ERRIOXA jatorri-deitura kalifikatuko lurraldeetako ezaugarri erakargarriak ezagutzeko aukera izango dute; izan ere, epaimahaiko 20 kide eta nazioarteko eta nazioko 30 kazetari buru dituen taldea Arabako Errioxan, Errioxa Garaian eta Errioxa Ekialdean ibiliko da.

Ekitaldi prestigiotsu honetako ordezkaritzak Euskadin bisitatuko dituen upategiak Eguren Ugarte, Marqués de Riscal eta Ysios izango dira.  

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz izan dira uztailaren 11n Marqués de Riscal upategian taldeari egin zaion harreran.

Munduko Mahastirik Onenen ekitaldia uztailaren 12an izango da Beronia upategian.

World’s Best Vineyards

World 's Best Vineyards Top 50 zerrendaren xedea da munduko ardoen paisaia anitza aurkeztea. Ardoaren turismoan esperientzia aparta izateko tokirik hoberenak islatzen dira zerrendan.

World's Best Vineyards sarien lehen edizioa Londonen izan zen 2019an. 2020an WBVren iragarpena Sonomako konderrian (Kalifornia) egin zen. 2021ean Alemanian izan zen eta 2022an Mendozan (Argentina).

Munduko mahastirik hoberenen urteko zerrendak munduan bisitatu daitezkeen mahastirik hoberenak nabarmentzen ditu, eta mundu osoan enoturismoa bultzatzea du xede. Urtero, mahasti apartak agertzen dira zerrendan, bisitarientzako esperientzia harrigarriak eskaintzen dituztenak, hasi eraikin ikusgarri modernoekin eta UNESCOk babestutako antzinako upategietara arte, edo hasi Michelin izarrak dituzten jatetxeekin eta ibilbide intimoak dituzten familiako upategietara arte. Bozketaren Akademian 500 kide baino gehiago daude, ardoaren munduko aditu nabarmenak, sommelierrak eta bidaietan adituak, eta, mahastirik hoberenak aukeratzeko, hainbat irizpideren arabera aurkezten dituzte izendapenak: esperientzia osoaren kalitatea, giroa, sukaldea, jarduerak, ikuspegiak, langileak eta kalitate-prezio harremana. Ondoren, emaitzak bildu eta munduko mahastirik hoberenen urteko zerrenda egiten da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)