Hauteskundeak 2024
Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak 317 milioi euro onartu ditu beketarako eta unibertsitateak bultzatzeko

2023-07-04

Hezkuntza sailburuak gaur Gobernu Kontseiluak berak zuzentzen duen sailari lotuta onartutako hainbat gai aurkeztu ditu, “gai garrantzitsuak eta, gainera, inbertsio handia dakartenak ". Guztira, gaur hezkuntza-arloan onartutako inbertsioen batura 317 milioi eurokoa da, “inbertsio handia egin da gure ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzeko, baliabide ekonomikoak alde batera utzita; gure unibertsitateek beren emaitzak eta eskaintza akademikoa hobetzen jarrai dezaten; eta Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko lankidetzak 21.000 familia baino gehiagoren musika eta nahia kontuan har dadin”.

Hasteko, unibertsitateaz kanpoko bekak onartu dira, 68 milioi euroko partida bideratzen delarik horretarako. Sailburuak gogorarazi du beka-deialdi honen helburua ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzea dela, berdintasun-egoeran egon daitezen, muga ekonomikoak edo desorekak konpentsatuz. Gainera, azpimarratu du, aurreko deialdietan bezala, Hezkuntza Sailak bermatzen duela baldintzak betetzen dituzten familia guztiek jasoko dutela laguntza ekonomikoa. Horretarako, deialdi honen zenbatekoa handitu egingo litzake, beharrezkoa izanez gero. Bildarratzek, halaber, nabarmendu du, familiei izapideak errazteko, azken ikasturte honetan bekaren onuradun izan diren ikasleei dagoeneko betetako inprimakia emango zaiela.

Bestetik, Unibertsitate Sistemaren Planari lotutako kontratu-programak onartu dira. Plan horrek Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu batzuk biltzen ditu, unibertsitateei lotutako politikak, eta horiek lortzeak aukera emango die UPV/EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari kontratu-programen bidez esleitutako partidak eskuratzeko.

Kontratu-Programa horiek finantzatzeko inbertsioa 235, 2 milioi eurokoa da, hau da, aurreko aldian (2019-2022) baino % 17,8 gehiago. Zehazki:UPV/EHUk 162,6 milioi euro jaso ahal izango ditu; 40,1 milioi Deustuko Unibertsitaterako; eta 32,4 milioi Mondragon Unibertsitatearentzat. Programa-kontratuen barruan, 3 jarduera-eremu estrategiko daude, eta horietan 122 ekintza zehatz daude. Hauek dira esparruak: bikaintasun-zientzia, Unibertsitatea+Enpresa+Gizartea, eta Unibertsitatea+Irakaskuntza berritzailea.

Onartutako beste puntu batek udal-titulartasuneko musika-irakaskuntzen ikastetxeetara garamatza. Zehazki, diru-laguntzen deialdia egiten da 2022-2023 ikasturteko zentro hauen kostuak finantzatzen laguntzeko, irakaskuntza arautuan zein arautu gabean. Agindu honek 13,6 milioi euroko zenbatekoa du.

Eta azkenik, milioi erdi euro onartu da Erasmus+ programaren esparruan, Lanbide Heziketaren barruan, ikaskuntza-arrazoiengatik mugikortasun-ekintzak antolatzeko eta garatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak