Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkorekak Frantziako Tourrean lan egin duten poliziako eta larrialdietako taldeei: “Zoriondu egin nahi zaituztet munduko nazioarteko kirol-ekitaldi garrantzitsuenetako baten maila anitzeko segurtasun integrala hutsik gabe kudeatu duzuelako”

2023-07-04

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua kazetarien aurrera agertu da Gobernu Kontseiluaren ondoren, Euskaditik igaro den Frantziako Tourrerako euskal erakundeek prestatutako segurtasun-operatiboaren balantzea egiteko. 

Sailburuaren hitzetan operatiboak “erabateko arrakasta izan du. Aurrekaririk ez zuen erronka zen herrialdeko Segurtasun Publikoaz arduratzen diren agente guztientzat” eta “esan dezakegu Euskadik ezin hobeto aurre egin diola erronka horri”. Hori dela eta, Josu Erkorekak zorionak eman dizkie Eusko Jaurlaritzaren izenean Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen dute talde horiei guztiei eta bakoitzari (Ertzaintza, udaltzaingoak, Osakidetza, 112 SOS Deiak, mugikortasuna eta trafikoa kudeatzeko taldeak eta hiru hiriburuetako eta hiru foru-aldundietako suteak itzaltzeko taldeak), “munduko nazioarteko kirol-ekitaldirik garrantzitsuenetako baten maila anitzeko segurtasun integrala hutsik gabe kudeatu duzuelako”, esan du. Ertzaintza 

Esku-hartzean aipamen berezia egin dio Ertzaintzari, Tourraren Segurtasun Publikoaren Gida Plana prestatzeko, zuzentzeko eta gainerako poliziekin koordinatzeko arduradun gisa egin duen lanagatik. “Lan zorrotza eta zehatza izan da, eta hainbat hilabetetan xehetasunez prestatu dute Ertzaintzako profesional bikainek Tourraren antolatzaileekin, Jendarmeriarekin eta Frantziako Polizia Nazionalarekin batera. Eta landu den plan horretan egunean unitate guztietako ia bi mila agentek parte hartu dute”, esan du. 

Josu Erkorekaren arabera, Ertzaintzako agenteek berriz ere “egiaztatu dute polizia integral eta gaitu baten parte direla, aurrean duten segurtasun publikoaren arloko edozein erronkari aurre egiteko gai direla. Beti parte hartu izan dute herri honek bizi izan dituen une garrantzitsuetan”, Zerbitzu Publikoaren aldeko euren “konpromisoa, erantzukizuna eta ardura” erakutsiz, “Euskal gizarte osoa zainduz eta babestuz hau bezalako une historiko eta berezian”. 

Gizartearen erantzuna

Azkenik, lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak herritarren erantzuna eskertu nahi izan du. Alde batetik, Tour Lagunen lan “altruista eta eskuzabala” eta, bestetik, herritarrei eskerrak eman dizkie mugikortasunean eragindako eragozpenen aurrean eman duten erantzunagatik. Adierazi duenez, kaleetan mozketak eta noranzko aldaketak egin behar izan dira, baina “herritarrek ulertu egin dute eta portaera eredugarria izan dute agintarien jarraibide guztiei jaramon eginez”.    

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan