Berriak Hezkuntza
qrcode

EIJO-Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak hiru kontzertu eskainiko ditu uda honetan

2023-06-28
  • Ekainaren 30ean Amurrion, uztailaren 1ean Azkoitian eta uztailaren 2an getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiaren programazioan; horiek izango dituzte Euskadiko ikaslerik bikainenek kontzertuak eskaintzeko hitzorduak
  • Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako 29 ikaslek osatzen dute EIJO
  • Instrumentazioagatik eta soinuagatik, bakarra da EIJO munduan; Big Band-en errepertorio tradizionala Euskal Herriko musika tresnekin fusionatzen du

Uda iritsi da, eta ikasleen oporrak ere bai. Eta azken urteetan gertatzen ari den moduan, musika onaz gozatzeko hitzorduak ere hemen dira, EIJO - Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren eskutik. Euskal musika tradizionalaren ukitu eta kutsu nabarmeneko aireak, Big Band baten ikusgarritasunean txertatuta. Gutxitan ikusten den zerbait, bai bere instrumentazioagatik eta bai soinuagatik. 14 urtetik 20ra bitarteko 29 neska-mutil gaztek osatzen duten taldea, Euskadiko jazzaren eta folklorearen etorkizuna. Nazioarteko entzutea duten hainbat konpositorek beren-beregi EIJOrentzat idatzitako lanak joko dituzte datozen egunetan. Luis Verde, Miguel Blanco, Chris Kase, Alain Sancho eta Carlos Sagik idatziriko musika izango da: Big Band batentzako konposatutako errepertorioa, Euskak Herriko musika-tresnekin fusionatuta. Albokari, txiatuari, txalapartari eta trikitiari leku egiten baitio ikasleen proiektu honek.

Horrela bada, aste honetako astelehenean, ekainaren 26an hasi eta uztailaren 2ra bitartean, igandea, EIJOko musikari gazteak astebeteko kontzentrazioa egiten ari dira Azkoitiko Abaraxka aterpetxean, datozen egunetan eskainiko dituzten kontzertuak entseatu eta prestatzeko. Aurten hiru kontzertutan joko dute ikasleek Big Band taldearen errepertorioa. Lehenengo kontzertua ekainaren 30ean izango da, Amurrio Antzokian, arratsaldez; bigarrena uztailaren 1ean, Azkoitiko Balda plazan, 20:00etan; eta azkena, uztailaren 2an, Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiaren egitarauaren barruan.

Ohikoa denez, taldeak 60 minutu inguruko errepertorioa eskainiko du aipaturiko herri horietan. Horretarako, hainbat enkargu eskatu zaizkie nazioartean ospe handia duten hainbat konpositoreri, eta horiek beren-beregi idatzi dute EIJOrentzat. Nabarmentzekoa da EIJOren instrumentazioa eta sonoritatea bakarra dela munduan, Big Band tradizionalaren errepertorioa eta Euskal Herriko bertako instrumentuak uztartzen baititu. Taldearentzat obrak idatzi dituzten konpositoreak honako hauek izan dira:

  • Luis Verde: konpositore eta saxofonista, jazz musikan bere belaunaldikoen artean garrantzitsuenetakoa. Norvegian konposizioa ikasten dihardu.
  • Carlos Sagi: perkusiojolea, pedagogoa eta konpositorea. SGAEren Big Band-erako konposizio lehiketearen irabazlea.
  • Chris Kase: tronpetista amerikarra eta Musikeneko irakaslea. Munduko jazz musikari onenekin aritu iza da.
  • Miguel Blanco: Gammy sariduna, Latin Jazz diskorik onenagatik. SGAEren Jazz konposizio lehiaketako irabazlea.
  • Alain Sancho: European Blues Challenge lehiaketaren irabazlea Travellin Brothers taldearekin, eta Bilboko Kontserbatorioko irakaslea. EIJoren koordinatzaile ere bada.

Euskadiko ikaslerik bikainenak

2023 honetan EIJO osatzen duten 29 musikari gazteak joan zen abenduaren 18an Donostiako kontserbatorioan egin ziren hautaproben bidez aukeratu ziren. Proba horietan Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikaslerik bikainenak aukeratu ziren, kalitaterik goreneko instrumentazioa lortzea izaten baita helburua urtero. Aurtengo instrumentazioa eta protagonistak honako hauek dira:

  • Ahotsa: Ariane Cagno eta Dánae Riaño.
  • Alboka: Hector Viñas.
  • Bateria: Mikel Apellániz, Jon Tubia eta Miguel Robles.
  • Baxu elektrikoa: Ibai Espino eta Joxe Zeberio
  • Gitarra elektrikoa: Marcos García.
  • Pianoa: Itxaso Alberdi eta Leire Matovelle.
  • Saxofoia: Paul Muñoz, Hugo Domínguez, Enara Eguileta, Mario Arroyo eta Izan Quintela.
  • Trikitia: Ander Alkain.
  • Tronboia: Asier Zufiaur, Adrián Zarrabeitia, Asier Gutiérrez eta Hector Dominguez.
  • Tronpeta: Aitor Abio, Imanol Suberviola, Xabier Aguado eta Oier Arrondo
  • Txalaparta: Urtzi Amuriza, Pau Egea eta Mara Albistur.
  • Txistua: Oiher Palacios.
  • Zuzendaria: Alain Sancho
  • Irakasleak: Noa Lur, Iban Gurrutxaga, Iñar Sastre, Rubén Salvador, Carlos Sagi.

 

EIJO -- Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra

2023ko uda

Director: Alain Sancho

 

 

Egonaldia eta entseguak

Ekainak 26 – uztailak 2

Abaraxka aterpetxea - Azkoitia

 

 

 

Kontzertua

Uztailak 1, larunbata

Azkoitia, Balda plaza

20:00etan

 

 

Kontzertua

Ekainak 30, ostirala

Amurrio, Amurrio Antzokia

20:00etan

 

 

Kontzertua

Uztailak 2, igandea

Getxo, Algortako Metroaren geltokiko plaza

(Nazioarteko Jazz Jaialdia)

13:00etan


Zer da EIJO?

EIJO, Euskadiko Jazz Ikasleen Orkestra, Hezkuntza Sailak bultzatutako proiektu  bat da, hezkuntza eta musika uztartzen dituena, eta Euskadin musika-prestakuntza jasotzen duten ikasleen artean musika modernoa, jazz-bertsioan, sustatzeko eta lantzea du helburu. Proiektua 2015ean sortu zen, Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO) hasitako esperientziari jarraituz. EIO ere Euskadiko kontserbatorio eta musika eskoletako ikasleek osatzen duten orkestra sinfonikoa da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak