Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Emakundek eta Justizia Auzitegi Nagusiak gida bat banatu dute indarkeria matxistaren biktimei prozesu penalari buruzko informazioa emateko

2023-06-22
  • Helburua da zigor-arloko prozesuan aurkituko duten ibilbideari buruzko informazio argia eta erraza ematea
  • EAEANko presidenteak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Emakundeko zuzendariak aurkeztu dute 

Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak “Genero-indarkeriaren biktimentzako zigor-arloko prozesuari buruzko informazio-gida” aurkeztu dute gaur goizean EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzan, “Zigor-arloko prozesuan biktimek dituzten eskubide nagusiak” deitutako liburuxkarekin batera.

Gida Gipuzkoako Genero Indarkeriaren Batzorde Probintzialean landu zen, eta euskara-gaztelania bertsioan ez ezik, frantsesa-arabiera, ingelesa-portugesa, errumaniera eta irakurketa errazeko formatuan ere argitaratu da. Indarkeria matxistaren biktimei informazioa eta arreta emateko baliagarria denez, Bizkaiko eta Arabako Batzorde Probintzialek beren gain hartu dute. 

Zabalkundea ahalik eta handiena izan dadin, Auzitegi Nagusiak eta Emakundek modu zabalean banatu dizkiete bai gida zein liburuxka hiru lurralde historikoetako probintzia-auzitegietako eta probintzia-batzordeetako lehendakariei, EAEko dekanotzei, fiskaltzei, abokatutzaren eta prokuradoretzaren elkargo profesionalei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta ematen parte hartzen duten Eusko Jaurlaritzako sailei (Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak,Segurtasuna, Osasuna, Etxebizitza, Lana eta enplegua eta Hezkuntza), biktimei arreta emateko zerbitzuei, foru- eta udal-arloko gizarte-zerbitzuei, emakume-etxeei eta emakume-elkarteei, besteak beste.

Ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak adierazi du Justizia arloko politika publikoen jarduera-ildoetako bat dela indarkeria matxistaren biktimei prozedura judizialari buruzko informazioa nabarmen hobetzea; izan ere, hortxe egikaritzen dituzte legez aitortuta dituzten eskubideak. Testuinguru horretan, gidak komunikazio-prozesua errazten saiatzen dira, ulertzeko eta ulertua izateko eskubidea gauzatzeko, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eta seme-alaben egoera eta baldintza pertsonaletara egokituta, Delituaren Biktimen Estatutuak eskatzen duen bezala. Arau-esparru horretan, aurkezten diren gidek hizkera zehatz, argi eta oso bisual baten bidez helarazten dituzte prozesu judizialaren funtsezko faseak, salaketa jartzen denetik epaia eman arte.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ziurtatu du lehentasuna dela bere sailarentzat “indarkeria matxistaren biktimak erakundeetatik hurbil sentitzea eta ondo informatuta egotea segurtasunaren, gizarte-politiken, osasunaren eta, bereziki, Justiziaren arloetan eskaintzen dituzten zerbitzu guztietan”. Melgosak gogorarazi du “ezinbestekoa dela biktimek hurbiltasuna eta enpatia sentitzea Justizia Administrazioaren aldetik, hori izango baita konfiantza sentitzeko eta beren egoera salatzera eta prozesu penal bati ekitera ausartzeko modua”.

Emakundeko zuzendariak, bestalde, azken urtean emakume biktimen arreta hobetzen lagunduko duten bi mugarri garrantzitsu gogorarazi ditu: duela urtebete Berdintasunerako Lege berritua onartu izana eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakundeen arteko III. Akordioa sinatu izana. Bi mugarri horiek, Elgarrestaren hitzetan, baliabideak indartuko dituzte eta administrazio desberdinen arteko koordinazioa bermatuko dute indarkeria matxistaren biktimei arreta emateari dagokionez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Subijana (EAEANko presidentea); Carmen Adan (fiskal nagusia);