Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 2.350.000 euro baino gehiago bideratu ditu energia eta elikadura pobreziaren aurka egitera 2023ko lehen sei hiletan

2023-07-12
  • Hitzartuz ekimenaren bidez, faktura energetikoa ordaintzeko eta oinarrizko premiei erantzuteko zailtasun gehien dituzten kolektiboei lagundu nahi zaie
  • Urteko lehen seihilekoan, EAEko 1.364 familiak jaso dituzte laguntzak energia pobreziaren egoerari aurre egiteko
  • Lehen mailako premiazko elikagaien 7.440 entrega egin dira
  • “Proiektuak adingabeak dituzten familiak, muturreko kalteberatasun-egoeran dauden eta bakarrik bizi diren pertsonak, adin-talde guztietako emakumeak eta adinekoak lehenetsi ditu, nagusiki”, esan du Nerea Melgosa sailburuak

Vitoria-Gasteiz, 2023/07/12

Eusko Jaurlaritzak, urte-hasieran, Hitzartuz ekimena jarri zuen abian, muturreko kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei eta haien familiei arreta emateko. Helburua zen funtsezko premiei premiaz erantzutea, hala nola elikadura egokiari edo higiene pertsonalerako produktuetara jotzeko aukerari, bai eta sistematik kanpora geratzen diren familiei argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzeko bide ematea ere.

Hala, urteko lehen seihilekoan, 2.353.670 euro bideratu dira familia kalteberen funtsezko premiak arintzeko behar diren gastuak ordaintzera. Betearazitako gastutik, 465.000 euro energia pobreziaren egoerak arintzera bideratu dira, eta 1.888.670 euro elikatzeko laguntzetara bideratu dira.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenaren arabera, “helburua da hartzaileekin elkarlanean jardutea, funtsezko elementuetara eta oinarrizko zerbitzuetara jotzeko duten aukera eragozten duten egoerei heltzeko eta, horretarako, haien bizitzetan epe luzerako irtenbide iraunkorrei eusteko aukera emango dieten aldaketak bilatzeko.

Laguntzak Gurutze Gorriak kudeatzen ditu EAEn; hura arduratzen da eskabideak, balorazioak eta izapideak kudeatzeaz, bai eta beste premia batzuk detektatzeaz ere. Beste premia horiei erantzuteko, desbideratu, orientatu eta koordinatu egiten dute baliabiderik egokienekin.

Aurten, orain arte, 1.364 familiak egin diote aurre energia pobreziako egoerari: 318 Araban, 646 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan. Hala, sistematik kanpora geratzen diren familia kalteberei argiaren, uraren eta gasaren fakturak ordaintzeko bide ematen zaie, gizarte-larrialdiko laguntzarik (GLL) jasotzen ez dutenei.

 “Eusko Jaurlaritzak, hala, zailtasun ekonomiko larriak bizi dituzten eta gizarte-larrialdiko laguntzen edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun ez diren familiak eta kolektiboak ditu presente”, esan du Melgosak.

Elikadurarako laguntzei dagokienez, urteko lehen seihilekoan 7.440 entrega egin dira: 1.377 Araban, 4.280 Bizkaian eta 1.943 Gipuzkoan.

Kasu bakoitzaren inguruan egiten den balioespenaren eta bizikidetza-unitatea eratzen duen kide kopuruaren arabera, familia horiei ematen zaizkien zenbatekoak 150 € (kide bateko familia-unitateetarako) eta 300 € bitartekoak (4 kideko edo gehiagoko familia-unitateetarako) izango dira. Gehienez, hiru entrega egiten dira urtean, kalteberatasun larriko kasuetan izan ezik, behar bezala aztertzen baitira.

Alde batetik, txanpon-txartel batzuk banatzen dira, eta haiek Eroski, Mercadona eta Carrefour supermerkatuetan eta hurbileko saltoki txikietan erabili ahalko dira. Beste alde batetik, laguntzak, era berean, aplikazio mugikor baten bidez bideratzen dira –Encantado de comerte app-a; haren bitartez, hartzaileek eskuratu ahalko dituzte saltokiek egunean zehar saldu ez dituzten eta egoera bikainean dauden elikagaiak eta, hala, jatorrizko prezioaren gaineko % 70era arteko beherapena izan.

Bestalde, Euskadiko Gurutze Gorriko presidenteak, Estíbaliz Arnaiz-ek, honako hau nabarmendu du: “ekimen honen garrantzia, aurretik ere Gurutze Gorriaren Gizarteko Esku Hartzeko programetan parte hartzen zuten eta, orain, orduan bizi zuten kalteberatasun-egoera baino larriagoa bizi duten pertsona eta familien premiei erantzuteko, bai eta aurretik egoera normalizatuan zeuden eta orain bazterketa-egoeran dauden eta haien burua laguntza horietara jotzera behartuta ikusi duten profil berrienei ere”.

Entitateko presidenteak honako hau azpimarratu du: “Gurutze Gorriak eta hartako boluntarioek programa hau gauzatzeko, oinarrizko erantzunak eskaintzeko eta hartzaileekin batera gaitasunak garatzen eta denboran iraun dezaketen irtenbideak lortu ahal izateko aldaketa sakonak bilatzen lan egiteko duten konpromisoa”.

Hitzartuz programaren barruan, Eusko Jaurlaritzak, ekimen horretarako, 4.000.000 €-ko aurrekontu-partida du, guztira. Haren bitartez, 10.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi nahi du EAEko hiru lurralde historikoetan, funtsezko ondasun eta zerbitzuetara jotzeko aukera bermatzeko.

Energia-pobrezia. Arreta jaso duten familia unitateak:

  2021 2022 2023ko lehen seihilekoa
Araba 274 362 318
Bizkaia 712 1.079 646
Gipuzkoa 372 373 400
Familiak, guztira 1.358 1.814 1.364

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)