Lehendakariak: “2030 Agendak hitzetatik egintzetara pasatu behar du”
- Iñigo Urkulluk telematikoki parte hartu du egun hauetan New Yorken egiten ari diren Nazio Batuen High Level Political Forumean
- “2030 orain izaten ez bada, ez da izango”, esan du
Lehendakariak adierazi du 2030 Agendak “hitzetatik egintzetara pasatu” behar duela, eta Euskadiren laguntza eskaini du “Garapen Jasangarrirako 17 Helburuen balantzea ahalik eta onena” izatea lortzeko.
Iñigo Urkulluk telematikoki parte hartu du egun hauetan New Yorken egiten ari diren Nazio Batuen High Level Political Forumean, eta, beste hainbat agintariren artean, Amina Mohammed, Nazio Batuen Erakundeko idazkariorde nagusia ari da bertan parte hartzen.
Lehendakariak jakitera eman du datozen asteotan egongo dela operatibo Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioaren idazkaritzaren Bilboko egoitza, eta adierazi du 2030era arte geratzen diren 7 urteek “inflexio-puntu” bat behar dutela, bere ustez GJHen betetze-mailaren balantzeak okerrera egin baitu 2023an. “Ekintzaren Hamarkadak 7 urte eta erdiko erreakzioa behar du orain”, esan du.
Euskadiren ekarpenaren adibide moduan, Now 2030 proposamena partekatu du foroan parte hartzen ari zirenekin. Proposamen horrek, besteak beste, erakunde eta eragile sozialen Konpromiso Zehatzen Adierazpena sustatzen du, atzerapenik ez dagoela onartzeko premisarekin. “2030 orain izaten ez bada, ez da izango”, esan du.
“Proposamen honek konpromiso bat eskatzen eta eskaintzen du: Estatuen erreakzioa eskatzen du 2030era arte, eta Estatukoak ez diren gobernuen konpromisoa eskaintzen du GJHen tokikotzean eta ko-gobernantzan. Estatukoak ez garen gobernuok eginkizun adierazgarria izan behar dugu 2030 Agendaren gobernantzan”, esan du ondorio moduan.