
EIO Txikia: datorren asteko kontzertuak prestatzeko entseguak hemen dira
- EIO Txikia osatzen duten ehun musikari gazteek larunbatean hasiko dituzte entseguak, datorren astean Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskainiko dituzten kontzertuak prestatzeko
- Raffaela Acella musika zuzendari australiarraren esanetara, Bizeten Carmen, Piazzolaren Libertango eta Ginasteraren Danza final joko dituzte
- EIO Txikia Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikaslerik gazteenek (9-14 urte) osatzen duten orkestra da
Euskadiko Ikasleen Orkestrak apirilean, Aste Santuko opor garaian, eskaini zituen kontzertuen arrakastaren ondotik, EIO Txikiaren txanda da orain, udako oporrak hasi berritan. 9 eta 14 urte bitarteko ikasleek osaturiko orkestra gaztea entzuleen belarriak gozatzeko prest da.
Ikasturtea dagoeneko amaiturik, EIO Txikia proiektuan parte hartzeko audizioak eta probetan aukeratutako 100 gaztetxoek astebeteko kontzentrazioa egingo dute larunbat honetatik aurrera, ekainak 24, datorren uztailaren 1era bitartean, EHUren M. Unamuno Ikastetxe Nagusian, Bilbon. Bertan egingo dituzte entseguak, goiz eta arratsaldez, datozen egunetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskainiko dituzten kontzertuak prestatzeko. EIO Txikia osatzeko aurtengo hautaketa prozesua arrakastatsua izan da erabat, eta sekula baino parte-hartze handiagoa izan du. Izan ere, 9 eta 14 urte bitarteko 300 ikasletik gora aurkeztu ziren otsailean zehar Bilbo, Donostia eta Gasteizko kontserbatorioetan burutu ziren probetara, eta horietatik 100 hautatu ziren.
Era horretan, musika tresnak finduta eta prest dituzte dagoeneko, eta ehun musikari gazteak buru-belarri murgilduko dira entseguetan. Irakasle izango dituzte datozen egun hauetan Musikeneko, Bilboko Orkestra Sinfonikoko eta Euskadiko Orkestrako hainbat kide. Aurten hautatutako obrak ondo menperatuta dituztenean, egin duten lan guztiaren emaitza kontzertuetan eskainiko dute: ekainaren 29an, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan; 30ean Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan; eta uztailaren 1ean Musikeneren egoitzan, Donostian.
Aurten ere, azken 30 urteetan Euskadin bizilekua duen Raffaela Acella musika zuzendari australiar handiaren esanetara arituko dira gaztetxoak, honako lan hauek eskainiz kontzertuetan: Georges Bizeten Carmen, Astor Piazzolaren Libertango, eta Alberto Ginasteraren Danza final.
EIO Txikian eskaintzen dituen kontzertuetarako sarrera doakoa da, lekuak bete arte.
Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikia
Musika zuzendaria: Raffaela Acella
Egonaldia eta entseguak Ekainak 24 – uztailak 1 M. Unamuno ikastetxe Nagusia (UPV/EHU) Bilbo
|
Kontzertua Ekainak 30, ostirala J.Guridi kontserbatorioa Gasteiz 19:30etan
|
Kontzertuak Ekainak 29, osteguna JC Arriaga kontserbatorioa Bilbo 19:30etan
|
Kontzertua Uztailak 1, larunbata Musikene - Donostia 12:00etan
|
EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra
Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Hainbat espezialitatetan musika ikasketak burutzen ari diren ikasleen topagunea da EIO, elkarrekin orkestra bat osatuz. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Alde batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera ematen die.
Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak bi orkestra desberdin ditu:
- EIO: 15 urtetik 19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-06 ikasturtean sortua
- EIO Txikia: 9 urtetik 14ra bitarteko ikaslez osatua.