Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Nerea Melgosa Zinegoak jaialdiaren inaugurazio-galan, Arriaga Antzokian

2023-06-26
  • Juliana Curi zuzendariaren “Uýra: The RisingForest, 2022” dokumentalaren emanaldia
  • Ángeles Cruz zinemagile mexikarrak 2023ko Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria jaso du

Bilbo 2023-06-26

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur arratsaldean, Bilboko Arriaga Antzokian izan da, Zinegoak jaialdiaren inaugurazio-galan. Ángeles Cruz zinemagile mexikarrak 2023ko Zinegoak ohorezko saria jaso du. Juliana Curi zuzendariaren “Uýra: The RisingForest, 2022” film luze dokumentalaren emanaldiarekin itxi da jaialdia; lana Amazoniako oihanean filmatu zen. Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak aurkeztu dute ekitaldia.

Jaialdiaren antolamenduaren arduradunek Arriaga Antzokia “ballroom” bilakatu dute, KikiHouse of Anunnaki kolektiboaren vogue erritmoan, zeinak “bizitza transmaribibollera” aldarrikatzen baitu artearen bidez. Euskoprincess-en musika-emankizunak girotu du topaketa.

Nerea Melgosarekin batera, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria ere izan da. Zinegoak jaialdiak hogei urte daramatza sexu-, identitate- eta/edo genero-aniztasuna agerian jartzeko eta aldarrikatzeko eta haren inguruko topaketak eta hausnarketa egiteko espazio izaten.

2023ko Zinegoak jaialdiaren egungo edizioaren arte-zuzendaria Alaitz Arenzana Letamendi da, eta “identitate arinak” ditu erdigune, “generoa aldaketarako eta ezagutzarako leku bat dela ulertuta. Sexu-aniztasunari, orientazio desberdinei, genero-identitatearen eraikuntzari edo sexualitatearekin zerikusia duen beste edozein elementuri zabalik dagoen ikuspegi batetik erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzen du”.

 “Sexu-gosea, nork bere burua ezagutzea (Lobo e cão, Something You Said LastNight), gure gorputzekin gozatzea (Fierce: A PornRevolution), sorterrira bueltatzea (Liuben), memorien artxiboa (Casa Susanna, Anhell69), zapalkuntzako egitura hegemonikoak ezabatzeko borroka (Wildhood, Who I Am Not) eta beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa (Alteritats, De noche los gatos son pardos)” dira edizio honetako proposamen batzuk.

Aintzatespena

DAMAk babestutako 2023ko Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria Ángeles Cruz aktoreak, gidoilariak eta zinema-zuzendari mexikarrak jaso du. Ángeles Cruzek zinema-lanera eraman du emakume, indigena eta lesbiana gisa egiten duen gizarte-salaketa. Joan den edizioan Lesbianismo eta Genero saria jaso zuen Jaialdian, sari ugari jaso zituen Nudo mixteco filmagatik; kontaketak eskualde mixtekoko emakumeek bizi dituzten borroka batzuk erakusten ditu, hala nola sexu-askatasunerako eta indarkeria matxistaren ondorioz gorputzak defendatzeko eskubidea.

ZG Hedapenari eutsi egiten zaio, Euskal Herriko 45 udalerri baino gehiagotatik aniztasuna zinemaren bidez ikusgai jarriko duten jarduerak sortzeko. Lekeitio da Jaialdiaren azpiegoitza, Euskal Zine Bilerarekin dagoen lankidetzari esker.

Zinegoak jaialdiaren Sari Nagusia 4.000-koa da. Beste sari batzuk: Nazioarteko Epaimahaiarena eta Publikoarena (EITBk babestua); Fikziozko Film Luzerik Onena; Film Luze Dokumentalik Onena; KRAK Film Luzerik Onena (Bestelako Narratibak); Film Laburrik Onena (1.000 €); Publikoarena (Euskaltelek babestua); Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria (3.000€); Lesbianismo eta Generoaren Saria (1.500€); Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena; Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Sekundariorik Onena; Gazte Saria Film Labur Onenari, eta Senior Saria Film Labur Onenari.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alaitz Arenzana, Nerea Arriola eta Aitziber Garmendia