Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Gomendio nagusia da erosketa-txartela gordetzeko, kasu askotan produktuen bermearen balio berekoa baita

2012.eko urtarrilak 05

Urtarrilaren 7an hasiko da 2012ko lehenengo merkealdi-kanpaina, eta martxoaren 31ra bitarte iraungo du. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak gogorarazi nahi digu merkealdiak merkataritza-aukera bat direla eta bi helburu izan ohi dituela: saltokientzat, denboraldian saldu gabe geratu diren produktuak saltzea, eta kontsumitzaileentzat, berriz, produktu horiek, kalitate eta berme berberak izanik, merkeago erosteko aukera izatea.

Erosketa onak egiteko gomendagarriena da zer erosi behar dugun aurretik pentsatzea, zer behar dugun kontuan hartuta, bai eta gehiegizko publizitateak sustatutako portaera oldarkorrak saihestea ere, betiere kontsumo-ekintza guztietan arduraz eta modu kritikoz jardunez. Garrantzitsua da halaber, kontsumitzaileek, erositako produktuak itzuli ahal izateko, saltokiek ematen duten informazioari arreta jartzea Legeak ez du dirua itzultzera behartzen, baina zenbait establezimenduk itzultzen dute; beste batzuk ordea, beste era bateko formulak erabiltzen dituzte, esaterako, itzuli nahi den produktuaren zenbateko bereko bonoa ematea. Horregatik guztiagatik adi gomendio hauei:

 

  1. Merkealdiek gutxienez astebete eta gehienez bi hilabete iraun behar dute. Saltoki bakoitzak adierazi behar du zenbat iraungo duten merkealdiek bere establezimenduan.
  2. Ezin dira merkeago saldu merkealdiak hasi baino gutxienez hilabete lehenago prezio arruntarekin merkaturatu gabeko produktuak. Halaber, ezingo dira merkeago saldu, hondatu egin direlako edo beste edozer arrazoi tarteko, balioa galdu duten produktuak ere, eta salgai-hondar gisa baino ezingo dira iragarri. Ez dira nahastu behar merkealdiak eta likidazioak. Likidazioak ez ohiko egoerengatik izaten dira, esaterako: jarduera itxi, merkataritza norakoa aldatu, edo saltokia tokiz aldatu behar delako. Merkataritza jardunean zenbait produktu sustatzeko egiten diren eskaintzak edo sustapen-ekintzak ere ez dira merkealdiak.
  3. Merkealdiek establezimenduko produktu guztiei eragiten ez badie, ondo bereizi behar dira merkatutako produktuak eta merkatu ez direnak.
  4. Merkatutako produktuek behar bezala etiketatuta egon behar dute, eta zer osagairekin eginda dagoen adierazi.
  5. Prezioa ageri den txarteletan merkealdien aurreko prezioa eta merkealdietakoa agertu behar dute.
  6. Erakusleihoetan jartzen diren produktuek kanpotik ikusteko moduan ageri behar dute prezioa.
  7. Saltokiek eskaintzen dituzten ordainketa-modu berberak eskaini behar dituzte merkealdietan ere; hala ez bada, argi eta garbi adierazi behar dute.
  8. Beti eskatu behar da ordaintxartela edo erosketa-faktura , eta ondo gorde, erreklamaziorik egin nahi bada, aurkezteko.
  9. Establezimenduek onartu egin behar dituzte produktu akastunen itzulketak.
  10. Ondasun iraunkorrak erosten badira, esaterako, etxetresna elektrikoak, produktuak bi urteko legezko bermea izaten jarraituko du. Lehenengo sei hilabeteetan merkatariak egiaztatu behar du produktuaren edo ondasunaren akatsa ez dela fabrikazio-akatsa, eta sei hilabetetik aurrera, berriz, kontsumitzaileak, produktuaren akatsa ez dela erosi ostekoa.
  11. Berme-aldian dauden produktuen erreklamazioak egiteko, ezinbestekoa da ordaintxartela edo ordainagiria gordetzea, noiz erosi den egiaztatzeko. Garrantzitsua da halaber, produktuarekin erlazionatutako dokumentazio oro gordetzea: publizitatea, emate-agiriak, merkataritzako bermea (establezimenduak eskaini badu), hau da, epeak, produktuaren ezaugarriak, saltzailearekin hitzartutakoak eta abar egiaztatzeko balio dezakeen edozer dokumentazio.

Edozein gorabehera izan edo informazio nahi izanez gero Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutura, Kontsumobidek EAEko hiru hiriburuetan dituen lurralde-zerbitzuetara, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetara (KIUB) edo kontsumitzaileen elkarteetara jo dezakete kontsumitzaileek, edo 900 600 500 harretarako doako telefono-zerbitzua erabili bestela, edo kontsumoko web-orria kontsultatu: Kontsumobide.net.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan