Eman odola!
Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa, 2023

2023-06-26
  • Jokin Bildarratz sailburuak Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa aurkeztu du, Euskadiko hezkuntzaren adierazlerik esanguratsuenen laburpena

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa aurkeztu du gaur arratsaldean, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean. Berak hala eskatuta, eta 2021eko ekainean egin zuen bezala, hezkuntza-sistemaren adierazlerik esanguratsuenak helarazi dizkie legebiltzarkideei, Euskadin hezkuntza zer unetan dagoen zehatz-mehatz aztertzeko balio duten datu eta zifrak. Sailburuarekin batera agerraldian izan dira, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Xabier Aizpurua Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea. Eduardo Ubieta ISEI-IVEI Ebaluazio eta Ikerketarako Euskal Erakundeko zuzendaria ere bertan izan da.

Aurkezpenean, sailburuak hainbat paneletan jasotako datuak eta joerak errepasatu ditu: Education at a Glance 2022, Education and Training Monitor 2020, Eustat, Eurostat, INE, Hezkuntza Ministerioaren estatistikak eta ISEI-IVEIk jasotako informazioa, besteak beste.

Datu nagusiak

Euskal Hezkuntza Sistemak gaur egun 1.243 ikastetxe ditu, 392.900 ikasle hartzen dituztenak (Haur Hezkuntzatik unibertsitate etapara, Helduen Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeak barne), horietatik %54,7 titulartasun publikoko ikastetxeetan. D eredua da gehien eskatzen dena, alde handiarekin, B eta A ereduen aurrean. Hezkuntza-premia bereziak zituzten ikasleei dagokienez, 2021ean (Hezkuntza Ministerioaren azken estatistika ofiziala) Euskadik ezaugarri horietako 23.800 ikasle zituen, eta 2012an, berriz, 14.200. Matrikularen bilakaerari dagokionez, honek lotura zuzena du Euskadiko jaiotza-tasarekin, eta datu esanguratsu bat ageri da: Eustaten arabera, 2010etik 2022ra, jaiotzen kopuruak %35,6 egin du behera Euskadin.

Baliabideak eta inbertsioak

Hezkuntza Sailak ematen dituen hezkuntzaren zerbitzu osagarriak hezkuntza sistemaren funtsezko zati bat dira. Gaur egun, sare publikoan, ia 90.000 ikaslek erabiltzen dute jantoki-zerbitzua, eta 20.000 ikasletik gorak erabiltzen dute eskola-garraioa. Familiei zuzendutako bekei dagokienez (unibertsitatez besteko mailetan), 2022-2023 ikasturteko datuek adierazten dute 243.000 beka eman direla, 71 milioi eurotik gora orotara. Guztira, Euskadik 10.214 euro bideratzen ditu urtero ikastetxe publikoetako ikasle bakoitzeko, Estatuko batez bestekoa baino askoz inbertsio handiagoa. Inbertsio horiek, beste ekintza batzuekin batera, BPGaren %5,78an kokatzen dute hezkuntzako gastua Euskadin.

Etapa-amaiera

Lehen aldiz, etapa-amaierako Ebaluazio Diagnostikoaren bidez lortutako datuak aldera daitezke – hau da, Lehen Hezkuntzako 6. maila eta DBHko 4. maila–. Laginketa-proba hori (ikasleen eta ikastetxeen lagin bat) bigarren aldiz egin ondoren, 2018ko eta 2022ko proben arteko konparazioa egin daiteke.

Lehen Hezkuntzako seigarren mailan, emaitzek datu berdintsuak edo antzekoak erakusten dituzte euskaran, gaztelanian eta matematikan, ingelesean hobekuntza txiki batekin eta gaitasun zientifikoan jaitsiera batekin. DBHko 4. mailaren kasuan, laginak honako hau adierazten du: emaitza berdina edo antzekoa gaztelanian eta ingelesean, igoera txikia euskaran eta jaitsiera txikia matematikan. Gaitasun zientifikoaren kasuan, ezin izan da proba egin, ikasleei koadernoak esleitzean izandako akats baten ondorioz.

Beste behin ere, etapa amaierako ebaluazioak azpimarratzen du familien gizarte- hezkuntza- eta kultura-mailak –eta ikastetxeetako ISEKen batez bestekoak- zer nolako garrantzia duten hezkuntza-emaitzetan. Hala, adinaren arabera legokiokeen ikasturtean ez dauden ikasle guztien %67 (ikastaroren bat errepikatu dutelako) ISEK baxua duen ikastetxeren batekoa da. Eta ikasle errepikatzaile guztien % 4,7 baino ez dago ISEK altua duen ikastetxe batean.

Sexuen arabera, neskek emaitza hobeak lortzen dituzte ikasgai gehienetan, bereziki euskaran eta ingelesean. Mutilek emaitza hobeak lortzen dituzte matematikan, nahiz eta egindako azken probak aldea nabarmen murrizten duen.

Adierazleen azterketa

Nazioartean analisirako baliatzen diren adierazleak kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak datu esanguratsuenetako batzuen bilakaera azaldu du:

  • Haur Hezkuntzan, umeen eskolatze maila %90,8ra iristen da 2 urteko adinean, eta ehuneko hori % 99,1era igotzen da 5 urtekoen artean.
  • 16 urteko ikasleen % 98,7 eskolatuta dago, eta 17 urteko ikasleen % 95,5.
  • 25-64 urteko biztanleriaren %56k goi-mailako ikasketak ditu Euskadin, Espainiako eta Europako batez bestekoaren oso gainetik.
  • Etengabeko prestakuntzan parte hartu duten 25-64 urte arteko biztanleen ehunekoa Estatuko eta Europako batez bestekoa baino handiagoa da.
  • DBHko graduatuen tasa %87,6 da Euskadin
  • 2021ean, eskola-uzte goiztiarra % 4,8koa izan zen; Europan %9,7koa eta Espainian % 13,3koa.

Lanbide Heziketa eta Euskal Unibertsitate Sistema

Lanbide Heziketa ere aztertu da Hezkuntza Sailaren agerraldian. Azken ikasturteetan gertatzen ari den bezala, datorren 2023-2024 ikasturteari begira ere ikasleen kopurua %9,1 hazi da. Prestakuntza dualari dagokionez, amaitu berri den 2022-2023 ikasturtean igoera handia izan da, %108,86koa,

Kultura ekintzaileak ere aurrera egiten jarraitzen du. Azken urteotan, 20.572 ikaslek jaso dute prestakuntza ekintzailea, eta 75 enpresa sortu dira, 113 lanpostu sortuz. Azken 4 urteetan, ETEei aplikatutako berrikuntzaren bidez, zuzeneko harremana sortu da 4.100 enpresarekin, eta 1.000 proiektu baino gehiago garatzea bultzatu du Lanbide Heziketako 43 ikastetxeren bitartez.

Bestalde, Euskal Unibertsitate Sistemak matrikulazioak handitzen jarraitzen du: 2020-2021 ikasturtean 58.700 ikasle matrikulatu ziren unibertsitate-gradu batean. Nabarmentzekoa da EAEko unibertsitateetan emakumeen kopuruak gora egin duela, guztizkoaren %55 izatera iritsita, eta graduko ikasketak amaitu dituztenen %57 emakumeak dira. Titulazio dualak 47 dira (gradu zein masterrak), eta lau urtetan 6.300 pertsona trebatu dira unibertsitateko prestakuntza dualean, 600 enpresaren parte-hartzearekin. Nazioartekotzea euskal unibertsitateen ardatz estrategikoetako bat da oraindik ere, eta, hori bultzatzeko, Hezkuntza Sailak 2.500 beka baino gehiago eman ditu nazioarteko mugikortasun-programetarako.

Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa aurkeztu ondoren, Jokin Bildarratz sailburuak Euskadiko hezkuntza osatzen duten esparru guztiak indartuko dituzten hobekuntzak bultzatzen jarraitzeko borondatea agertu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak