Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, ekaina bustia eta oso beroa izan da

2023-07-04
  • Ekaitzek prezipitazioen errekor ugari ekarri dituzte
  • Mende honetako bigarren ekainik beroena izan da

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ekaina hezea eta oso beroa izan da Euskadi osoan. Ekaitz-zaparraden maiztasun handiak prezipitazio-balio altuak utzi ditu, bai hilabeteko metatuei dagokienez bai orduan botatako prezipitazioen intentsitateari dagokionez ere. Bestalde, ekaineko batez besteko tenperaturak oso beroak izan dira, eta mende honetako bigarren ekainik beroena izan da, beraz, 2003koaren atzetik.   

Euskalmeten arabera, ekaineko batez besteko tenperaturak 20 ºC inguruan ibili ziren kostaldean, eta Arabako Lautadan 18ºC-ra iritsi ziren. Balio horiek Euskadirako 2,4 ºC-ko anomalia positiboa markatu dute 1981-2010eko batez besteko normalaren gainetik. Hala eta guztiz ere, ez da tenperatura maximo bereziki altuak izan dituen egunik izan.  Horrela, ekainaren 24an erregistratu ziren baliorik altuenak, baina ez ziren 35 ºC-ra iritsi (Gardea 34,8 ºC, Zambrana 34,3 ºC). Tenperatura minimoei dagokienez, hilaren 8ko balio altuak nabarmendu ziren (Behobia 21,5 ºC, Oiartzun 21,3 ºC).

Bestalde, intsolazioa urte-sasoi honetan ohikoa denaren azpitik egon da, eguzki-orduak % 14 gutxiago izan dira. Horrela, 177 eguzki-ordu zenbatu dira Gasteizen, 169 Donostian eta 166 Bilbon.

Prezipitazioari dagokionez, ekainean zehar erregistratutako prezipitazio-kopuruaren arabera hilabete hezea izan da Euskadi osoan. Ekaitz-zaparradak hilabete osoan izan dira, eta erregistro esanguratsuak utzi dituzte, bereziki intentsitateari dagokionez. Horrela, hamaika egunetan erregistratu dira prezipitazio oso ugariak ordubetean, hain zuzen ere, 30 l/m²-tik gorakoak, eta horietako hirutan 60 l/m²-tik gorakoak izan ziren.

Ekaitzek prezipitazio-balioen errekorrak utzi dituzte, bai egun batean metatutako balioari dagokionez, bai orduan eta hamar minutuan botatako prezipitazio maximoari dagokionez. Alde horretatik, orduko prezipitazio-intentsitaterik handiena Navarreteko estazioan erregistratu zen ekainaren 11n, 74,4 l/m², hain zuzen ere, eta Euskalmeten estazio-sarean edozein urte-sasoitan inoiz erregistratu izan den bigarren baliorik handiena da. Gainera, hilaren 12an urteko hamar minutuko prezipitazio maximoen errekorra hautsi zen estazio hauetan: Cerrojan, 14,5 l/m² 10 minutuan eta Balmasedan 12 l/m², kasu honetan ere 10 minutuan.

Bestalde, egun batzuetan ekaitzarekin txingorra bota du, eta nabarmentzekoa da ekainaren 20an Zuian eta Zumaian egindako tamaina handiko harria.  

Muturreko meteorologiari dagokionez, ekainean Jaurlaritzak 12 abisu hori aktibatu zituen, guztiak ekaitzarekin lotutako prezipitazio ugariengatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak