Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Pazienteen erakundeen estatuko plataformak saritu du Bilbo-Basurtuko Esiaren (IIS biobizkaia) irisgarritasunari eta humanizazioari buruzko ikerketa-proiektu bat

2023-06-23
  • “Accesibilidad y humanización del sistema sanitario de las personas mayores y con diversidad funcional” deritzan proiektuak Ikerketa kategorian saria lortu du sari horien bigarren edizioan, Agencia Española de Medicamento y Producto Sanitario delako agentzian egina

 

  • Diziplina anitzeko proiektu honen helburua izan da paziente mota horien premiak ezagutzea eta irtenbideak proposatzea moduko konponbide teknologikoak, arkitektonikoak eta kudeaketa-koordinaziokoak etorkizunean aplikatzeko

 

Adineko eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen osasun-sistemaren irisgarritasuna eta humanizazioa ardatz dituen proiektu honek jaso du Plataforma de Organizaciones de Pacientes (POP) deritzanak bigarren edizioan ikerketa-kategorian ekimen onenari ematen dion saria, baldintzen artean daudela hala ekimena estatu mailako osasun-erakunde batek bultzatua izatea, zelan partaideak izatea pazienteak, senideak, pazienteen elkarteak, osasun-arloko eta osasun-kudeaketako profesionalak eta profesional teknikoak (ingeniaritza, arkitektura, telekomunikazioak).

 

Agencia Española de Medicamento y Producto Sanitario erakundean egindako ekitaldian saria jaso dute Jesús Larrañaga Bilbo-Basurtuko ESIko gerenteak, Verónica Tíscar ESIko horretako Ikerketa eta Berrikuntza Unitateko koordinatzaileak eta Marian Ibarrondo Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak. Larrañagak esan du sari hori balio handiko aintzatespena dela, Pazienteen Erakundeen Plataformak ematen dituenez, osasun-sistemako profesional guztiek egunerokoan lan egiten dutela eta. Gehitu duenez, zalantza barik, motibazio bat da ildo horretan segitzeko eta gure arreta ez ezik, gure espazioak ere gizatiartzen laguntzeko.

 

Diziplina anitzeko ikerketa-proiektu bat da, non Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) ere laguntzen duen. Bertan, Bizkaiko Familia eta Komunitateko Irakaskuntza Unitateko langile egoiliarrak sartu dira, zeren unitateak joan den urtean Sociedad Española de Directivos en Salud-en (SEDISA) beka bat jaso zuen osasun-kudeaketako eta gaixotasun arraroetako humanizazioko ikerkuntzarako. Taldeko kideak dira Verónica Tíscar, Jesús larrañaga, Saloa Unanue, Iratxe Pérez, Marta Garrido, Irantzu García eta Garbiñe Elizegi.

 

Bilbao Basurto Berria

Azterlan hori bat dator erakundearen hurrengo urteetako eraikigarritasun berriko proiektu batekin, Bilbao Basurto Berria izenekoa. Azterlan honen bidez ezagutu gura dira adineko pazienteek, dibertsitate funtzionala duten pazienteek eta gaixotasun arraroak dituzten pazienteek antzemandako premiak, osasun-sistemaren irisgarritasunari eta humanizazioari dagokienez. Gainera, proiektuak funtsezko beste alderdi batzuk ere jorratu ditu, hala zelan kultura-aniztasuna, hizkuntza eta genero-ikuspegia, komunikazioa eta asistentzia-mailen arteko koordinazioa.

 

Elkarrizketa sakonak garatuz eta workshop moduko talde-teknikak gauzatuz, parte-hartzaile guztiek sentitzen zituzten premiak antzeman eta lehenetsi ziren, eta soluzio teknologikoak, arkitektonikoak eta kudeaketakoak/koordinaziokoak proposatu. Lortutako emaitzetan oinarrituta, txosten bat idatzi da osasun-sistemaren erabiltzaileek antzemandako premiak eta hobetzeko proposamenak labur-labur jasotzeko.

 

Txostenean, hauekin lotutako kontzeptuak deskribatzen dira:

 

  • Arkitektura arloarekin:
  • Kanpoko alderdiak (hiri-altzariak, garraio publikoa...)
  • Barruko alderdiak (argiztapena eta aireztapena, doinua, materialak, komunikazio bertikala, , seinaleztapena, altzariak eta dekorazioa…)
  • Komunikazioaren arloarekin
  • Teknologiarekin
  • Beste kultura eta hizkuntza batzuekin
  • Generoaren ikuspegiarekin

 

Azterlanaren emaitzak Bilbo-Basurtuko ESIaren etorkizuneko eraikigarritasunean aplikatu ahal izango dira, osasun-sistemaren erabiltzaile guztien premiak kontuan hartuta, arreta humanizatuagoa, eskuragarriagoa eta ekitatez eskaintzearren. Era berean, kontuan izan behar da azterlanaren emaitzak edozein osasun-zentrotara eroan daitezkeela.

Iruzkin bat
  • 2023-06-26

    Felicidades por ganar el premio.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)