Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

420 pertsona gehiago langabezian abenduan, Euskadin

2012.eko urtarrilak 03

Abenduan, Euskadin 420 pertsona gehiago egon dira langabezian eta, beraz, langabeziak % 0,29 egin du gora aurreko hilabetearekin alderatuz, eta 145.394 enplegu-eskatzaile daude guztira.

 

2007az geroztik, hots, krisialdia hasi zenez geroztik, abenduan langabeziak izandako igoerarik txikiena da. Bestalde, 501 pertsona gehiago daude afiliatuta Gizarte Segurantzan, guztira 923.724 pertsona, hain zuzen ere. Krisialdi ekonomikoa hasi zenetik, abenduan lehen aldiz egin du gora afiliazioak.

Lurraldeen arabera, Araban 77 pertsonako beherakada izan da (% -0,34), eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 379 pertsonako (% 0,46) eta 118 pertsonako (% 0,29) gorakadak, hurrenez hurren.

Plangintza eta Enpleguko sailburuorde Javier Ruiz jaunak datuak aztertu ditu eta esan duenez, "abenduan, oraindik ere, egungo krisialdi-egoerarekin bat datozen datuak erregistratu dira langabeziari dagokionez. Baina nabarmendu beharrekoa da krisialdia hasi zenez geroztik, abenduan gertatutakoen artean hoberena dela portaera hori". Halaber, Ruiz jaunak honako hau ere adierazi du: "Gabonetako kanpainarako izenpetutako kontratuak" dira joan den hilabetean erregistratutako datuaren faktoreetako bat.

"Estatuko batez bestekoa baino askoz ere txikiagoa da EAEko langabezia, eta orobat, Gizarte Segurantzako afiliazioak 500 pertsonatik gorako hazkundea izan du, eta horrek esan nahi du joan den hilabetean baino 500 pertsona gehiagok dutela orain lan-kontratua, baina hala eta guztiz ere, enplegurik gabeko EAEko herritarrei lana aurkitzen laguntzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dugu", nabarmendu du Javier Ruiz sailburuordeak.

Horri dagokionez, Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak nabarmendu duenez, "guztion lana da enplegua sortzea, ez soilik gobernu bakar batena, ezta administrazio edo sail bakar batena ere". Alabaina, aintzat hartu nahi nituzke Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek zerbitzu hori sortu zenez geroztik igarotako urtebetean gure autonomia-erkidegoko langabeziaren egoera hobetzeko egindako lan eta ahalegin garrantzitsuak". Halaber, Ruiz jaunak gogorarazi duenez, "urte honetan tokiko hainbat enplegu-plan jarriko ditugu abian, eta horretaz gain, enplegurako jardun-hitzarmen bat ere sinatu dugu Bizkaiko Foru Aldundiarekin, EAEko langabeen erdia bizi den lurraldean, hain zuzen ere". 

Abenduan, 1.064 emakume langabe gutxiago zeuden (% -1,42). Gizonei gagozkiela, berriz, gorakadak 1.485 pertsona hartu zituen eraginpean (% 2,13).

Adin-tarteen arabera abenduan langabeziari dagokionez erregistratutako datuei dagokienez, langabeziak izandako beherakada 25 urtetik beherako 734 enplegu-eskatzaile gutxiago izan zen (% -5,79). 25-45 urteko adin-tarteak, berriz, 913 pertsonako gorakada izan zuen (% 1,22), eta 241 pertsonakoa, ostera, 45 urtetik gorako pertsonen kasuan (% 0,42).

Joan den hilean, sektoreen arabera izandako langabeziak beherakada izan zuen zerbitzuen sektorean, 567 pertsona gutxiagorekin (% -0,64), eta baita aurretik lanik izan ez zuten pertsonen artean ere (256, hots, % -1,90). Aitzitik, lehen sektoreak 22 langabe gehiago izan zituen (% 0,93), eta industria-sektoreak ere gorakada izan zuen, zehazki, 505 langabe gehiago izan zituen (% 2,21); gauza bera gertatu zen eraikuntza-sektorean (716 pertsona, % 4,09ko gorakada, hain zuzen ere).

Jarduera-banaketaren arabera, langabezia hainbat jardueratan jaitsi da. Atal horretan, nabarmendu beharrekoak dira txikizkako merkataritza (-305 pertsona), egoitza-establezimenduetako laguntza (-241), eraikuntzetako zerbitzuak eta lorezaintza-jarduerak (-228), alojamendurik gabeko gizarte-zerbitzuetako jarduerak (-153) eta osasun-jarduerak (-152).

Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak langabeziari eusteko "lanean tinko jarraitzeko eta ahaleginak elkartzeko" apustua egin du, baita "garapen ekonomikorako aukera gehiago eta handiagoak" sortzekoa ere, "langabezia-mailak jaistearren". Ildo beretik, nabarmendu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren egitekoa "lagungarria izan dela enpleguko politika aktiboak, orientabidea eta bitartekotza hobetzeko".

Eskualdeen arabera, Ezkerraldean izan zen portaerarik hoberena (langabeziak 210 pertsonako jaitsiera izan zuen), eta horren ondoren, Gasteizen (128 pertsona gutxiago) eta Oarsoaldean (-127).

 

Gizarte Segurantzarako afiliazioen gorakada

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, azaroan baino 501 afiliatu gehiago izan ziren abenduan (% 0,05); beraz, Euskadin 923.724 afiliatu daude guztira. Krisialdia hasi zenez geroztik hona, lehen aldiz igo dira Euskadiko afiliazioak abenduan.

Lurralde historikoen arabera, Bizkaian % 0,13 igo zen afiliazioa, Gipuzkoan, berriz, % 0,02, eta Araban, azkenik, % 0,09 jaitsi zen.

Estatuan, Gizarte Segurantzako afiliazioa % 0,11 jaitsi zen.

2 iruzkin
  • @lanbideejgv
    2012.eko urtarrilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 420 pertsona gehiago izan dira langabezian abenduan. http://t.co/QTlGimR2

  • @lanbideejgv
    2012.eko urtarrilak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El desempleo aumentó en Euskadi en 420 personas en diciembre. http://t.co/2uL8bJmi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko