qrcode

Artzain Eskolak Euskadiko ardi eta ahuntzen sektorea gaztetzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko

2023-06-21

• Gaur amaitu da ikasturtea, eta 10 gaztek diplomatura lortu dute, handituz doan merkatu-nitxo batekin eta kalitatezko elikagaien gero eta eskari handiagoarekin lanbide bat garatzeko.

• Artzain eskolak modulu teorikoetan eta zati praktiko batean oinarritutako prestakuntza eskaintzen du, baserrietan edo ustiategietan egiten dena.

Artzain Eskolak artzainen hogeita seigarren prestakuntza-ikastaroa amaitu du ikasketak bukatu dituzten 10 ikasleri diplomak eta makilak emateko ohiko ekitaldiarekin. Eskola Estatu-mailan erreferente bihurtu da ahuntzen eta ardien arloko ikasketari dagokionez. Hezkuntza-eredua berrikuntza pedagogikoan eta teknologia aplikatuetan oinarritzen da, eta produkzio-prozesuek ingurumenarekiko arduratsuak dira.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak, Bittor Orozek, adierazi du “Arantzazuko eskolak Euskadin artzaintza bizia mantentzeko eta Latxa ardia-arraza kontserbatzeko helburuz lanean diharduela. Horretarako, etorkizunean beren lanbidea ahuntzen eta ardien sektorean garatu nahi duten pertsonei urtero prestakuntzarako modulu teorikoak eta baserrietan nahiz ustiategietan landutako alderdi praktikoa eskainiz”. Zentzu horretan azken urteetan prestakuntza-eskaintza zabaldu da prestakuntza bederatzi hilabeteetara iritsi arte, eta behar berriei erantzuteko moduluak erantsi dira. Horrez gain, gailurrean egon nahi da, besteak beste, honako gai hauetan: digitalizazioa, ekoizpen ekologikoa edo terapia alternatiboak.

Hezkuntza-eredu honen bidez 317 pertsona baino gehiago trebatu dira ibilbide guztian, eta arrakastak bultzatuta, Behizain Eskola ere sortu zen. Eusko Jaurlaritzak HAZIren bidez jarri du abian kalitatezko irakaskuntzan oinarrituta esne-behien jarduera suspertzeko.

Artzain Eskola artzaintzari eta lehen sektoreari buruzko hausnarketa-gunea da, eta prestakuntza enpirikoan oinarritutako hezkuntza-eredua eskaintzen du. Etengabe egiten da praktika baserrian, prozesu guztiak oso-osorik (animaliatik esnekiak saldu arte) ezagutzen dira eta lanbide-bizipenak, eraginkortasuna eta elkarlana transmititzen dira.

Ikasleen profila

Gaurko ekitaldian aurten Artzain Eskolan prestakuntza-zikloa amaitu duten 10 ikasleei diplomak eta makilak entregatu dizkiete. 8 mutilek eta 2 neskak aukeratu dute etorkizuneko lanbide hori, eta eskuratu duten ezagutza merkatuak eskatzen duenari erantzuteko erabiliko dute, hain zuzen, lurraldearekin lotuta, goi kalitateko elikagaiak ekoiztea.

Gaur diplomak jaso dituzten 7 pertsona 30 urtetik beherakoak dira, eta 4k oraindik ez dituzte 20 urte bete. Zifra horiek beste urtebetez Arantzazuko eskolak Euskadiko ardi- eta ahuntz-sektorea gaztetzeko eta belaunaldi-aldaketa ziurtatzeko betetzen duen zeregin garrantzitsua bermatzen dute. Izan ere, bigarren hori izan zen arrazoi nagusietako bat zentroa duela 26 urte abian jartzeko. 7 ikaslek artalde propioa dute.

Ikastaroko ikasleen jatorriari dagokionez, 1 Arabakoa da, 8 Gipuzkoakoak eta pertsona bat Lapurdikoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XII legealdia)
  • Peli Manterola Arteta
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XII legealdia)