Garraio Sailak aurrera egin du Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko eta eraikuntza-proiektua esleitu du
- Arriola sailburuak nabarmendu du Salburuako metro arinaren lehen hiruhilekoan 201.000 erabilera izan direla, eta garraiobide hori pandemiaren aurreko zenbakietara iritsi dela
- Etxebizitzaren arloan nabarmendu du alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen bi sustapen emango direla hirian 2024an.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak bere Saila Gasteizko tranbia-sisteman egiten ari den aurrerapenen berri eman du gaur. Cadena Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Euskal Trenbide Sareak 443.000 euroan esleitu du eraikuntza-proiektua, 15 hilabeteko egikaritze-epean. Aldi berean, azpiegitura horren informazio-azterlana eguneratuko da, dagoen dokumentua hiriko Udalarekin lortutako akordioetara egokitzeko.
Arriolak nabarmendu du trazadurari buruzko "desadostasuna gainditu" dela eta "orain Jaurlaritzak beti nahi izan duena egin dezakegu: aurrera egin eta tranbiarekin Zabalganara iritsi". Era berean, Garraioetako arduradun nagusiak aurreratu du erabiltzaileei dagokienez, hiriko tranbia-sistema maila prepandemikora iritsi dela, 4,28 milioi bidaiarirekin lehen seihilekoan, eta nabarmendu du tranbia Salburuara luzatzearen lehen hiruhilekoan 201.000 bidaia izan direla geltoki berrietan. Gainera, tranbiak % 30 erabiltzaile gehiago izan ditu 2022ko lehen seihilekoarekin alderatuta.
Euskadi osorako tarifa-eredua
Tarifei eta deskontuei buruz galdetuta, sailburuak nabarmendu du "erakunde guztien akordioa" lortu dela % 50eko hobariak urtearen amaierara arte luzatzeko, baina adierazi duenez Sailaren eredua Euskadiko Garraio Agintaritzaren baitan planteatutako proposamena da, "Euskadi osoan baldintza berdinak izango dituen sistema bateratu" bat sortzeko. Eusko Jaurlaritza gainerako administrazioen proposamenen zain dago orain, izan ere, eredu berri hori martxan jartzea "akordioa egotearen eta erakunde guztiek finantza-ondorioak beren gain hartzearen menpe dago".
"Bada eredu bat, Gipuzkoakoa, gustatzen zaiguna, eta Euskadiko gainerako lurraldeetara zabaltzea nahi dugu", laburbildu du, Mugi txartelaren bidez ezarritako egiturari erreferentzia eginez, erabileragatik deskotuekin eta doako transbordoekin, garraio desberdinen artean ere.
Alokairuko etxebizitza babestuen eraikuntza bultzatzea
Etxebizitzaren arloan, sailburuak azaldu du Etxebidek 10.500 pertsona dituela Gasteizen izena emanda etxebizitza baten eskatzaile gisa, % 90 alokairuan. "Erronka oso garrantzitsu" baten aurrean gaude, azaldu duenez, "duela hamarkada bat baino gehiagoko krisi ekonomiko handiaren ondorioz, funtsean, alokairurako eskaeraren funtsezko aldaketa" dakarten zifrekin.
Testuinguru horretan, nabarmendu du Etxebiden alokairuko etxe bat eskatzen dutenen 9.300 pertsonen artean, merkatu librean alokatutako etxebizitza bat ordaintzen ari direnetako 5.000k baino gehiagok badituztela laguntzak hileko errenta ordaintzeko, bai EPOaren edo EPEaren bidez, bai Gaztelagunen bidez. Gazteen kasuan (1.064 pertsonak jasotzen dute laguntza hori Araban, eta horietatik 932k hiriburuan) adierazi du: "36 urte bete arte mantentzen den programa da, bizitza planifikatzea laguntzen du, ez da bi urtez mantentzen diren emantzipazio-programak bezalakoa, denboran zehar mantentzen den programa da".
Azken kolektibo horrentzat da lehentasunez Lakuabizkarran alokairuko 92 zuzkidura-bizitokiren sustapena, eta 2024an entregatuko dira, aurreratu duen bezala. Era berean, Arriolak gogorarazi du esleitzen diren sustapen berrietan alokairuko BOEen eta zuzkidura-bizitokien % 40 35 urtetik beherakoentzat gordeta daudela.
Arriolak gogorarazi du badirela beste bide batzuk alokairu eskuragarria sustatzeko, hala nola Bizigune programaren bidez etxebizitza hutsak mobilizatzea, laguntza "bermatzailea, jabeen zalantzak argitzen dituena, hileko errenta kobratuko dutelako eta akatsak konponduko ditugulako" Alokabide sozietate publikoaren eskutik, horrelakoak gertatzen badira. 580 etxebizitza ditu Gasteizen programa horrek, "hazteko potentzialarekin".
Tenkatutako eremuak eta etxebizitzaren fiskalitatea
Estatuko Etxebizitza Legeak tentsiopeko eremuak izendatzeko eta prezioak kontrolatzeko eskaintzen dituen "tresna" berrien aurrean, sailburuak azpimarratu du tenkatutako eremuen deklarazioa ezin dela "arinkeriaz egin, gauetik goizera, azterlanak egin behar dira, gaiak zorrotz aztertu behar dira eta udalen adostasuna behar da". Ildo horretan, baieztatu du Saila aurrera doala erabakiak hartzeko aukera emango duten analisi estatistikoak garatzeko.
Defendatu duen beste tresnetako bat etxebizitzaren fiskalitatea berrikustea da, hiru lurraldeetako Batzar Nagusien eskumena: "iritsi da garaia gai hori zorrotz aztertzeko, beharrezkoa da zerga-sistema onuragarria izatea etxebizitzak alokairu-merkatura atera daitezen, eta are onuragarriagoa izatea arrazoizko prezioetan eskaintzen dituztenentzat".