Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Tapia Polonian kokatuta dauden euskal enpresekin elkartu da Varsovian, Ukrainiako inbasioaren testuinguruan bizi duten egoera ezagutzeko

2023-06-27
  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Industriako sailburuorde Mikel Amundarainek, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelaik eta BTI Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari ordezkari Ainhoa Ondarzabalek osatzen dute euskal ordezkaritza
  • ONNERA Groupek Varsovian duen lantegira egindako bisitarekin hasi da jardunaldia
  • Polonia da euskal enpresen ezarpen gehien dituen 13. herrialdea, 52 sektore anitzetan. Gaur BTI-Poloniako bulegoan bildu dira Tapia sailburuarekin eta haren lantaldearekin, arazoak eta aukerak aztertzeko
  • 2022an, Euskal Autonomia Erkidegoak Poloniara egindako esportazioak 740 milioi euro ingurukoak izan ziren (10 urte lehenagoko esportazioen balioaren ia bikoitza). Horren ondorioz, Polonia Euskadiko 9. bazkide komertzial bihurtu da gure ondasunak merkatu globalera ateratzeko

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Mikel Amundarain Industriako sailburuordea, Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusia eta Ainhoa Ondarzabal BTI Nazioartekotzeko Euskal Agentziako kontseilari ordezkaria Polonian izango dira aste honetan, Euskadiko industriarako lehentasunezko merkatuan.

Bidaiaren helburu nagusia Polonian ezarrita dauden eta Ukrainaren inbasioaren ondorioak zuzenean bizi izan dituzten euskal enpresen egoera bertatik bertara ezagutzea da, bereziki pertsonen kudeaketari eta langileen egoera emozionala zaintzari dagokienean.

Herrialde honetako lehen eguneko agendaren ezaugarri nagusia euskal enpresarekin Varsovia hiriburuan izandako topaketa izan da. Polonia da euskal enpresen ezarpen gehien dituen 13. herrialdea, eta guztira 52 ezarpen ditu askotariko sektoreetan; batez ere automozioaren sektorea (10), fabrikazio aurreratuko teknologiak (10) eta eraikuntza eta obra zibila (8).

52 ezarpenetatik 29 komertzialak dira, eta ekoizpen-planten presentzia esanguratsua dago (23), bereziki automozioaren sektorean (7), baita ekoindustrian (3), ind. kimikoan (3) eta fabrikazio aurreratuan (3) ere.

Jardunaldia Onnera euskal enpresaren lantegira egindako bisitarekin hasi da. Enpresa horrek Oñatiko egoitzaren instalazio osagarria du Varsovian.

ONNERA Group nazioarteko enpresa-taldea da, eta jatetxe-arloko, ikuztegiko eta hotz-aplikazioetako ekipamendu-soluzioak eskaintzen ditu. FAGOR, EDENOX, ASBER, EFFICOLD, DANUBE, DOMUS eta PRIMER markak biltzen ditu, hainbat sektore, merkatu eta herrialdetako liderrak.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Poloniako BTIren bulegora joan da, herrialde horretan dauden Euskadiko enpresen laneko elkarraldi bat egiteko, enpresa horien egoera eta arazoak bertatik bertara ezagutzeko.

Elkarraldian honako enpresa hauetako ordezkariak izan dira: GESCRAP POLSKA, GH CRANES; ORONA, IBERDROLA RENEWABLES POLSKA, IDOM POLONIA, LANTEK POLSKA, LAYSTER GROUP, TBC ONNERA POLAND, ORMAZABAL POLSKA, PANELFISA POLSKA, SENER POLONIA,TABIPLAST, ULMA CONSTRUCCIÓN POLSKA S.A., ULMA PACKACKING POLSKA, URIARTE POLSKA, VASCO BOHEMIA, BELLOTA eta CAF.

Polonia-Euskadi merkataritza

Poloniako ekonomia Ekialdeko Europako bigarren handiena da (Errusia kontuan hartu gabe) eta EBko hazkunderik bizkorrenetako bat du. Atzerriko inbertsioa erakartzeko politika egonkortasun makroekonomikoak, lan-kostu lehiakorrek eta merkatu nagusiekiko hurbiltasunak baldintzatzen dute.

Gainera, Polonia herrialde erakargarria da euskal enpresak nazioartekotzeko, ez bakarrik bere kokapen estrategiko eta logistikoagatik, Europa erdialdeko merkatuetara eta garrantzi globaleko azpiegitura logistikoetara sarbidea duelako (Gdanskeko portua, esaterako), baita oinarri industrial sendoagatik eta ekoizpen-kostu txikiagatik ere.

Euskadik Poloniarekin izan duen merkataritza-balantza, historikoki, guztiz positiboa da. Euskadik Poloniara egindako esportazioak, 2020an apur bat ahuldu baziren ere COVIDaren inpaktuak eragindako jarduera-geldialdiaren ondorioz, handitu egin dira 2021ean eta 2022an, lehen urtearen kasuan, pandemiaren osteko jarduera ekonomiko globalaren susperraldiaren ondorioz, eta bigarrenean, pandemia osteko susperraldiaren jarraipen gisa eta Errusia-Ukraina gerrak eragindako prezio-igoeren ondorio gisa.

Hala, 2022an, Poloniara egindako euskal esportazioak 740 milioi euro ingurukoak izan ziren, 10 urte lehenago esportazioen balioa ia bikoiztuta. Horren ondorioz, Polonia Euskadiko 9. bazkide komertzial bihurtu da, gure ondasunak merkatu globalera ateratzeko. Poloniako produktuak Euskadira inportatzeari dagokionez, bilakaera-lerroa ere goranzkoa izan da, esportazioen bilakaerarekin oso lerrokatua. 2022an, jatorri poloniarra duten euskal inportazioen balioa ia 475 milioi eurokoa izan zen.

Bihar, jardunaldi Gdansken

Bihar Gdansk hirian egingo da jardunaldia:

  • Bilera Parlamentuan Pomeraniako presidente Mieczysław Strukekin
  • Bilera gai energetikoen arduradun Leszek Bonna lehendakariordearekin
  • Bilera Gdanskeko Unibertsitate Politeknikoan, talentua erakartzea gaia lantzeko

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
  • Arantxa Tapia Otaegi
    Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua (XII legealdia)
  • Mikel Amundarain Leibar
    Industria sailburuordea (XII legealdia)
  • Aitor Urzelai Inza
    SPRI - Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia (XII legealdia)
  • María Ainhoa Ondarzabal Izaguirre
    SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria (XII legealdia)
  • Larraitz Gezala Oyarbide
    Kabineteko eta Komunikazioko zuzendaria (XII legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iwona Gieldowska (Poloniako BasqueTrade & Investment bulegoaren zuzendaria)