qrcode

Astekonomiak hizpide ditu gaur ekainean langabezian izandako murrizketa eta Gizarte Segurantzako afiliazioen igoera, maiatzean industria-produkzioak izandako beherakadarekin batera

2023-07-07

Lan-merkatuko datu onak dira gaur Astekonomiaren abiaburuko gaiak: ekainean langabezia murriztea eta Gizarte Segurantzako afiliazioek gora egitea. Gai horiek, maiatzean industria-produkzioa (IPI) izandako beherakadarekin batera, edukiaren zati handi bat ematen diote asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenak biltzen dituen laburpen honi.

Ekainean, Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabezia % 5,6 murriztu zen. Guztira, 105.400 langabe zeuden, ekain bateko zifrarik txikiena 2008tik. Langabezian daudenen artean, 44.000 gizonak dira, eta 61.400 emakumeak. Era berean, gazteen langabeziaren bilakaera nabarmendu zen (–% 6,5), batez bestekoa baino zertxobait gehiago murriztu baitzen.

Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliazioak, ekainean, urte arteko % 1,6 egin zuen gora (aurreko hileko igoera bera). Zehazki, 1.002.954 afiliazio izan ziren. Hala, serie historiko osoko erregistrorik handiena gainditu da. Azken hilabeteetan bezala, emakumeek (% 1,9) gizonek (% 1,3) baino gehiago parte hartu zuten aurrerapen horretan.

Halaber, maiatzean, Euskadiko industria-produkzioa aurreko urteko hil berean erregistratutakoa baino % 2,4 txikiagoa izan zen. Beherakada honako hauen bilakaerak eragin zuen: ekipo-ondasunak (–% 0,5), bitarteko ondasunak (–% 2,4), energia (–% 10,9) eta, batez ere, kontsumo-ondasun iraunkorrak (–% 21,6).

Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan