Berriak Osasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 2030 osasun plana onartu du Euskadi osasuntsuago baten buru izateko herritarren osasuna bermatuz eta inor atzean utzi gabe (Gobernu Bilera 2023-7-4)

2023-07-04
  • Horretarako, 4 helburu nagusi zehazten ditu: haurren eta nerabeen osasun-garapena sustatzea; zahartze aktiboa eta bizitza osokoa sustatzea; euskal biztanlerian saihestu daitekeen morbi-hilkortasuna gutxitzea; eta osasun-arloko desberdintasunak murriztea 
  • Osasun Planean 175 pertsona inguruk parte hartu dute, osasun-sistemako erakundeetako ordezkariek, baita biztanleriaren osasuna hobetzeko eta osasun-arloko desberdintasun sozialak murrizteko politika eta ekintza erabakigarriak dituzten sektoreetako ordezkariek ere 

Gobernu Kontseiluak Euskadi 2030 Osasun Plana  onartu du gaur, Euskadi osasuntsuago baten buru izateko datozen urteetan garatuko dituen osasun-politikak zehazten dituen ibilbide-orria, herritarren osasuna bermatuz eta inor atzean utzi gabe.

Xede hori lortzeko zehazten dituen helburuen artean, lau nabarmentzen dira nagusiki: haurren eta nerabeen osasunean garapena sustatzea; zahartze aktiboa eta bizitza osokoa sustatzea; euskal biztanlerian saihestu daitekeen morbi-hilkortasuna gutxitzea; eta osasun-arloko desberdintasunak murriztea.

Era berean, eta aurreko jomugei dagokienez, Planaren asmoa da laguntza-sistemen kalitatea eta osasun publikoko sistema indartzea; ingurumenaren osasuna zein  hirigune eta gizarte-ingurune osasungarriak sustatzea; eta pertsonek beren osasunean duten protagonismoa areagotzea. Baita osasun-arloko ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustuari eustea ere.

Horretarako, honako printzipio gidari hauetan oinarritzen da: hazkunde jasangarriari egiten dion ekarpena; bizitzaren ibilbidearen perpektiba, bizi-etapa bakoitzeko osasunean inbertitzeko beharra dakarrena; osasuna politika guztietan; osasun-arloko desberdintasunak murriztea; genero-ikuspegia; Osasun bakarraren (One Health) kontzeptua edo gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko interdependentzia; osasuna babestea mehatxu global eta azaleratu berrien aurrean (klima-aldaketa); eta ikuspegi parte-hartzailea

Esparru kontzeptual horretatik abiatuta, eta Euskadiko biztanleriaren osasunaren egoera, pandemiak osasunean izandako eragina eta aurreko 2013-2020 Osasun Planetik ateratako ikasbideak kontuan harturik, Osasun Plan berriak 10 helburu eta bere baitan 70 ildo estrategiko inguru zehazten ditu bere azken xedea lortzeko: hemendik 2030era Euskadiko biztanleriak, adina, generoa, klase soziala, jatorria, bizilekua edo beste ezaugarri batzuk bereizi gabe, osasun-maila altuagoak lortzea.

Guztira zehaztutako 10 helburuetatik 3k zeharkako izaera dute:

  • Osasun-desberdintasunak murriztea
  • Pertsonak beren osasunaren eta ongizatearen protagonista eta eragile aktibo izan daitezen lortzea
  • Eta erakundeen eta eragile eta maila guztien arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzea, politika guztietan osasuna bermatze aldera

Euskadi 2030 Osasun Planak ezartzen dituen gainerako helburuak, laburbilduz, honako hauek dira:

  • Haurrak eta nerabeak beren osasun-potentzial guztiarekin jaio, hazi eta gara daitezen lortzea.
  • Osasuna hobetzea eta hilkortasuna murriztea.
  • Bizitza osoaren ikuspegira bideratutako zahartzea
  • Jasangarritasuna eta bikaintasuna lortzea, kalitateari, humanizazioari eta segurtasunari dagokienez, Euskadiko asistentzia-sistema sanitarioetan eta soziosanitarioetan.
  • Osasun Publikoaren Sistema indartzea, egungo erronkei eta erronka berriei aurre egiteko.
  • Ingurune eta komunitate osasungarriak, jasangarriak eta erresilienteak sortzea eta garatzea, eta klima-aldaketari erantzutea.
  • Euskadin ikerketan eta berrikuntzan inbertitzea eta osasunean eragiten duten sistemak hobetzeko aplikatzea. 

Euskadi 2030 Osasun Planean planteatutako helburuek lotura estua dute garapen jasangarriaren helburuekin (GJH), eta horrek jarduera-eremu partekatua eskatzen du. GJHak osasunerako baldintzak eta aurrebaldintzak dira, eta osasuna, berriz, garapenerako. Horrela, 3. GJHtik haratago (Bizitza osasuntsua bermatzea eta guztiontzako ongizatea sustatzea adin guztietan), GJHek osasunaren eta osasun-arloko desberdintasunen baldintzatzaile zuzenak azpimarratzen dituzte, besteak beste gosea eta pobrezia amaitzea, enplegua lortzea, hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa ziurtatzea, genero-berdintasuna lortzea, ingurumena hobetzea eta klima-aldaketari aurre egitea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan