qrcode

Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia bildu egin da uraren eskasiak euskal lehen sektorean duen eraginaren jarraipena egiteko

2023-07-10

Maiatzaren 19an egin zen azken bileraren ondoren, Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia deitu du lehen sektoreko instituzio eta ordezkariekin, azken hilabeteotan lehengaien prezioen igoera eta uraren eskasia direla-eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak jasaten ari diren egoeraren jarraipena egin ahal izateko.

Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea da mahaiko presidentea, eta mahaiak laboreen egoera aztertu du; izan ere, egoera hobetu egin da, Euskal Herrian euri gehiago egin duelako maiatza eta ekainean zehar, eta hala 13 hilabete jarrai ondoren prezipitazioek batezbestekoa baino txikiagokoak izateari utzi diote.

Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, orokorrean egoera ez da bereziki larria, euriteek egoera leheneratu dutelako, eta orain ekoizpenei dagokionez urtea normala izatea lortu da.

Arabako egoera oso aldakorra da eremu agroklimatiko batetik bestera, oraindik metatutako uren eskasia dago, batez ere Araba Erdialdean eta Arabako Errioxan.

Neguko lehorreko laboreen kasuan, hala nola zerealak, koltza eta proteaginosoenean, lehortearen erasana % 20 ingurukoa da. Berantiarragoak diren eremuak izan dira euriei onura gehien atera dietenak, eta goiztiarrak, berriz, gutxiago berreskuratu dira, euriak laboreak egoera fenologiko aurreratuago batean zeudenean heldu zirelako. Gaur hasi dira zereala biltzen, eta sektorearen beraren informazioaren arabera, uzta uste baino hobea izaten ari da.

Ureztatutako laboreei, patatari eta erremolatxari dagokienez, maiatzaz geroztik ondo garatzen ari ziren, nahiz eta uztailaren 6ko kazkabarrak labore horien egoera aldatu duen. Eusko Jaurlaritza kalteen jarraipena egiten ari da, eta dauden nekazaritza-aseguruen estaldura aztertzen ari da, baita Arabako Foru Aldundiak neurri gehigarriak baloratzeko sektoreari iragarritako laguntzen irismena ere.

Abeltzaintzarako funtsezkoak diren larre eta bazka-laboreei dagokienez, egoerak ere hobera egin du apirileko egoerarekin alderatuta, baina sektorearen kezka nagusia eskuratu behar duten bazkaren prezioa eta horren eskuragarritasuna dira.

Bazkaren prezioaz gain, lastoa % 280 igo da aurreko kanpainarekin alderatuta. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Frantziatik ekarriko diren 1.000 tona lastoren erosketa aktibatu du. Lehen eskaera hori berritu ahal izango da etorkizunean eskaera gehiago egonez gero.

LURSAIL arduratuko da sektoreak egindako erosketa-eskaerak kudeatzeaz. Eskaera horiek iristen diren hurrenkeraren arabera izapidetuko dira, eta eskaera bakoitzeko erosketa gutxienez kamioi batekoa izango da (gutxi gorabehera. 15 tona).

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak