Ireki da Ignacio Ellacuría Sarira hautagaiak aurkezteko epea
eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak urtero ematen duen Ignacio Ellacuría 2023ko sarirako hautagaiak aurkezteko deialdia uztailak 31ra arte egongo da zabalik. Euskadin helbide soziala edo ordezkaritza duten garapenerako lankidetzarako erakundeek aurkeztu ahalko dituzte hautagaitzak, eta saria emateko proposamena instituzioen zein GGKEn ordezkariez osatutako epaimahai batek egingo du.
Sariaren xedea da Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana aitortzea. Era berean, sari honen bidez eLankidetzak lankidetzaren esparruko lorpen eta ekarpen esanguratsuen hedapena ere bultzatu nahi du, euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko.
Bestalde, saridunak izan daitezke honako hauek: irabazi-asmorik gabeko herrialde pobretuetako toki-erakundeak, euskal lankidetzarekin harremana dutenak eta haien komunitatean garapenaren alde ekarpen esanguratsua eta nabarmena egiten dutenak; irabazi-asmorik gabeko euskal erakundeen ekimenak; pobretuetako herrien garapenaren alde lan egin duen euskal jatorriko pertsona; eta euskal lankidetzarako erreferenteak diren nazioarteko eremuko pertsonak.
Eskakizunak modu telematikoan egin behar dira, www.elankidetza.euskadi.eus webguneko “deialdiak” atalean edota www.euskadi.eus atariko “laguntzak eta dirulaguntzak” atalean. Interesdunek informazioa jasoko ahalko dute agencia@elankidetza.eus helbidera idatziz edo 945 01 80 79 telefonora deituz.
Entitate eta pertsona saridunak
Aurreko edizioetako saridunak bost pertsona eta sei erakunde izan dira. Lehenengoen artean daude, Vandana Shiva (2022), Anna Ferrer (2019), Mikel Ayestaran (2018), Lolita Chavez (2017), José Angel Cuerda (2015) eta Begoña Etayo (2012). Erakundeen artean daude, Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Madres de Abril elkartea (2021), Saharar Emakumeen Batasun Nazionalaren Aldeko Euskal Sarea (2012), FIARE Fundazioa (2011), El Salvadorreko Asociación de Mujeres por la Dignidad y la Vida, Las Dignas (2010) eta Euskadiko GGKEn Koordinakundea (2009).