Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Emakundek eta EUDELek saio informatiboak antolatu dituzte udalekin jaietan eraso sexistak prebenitzeko

2023-06-23
  • Arabako udaletako politikariak eta teknikariak bildu dira gaur, eta gauza bera egingo dute ekainaren 26an eta 27an Bizkaian eta Gipuzkoan.
  • Era berean, Beldur Barik programaren barruan prebentziorako materiala bidali zaie udal guztiei.

 

 

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte EAEko udal eratu berrietako politikariekin eta teknikariekin, udan jai-eremuetan eraso sexistak prebenitzea sustatzeko. Lehen bilera gaur egin da Gasteizen, Arabako udalekin, eta ekainaren 26an eta 27an beste bi bilera egingo dira Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren, lurralde bakoitzeko udalekin.

Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta Gordexolako alkate Angela Eguiak, EUDELen ordezkari gisa, hasiera eman diote bilkurari, eta bi zati izan ditu: lehenean, jai- eta aisialdi-inguruneetako indarkeria sexistaren kontzeptu-esparrua azaldu da, eta, bigarrenean, udal-ordezkarien parte-hartze aktiborako talde-dinamika egin da.

Berdintasunerako sailburuak gogorarazi du prebentzioa oso garrantzitsua dela udan herri eta hirietan ospatzen diren jaiei begira, eta administrazio guztiek arlo horretan koordinatuta lan egitea. Melgosaren hitzetan, “jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik jaiak emakumeentzako gune seguruak izan behar direla beti gogoan izatea nahi dugu”. “Ez jaiak, ez alkoholak, ez dute justifikatzen pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik”, gaineratu du. Nabarmendu du, halaber, herri askotan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla arlo horretan azken urteotan.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak udalei gogorarazi die aste honetan bertan prebentziorako eta sentsibilizaziorako materiala bidali zaiela jaiei begira. Zehazki, Emakundek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta EUDELen laguntzarekin bultzatzen duen Beldur Barik programaren esparruan, euren eskura jarri ditu material hau deskargatzeko:

 

 

Udalei proposatzen zaizkien material hauekin erasoen aurkako irudi bateratua eman nahi da eta sentsibilizazio-ekintzak erraztu.

Azkenik, Gordexolako alkate Angela Eguiak adierazi duenez, herriko jaien hasiera honetan, udal ordezkari gisa, une egokia da jaietan arreta jartzeko, auzokideentzako berdintasunezko bizikidetza eta aniztasunerako ospakizun gune gisa. Era berean, adierazi du espero duela tailer hauek udaletako udaletako estrategiak eta protokoloak indartzen laguntzea, herriko jaietan indarkeria matxistako egoerak prebenitzeko eta horiei arreta emateko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)