Bingen Zupiriak Kultura 2028 Plan Estrategikoa aurkeztu du Legebiltzarrean
Eusko Legebiltzarrean eztabaida monografikoa izan da Kultura 2028 Plan Estrategikoaren inguruan eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak planaren edukia aurkeztu ostean, Legebiltzarreko taldeek honen inguruko iritzi eta ebazpen proposamenak egin dituzte. Sailburuak bere agerraldian azpimarratu duenez, plan honek hurrengo sei urteetarako markoa finkatzen du Euskadiko kultura politika publikoei dagokienean eta honen helburua da kultura gizartearen erdigunean kokatzea.
“Herri batek kultura behar du bere eraketa eta kohesiorako; kulturak egiten gaitu gizaki, egiten gaitu herri”, adierazi du Bingen Zupiria sailburuak. Plan honek, kultura herri erronka bezala kontzebitzen du, gizarte berdinzaleago, anitzago eta kohesionatuagoa eraikitzeko tresna eta bidea delako. Honez gain, Planak kulturaren alderdi ekonomiko garrantzitsua azpimarratzen du (16.886 enpresa 2020an EAEn Kultura eta Sormen Industrietan, eta 31.500 lanpostu), bere izaera profesionalaren aitortza egiten du eta sektore modura trataera propioa proposatzen ditu.
Sailburuak edukiaren berri eman du Legebiltzarrean eta talde parlamentarioen galderei erantzun egin die.