qrcode

Eusko Jaurlaritzak erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2023-6-27)

2023-06-27

Gobernu Batzordeak, gaurko bileran dekretu berri bat onartu du, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena. Arau berri honek “Bikain” kalitate ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatuko du eta Bikain ziurtagiriez gain, beste bereizgarri eta aitortza batzuk integratu ditu. Dekretu berri honek euskararen normalizaziorako pausoak ahalik eta entitate gehienek egiteko aukera emango du.

Onartu berri den dekretuak Bikain ziurtagiriez gain, aurreko ziurtagiri bakarrak, beste bereizgarri, eta aitortza batzuk integratu ditu. Modu honetan, euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko apustua egiten da. Aurreko dekretuan Bikain ebaluazio sistematik hiru maila baino ezin zituzten lortu entitateek: goi-mailakoa, erdi-mailakoa eta oinarrizkoa. Orain, onartutako dekretuari esker, horiez gain, “Euskara barra barra” bereizgarria eta “Harrobi diploma” aitortzak gehitu zaizkie. Horretaz aparte bestelako aldaerak ere sortzeko aukera ematen du dekretuak. Beraz, beste aldaerak egon ezean, aitortza eskala hurrengo hau izango da:

  1. Euskaraz Barra Barra
  2. Harrobi Diploma
  3. Bikain: oinarrizkoa
  4. Bikain: erdi-mailakoa
  5. Bikain: goi-mailakoa

Modu honetan, ebaluazio prozesua eraginkorragoa izango da, bi aitortza berriei esker (“Euskara barra barra” bereizgarria eta “Harrobi diploma”); entitate pribatuek euskararen kudeaketan aurreneko pausoak modu erraz baten egin ahal izango dituzte eta harrobi izango dira “Bikain” ebaluazioan murgiltzeko. Bestalde, dekretu honen bidez erakunde bakoitzeko euskararen erabileran erreferentziakoak diren erakundeko unitateak aurkez daitezke eta modu honetan, trakzio lana egin ahal izango dituzte erakundean bertan.

BIKAIN

Aurreko dekretuari esker, hamabost urtez euskararen erabilera areagotu nahi izan duten erakunde publiko eta pribatuei ekarpen kualifikatuak egin dizkie BIKAIN ziurtagiriek, baita euskararen normalizazioan egindako lana aitortu ere. BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak 2008tik ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da.

EUSKARA BARRA BARRA (E//)

Bereizgarri  berria da eta hau eduki nahi dituzten entitateek euskaldunei estres linguistikoa ekiditeko neurriak hartuko dituzte eta erabiltzaile edo bezeroek euskaraz berba egin ahal izango dute, lasaitasunez.

HARROBI DIPLOMA

Berria da. Euskararen kudeaketan lehen pausoak ematen dituzten entitate pribatuen artean euskararen erabileraren sustapena egiteko konpromisoa hartzen dutenei emango zaie.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko