Berriak Lehendakaritza
qrcode

Tourra aukera paregabea izango da Euskadiren irudi positiboa munduan proiektatzeko

2023-06-27

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera. Gizarte Politiketako sailburuak Haurren eta Nerabeen Legearen aurreproiektua aurkeztu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Tourra hasteko 4 egun falta direnean, azpimarratu du “jaialdi hau” Euskadiren irudi positibo bat munduan proiektatzeko aukera paregabea izango dela. Gainera, Bingen Zupiriaren arabera, aukera ona izango da, batez ere, txirrindularitza zalentzat, baina baita gainerako biztanleentzat ere, “kolorez eta interesez” betetako ikuskizunaz gozatu ahal izateko.

Azken prestaketei dagokienez, Zupiria sailburuak azaldu du herritarrei mugikortasunari buruzko mugei buruzko informazioa eskaintzen ari zaiela, Tourraren garapen egokirako beharrezkoak diren azpiegitura guztiak prestatzen ari direla eta boluntarioekin koordinazio-lan handia egiten ari direla. Grand Départ baino lehen, ostegunean taldeen aurkezpena egingo dela gogorarazi du.


GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lan eta Enplegu sailaren eskutik, eta Inklusiorako V. Euskal Planaren barruan, Kontseiluak 2 milioi euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du gizarteratzeko proiektu esperimentalak egiteko, bazterkeriaren aurkako estrategian sakontzeko eta desberdintasun hori eragiten duten faktoreei erantzuteko. Laguntza hauek bi erakunde publikoren artean banatuko dira: Vitoria-Gasteizko eta Donostiako udalak, eta gizarteratzera bideratutako irabazi-asmorik gabeko zortzi erakunde pribatu. Zupiriak azaldu duenez, propiektu hauen helburua izango da, modu berezi batean, emakumeak, desgaitasun psikikoa edo intelektuala duten pertsonak edota osasun mentaleko arazoak eta adikzioak dituztenak laguntzea. 

Hezkuntza arloan, Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea eta lankidetza sustatzeko haren organo eta elkarteetan, Jaurlaritzak laguntza-deialdi bat onartu du prestakuntza-jarduerak diruz laguntzeko. Partida ia 900.000 eurokoa izango da eta diruz lagundu beharreko jarduerek lotura izan behar dute ikasleen osasun emozionala hobetzearekin, bizikidetza positiboarekin, euskararen erabilera sustatzearekin edo pertsona guztien gaitasun digitala hobetzearekin, guztiak ikuspegi inklusibo eta hezkidetzaile batetik.

Gobernuak, halaber, 2023ko bigarren seihilekora luzatu nahi du bidaiarien garraioko operadore publikoentzako laguntzak, laguntza horien ondorioz herritarren bidaiek % 50eko deskontuekin jarrai dezaten. Horretarako garraio enpresei emandako kreditu globalak sei milioi eurotan handitzea onartu du gaurkoan. Zenbateko berri horri gehitu behar zaio dagoeneko hamabi milioi euro bideratu zirela garraio publikoko operadoreei diru-sarreren murrizketaren kostuari aurre egiten laguntzeko, erregaien prezioen gorakadaren testuinguruan eta eguneroko mugikortasun-beharretan garraio publikoaren erabilera bultzatzen saiatuz.

Osasun sailaren eskutik, Jaurlaritzak 180.000 euroko partida bat onartu du osasun-arloko profesionalak prestatzeko beken eta laguntzen 2023ko deialdirako. Laguntza horiek Euskal Osasun Sistemako osasun-langileek beren lanbide-jardunean duten gaikuntza handitzea dute helburu.

Eta Osasun Sailarekin jarraituz, bi hitzarmen onetsi dira. Alde batetik, lankidetza-hitzarmena Josep Carreras Fundazioarekin, Euskadin Hezur-muin Emaileen Erregistroaren garapena bermatzeko. Hitzarmen hau 8.300.000 €-koa da. Eta, era berean, Bilboko Elizbarrutiko Caritasekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko baimena eman da, adikzioei buruzko programetarako; zehazki, Bilboko Elizbarrutiko Caritasen Larrialdiko eta Gaueko Harrerako Zentroa kudeatzeko Hontza Programa, 146.130 eurokoa.

Amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika sailari lotuta. Gaurko bileran onartu da euskal kultur-ondare immaterialaren balioa nabarmentzeko eta haren berri zabaltzeko xedea duten proiektuak diruz laguntzeko deialdia. Guztira, 200.000 euroko deialdia da onartutakoa.

Eta bestetik, Dekretu berria onartu da gaurkoan erakunde publiko eta pribatuen jarduera eta kudeaketan euskararen garapen-maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko. Arau berri honek Bikain kalitate-ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezten du, eta Bikain ziurtagiriez gain beste bereizgarri eta aintzatespen batzuk biltzen ditu. Gure ustez, aldaketa honi esker, erakunde gehiagori emango zaie euskararen normalizazioan urratsak ematen ari direlaren aitortza. Aurreko dekretuan, erakundeek Bikain ebaluazio-sistemaren hiru maila baino ezin zituzten eta orain, onartutako dekretuari esker, horiez gain, "Euskeraz barra barra" eta "Harrobi" diploma izango dira.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak