Eman odola!
qrcode

Eusko Jaurlaritzak bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzea sustatzeko enpresa eta entitate pribatuentzako laguntzen epea zabaldu du

2023-06-22
  • Programak kofinantzaketa eskaintzen die kontziliazioaren inguruko diagnostiko bat eta ekintza-plan bat egiteko aholkularitza-etxe bat kontratatzen duten entitateei
  • Enpresa eta entitate pribatuek kontziliazio-neurriak eraginkortasunez ezartzeko zer egoera bizi duten jakin ahalko dute
  • Epea 2023ko ekainaren 21etik uztailaren 20ra bitartekoa izango da
  • “Kontziliazio-neurriek lan-giro orekatuagoa eta osasungarriagoa izateko bide ematen dute, produktibitatea sustatzen dute eta talentuari eusten laguntzen dute", esan du Melgosak

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak zabaldu du, dagoeneko, 2023ko deialdia, enpresek, elkarteek eta kooperatibek haien plantillen kontziliaziorako bide emango duten laguntza ekonomikoak eskatu ahal izateko. Programa honek 420.000 euroko aurrekontua du, eta helburu du langileen bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza hobeto uztartzeko diagnostiko bat eta ekintza-plan bat egitea xede duten entitate eta enpresa pribatuei laguntzea.

 “Oraindik kontziliazio-planik ez duten eta hura prestatzeko baliabide tekniko nahikorik ez duten entitateei lagundu nahi diegu”, esan du Nerea Melgosa sailburuak.

Bigarren urtez jarraian, programa honek aholkularitza-etxe baten kontratazioagatiko kostuaren % 70 arte finantzatuko du; aholkularitza horrek entitateei lagunduko die enpresaren eta bertako langileen egoeraren diagnostiko bat prestatzen. Hala, kontziliazioarekin zerikusia duten erronkak, aukerak eta premiak identifikatzen dira, ondoren enpresara eta langileetara egokitzen den plan bat prestatzeko.

Sailburuak esan duenez, “Eusko Jaurlaritzak benetan sinesten du kontziliazio eraginkorrean langileen ongizaterako eta gure enpresa-egituraren erakunde-osasunerako eta produktibitaterako”.

Eskabideak 2023ko uztailaren 20ra arte aurkez daitezke. Dirulaguntzak balorazio onena duten proiektuei emango zaizkie, harik eta eskuragarri dauden funtsak agortu arte.

Deialdia berezko nortasun juridikoa eta independentea duten enpresa, elkarte, kooperatiba eta entitateei zabalik dago. Enpresaburu gisa diharduten autonomoak ere izan daitezke laguntzen onuradun; entitate publikoak eta sektore publikoaren gehieneko finantzaketa dutenak, berriz, kanpoan geratzen dira.

Enpresa eskatzaileek zenbait eskakizun bete behar dituzte, besteak beste, egun kontziliazio-planik ez izatea, 2022an antzeko dirulaguntzarik jaso ez izana eta plantillan, gehienez, 250 pertsona izatea. Era berean, kontziliaziorako ekintza-plana prestatzen denetik urtebeteko epean neurri batzuk ezartzeko konpromisoa hartu behar dute.

Iaz, 44 enpresak egin zuten bat bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzea sustatzeko laguntzen deialdiarekin.

Argibide gehiagorako: https://labur.eus/q8FZl

 

Kontziliari buruz

Kontzilia Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu duen programa bat da. 2022an jarri zen abian, eta helburu nagusi du kontziliaziorako bideak zabaltzea eta, horretarako, erakundeak, enpresak eta, oro har, gizartea kontziliazio erantzunkiderako aukera emango duten politikak eta praktikak sortzen eginkizun aktiboa onartzera bultzatzea.

Kontziliaren web-espazioa: https://www.euskadi.eus/web01-a1kontzi/eu/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko