Berriak Ekonomia eta Ogasuna
qrcode

Estatuko ekaineko KPIaren eta eraikuntza-kostuen moderazioa jasotzen du gaur Astekonomiak, baita saltoki handietako salmenten igoera ere

2023-06-30

Estatuko KPIak ekainean izan duen moderazioa —maiatzarekin alderatuta nabarmen jaitsi da— abiapuntu du gaur Astekonomiak. Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen laburpen honek, halaber, maiatzean saltoki handietako salmentek izandako igoerari eta eraikuntza-kostuetan izandako moderazioari erreparatzen dio gaur.

Ekainean, INEk aurreratutako adierazlearen arabera, Estatuko KPIa % 1,9koa izan zen, hau da, maiatzean baino 1,3 puntu txikiagoa. Bilakaera horren arrazoi nagusia da txikiagoa izan dela erregaien, elektrizitatearen, eta elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioen igoera iazko ekainekoa baino. Halaber, azpiko inflazioa % 6,1etik % 5,9ra igaro zen.

Bestalde, maiatzean saltoki handietako eta elikadura-kateetako salmentak % 0,4 gehitu ziren aurreko urteko hil beraren aldean. Bilakaera horri esker, serie historiko osoko mailarik altuena ezarri zuten maiatzerako. Elikagaien salmentak igoera horretan parte hartu zuen, % 2,4ko hazkundearekin, eta gainerako produktuek, berriz, % 3,3 egin zuten behera.

Era berean, Astekonomiak Euskadiko eraikuntzaren kostuei buruzko adierazleari heldu dio. Kostu horiek moteltzeko joerarekin jarraitu dute, eta % 4,2 igo dira 2022ko hil beraren aldean. Lehengaiek % 4,9ko gorakada izan zuten, eta eskulana % 2,1 garestitu zen. Bestalde, eraikuntzako prezioak % 4,7 igo ziren, eta obra zibilekoak % 2,3.

Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan