Berriak Segurtasuna
qrcode

Hiru lan-mahai arduratuko dira, koordinatuta eta aldi berean, Euskaditik igaroko den Frantziako Tourraren segurtasuna eta mugikortasuna zaintzeko makro operatiboaren kontrolaz eta jarraipenaz

2023-07-01
  • Goizko 8etan osatu dira polizien koordinaziorako eta trafikoko eta larrialdietako mahaiak
  • Handik ordu eta erdira osatu da, Josu Erkoreka buru dela, Segurtasunaren Jarraipen Mahaia

Gaur goizeko 8etan osatu da, Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian, Polizien Koordinaziorako Mahaia Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak zuzenduta. Mahai horrek gainbegiratuko ditu, Ertzaintzako unitate guztietako, Frantziako Polizia Nazionaleko eta Jendarmeriako polizia-agintariekin batera, Frantziako Tourraren Grand Départ Pays Basqueko Euskadiko hiru etapetako segurtasuna eta mugikortasuna zaintzeko dispositibo handiarekin erlazionatutako alderdi guztiak.

Aldi berean, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Mahaia deitu dute Bilboko Larrialdiak Koordinatzeko eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroan (Txurdinagan), trafikoko larrialdi edo gorabehera bat gertatuz gero esku hartuko duten euskal erakundeen ordezkariak elkartzeko: Osakidetza, Trafikoa, suteak itzaltzeko taldeak, eta abar.

Handik ordu eta erdira, 9:30ean, eta kasu honetan ere Bilbo-Txurdinagako egoitzan, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Frantziako Tourreko Segurtasunaren Jarraipen Mahaian ordezkatuta dauden kargudunak elkartu ditu: Segurtasuneko sailburuordea eta Ertzaintzako, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako, Trafikoko, Poliziaren Koordinaziorako eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendariak.   

Operatibo integrala eta maila anitzekoa

Euskaditik igarotzen diren Frantziako Tourraren hiru etapetarako diseinatutako Segurtasunaren Gida Plana Euskadin aurrekaririk ez duen plan integral bat da; izan ere, asteburu berean elkartuko dira Gran Départ Pays Basque, 2023ko Udako Irteera-Itzulera Operazioa eta Itsasarteko Pasabide Operazioa.

Euskadiko segurtasun publikoan inplikatuta dauden erakunde eta entitate guztien artean koordinatutako makro-dispositiboa da: Ertzaintza, Tourraren hiru etapek zeharkatuko dituzten herri guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru-aldundietako larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak, Osakidetza, errepideak eta trafikoa kontrolatzeko talde instituzionalak, eta abar.

Koordinazio-mahaiek denbora errealean jasoko dituzte irudiak, eta etengabe egongo dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren kokatuta egongo den Frantziako Tourraren Koordinazio Zentroarekin komunikatuta.

Kontingentzia Plana

Lasterketaren zirkuitua moztuta egongo den orduetan larrialdiren bat gertatuz gero, Ertzaintzak 166 puntu ezarri ditu, eta talde profesionalak premiaz eta segurtasun-baldintzetan sartu ahal izango dira puntu horietatik. Beharrezkoa izanez gero, larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak sarbide-puntu horietako batetik sartu ahal izango dira zirkuitura, lasterketaren noranzkoan bakarrik eta Ertzaintzaren berariazko baimena jaso ondoren. Inork ezingo du lasterketaren zirkuitura sartu larrialdietarako sarbide-puntu gisa diseinatuta ez dagoen lekutik, ez kontrako noranzkoan, ezta Ertzaintzaren eskoltarik gabe ere, larrialdiaren arriskua eta maila ebaluatu ondoren.

Ertzaintzak prestatutako hiru etapetako ibilbiderako kontingentzia-plan horretaz gain, EAEko hiru hiriburuetako udaltzaingoek hiru plan propio eta espezifiko diseinatu dituzte, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako ezaugarri zehatzekin.

2.190 mozketa-puntu

Probaren segurtasuna bermatzeko eta nazioarteko txirrindularitza-probak zeharkatzen duen zirkuitu itxian oinezkorik, ibilgailurik, objekturik edo animaliarik sar ez dadin, Ertzaintzak 2.190 mozketa-puntu diseinatu ditu. Bidegurutzeak, biribilguneak, sarbide-erreiak, zerbitzu-bideak, errepideetara ematen duten landa-bideak, industrialdeetarako sarbideak eta abar dira. Horietan, segurtasun-ekipoak egongo dira lasterketarako sarrera debekatuak kontrolatzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak