Berriak Herrizaingoa
Eu

Joan den urtean baino hildako gutxiago euskal errepideetan

2012.eko urtarrilak 02

60 pertsonak galdu dute bizitza trafiko-istripuetan EAEn, 2010ean baino 7 gutxiago

2011n, EAEko errepideetan eta kaleetan emandako trafiko-istripuek 60 hildako eragin dituzte; 2010ean, ostera, 67 hildako egon ziren. Heriotzak eragin dituzten 55 istripu eman dira, aurreko urteko zenbaki berdina. Ertzaintzak eta Udaltzaingoek erregistratutako istripuei egiten diete erreferentzia datu hauek, hala, ezbehar guztiak biltzen dira, bai hiri-bideetakoak bai hiriarteko bideetakoak.

"Mantentzen ari den beheranzko joera hau datu positibo bat da eta eskertu eta zoriondu behar ditugu euskal gidari guztiak izandako jarreragatik eta bide-segurtasun materian duten kontzientzia mailagatik. EAEko segurtasun maila oso hurbil dago materia honetan gehien aurreratuta dauden herrialdeetatik. Dena den, ezbehar kopuruak kontrolatzeko oso zaiala den zoritxar osagarri garrantzitsu bat du; horregatik ez dugu gehiegizko konfiantza hartu behar eta ez gara gure arrakastetaz harro agertu behar. Ezin da guardia jaitsi hain oinarrizkoa den bizitzak salbatzearen gaian", azaldu du Trafiko zuzendariak, Amparo Lopezek.

Hiriarteko zonaldean, galtzada-irteerak izan dira istripurik ohikoenak (% 36) eta hiri-bidetan, harrapatzeak (% 75). Eta bildutako eragile ohikoenen artean errepikatzen diren bi daude: zirkulazio-arauaren haustea eta abiadura desegokia.

Hildakoen laurden bat oinezkoak ziren

Aurten, 2010ean baino pertsona bat gehiago hil da harrapatzeak direla eta: 15 oinezko. Hala ere, tipologia aldakorra izan da. 2011n hildako oinezkoen artean 7 gizon eta 8 emakume egon dira, joan den urtean, ostera, 10 gizon eta 4 emakume egon ziren. Harrapatutakoen adinari dagokionez, 2011n hil diren biktimetatik 8k 64 urte baino gehiago zituzten (6 emakume eta 2 gizon).

Sexuaren arabera: gizon gidari gehiago eta emakume oinezko gehiago

Hildako kopurua sexuaren arabera banatzean, gizonezko biktimak gidariak zirela eta emakumezko biktimak oinezkoak zirela, funtsean, ikusi da. Hala, 60 hildakoetatik 47 gizonak ziren (36 gidari, 4 bidaiari eta 7 oinezko) eta soilik 13 emakumeak (2 gidari, 3 bidaiari eta 8 oinezko).

Trafiko-istripuan hildakoei egindako analisi toxikologikoetan, %21ek alkohol edo drogetan positibo eman du, hau da, pertsona horiek erantzuteko eta kontzentratzeko gaitasuna eragozten duten substantzien efektupean gidatzen ari ziren.

Zaintze-kanpainak eta kontzientziazio beste neurri batzuk

Zirkulazio Araudiaren kontrako jokabide hauek eta beste batzuk kontrolatzeko asmoz, Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek aurten aurrera eramango duten zaintze eta kontrol kanpainen egutegia adostu dute. 34 astetan zehar kanpaina bereziak garatzea aurreikusita dago; horietan, gai zehatzen baten zaintzea indartuko dute agente guztiek. Orotara, honako modu honetan banatzen diren 11 gai dira: alkohol eta drogekin erlazionatutako arau-hausteak bereziki behatuko dira 5 aldiz urtean (kanpainetako bat abuztu osoan zehar garatuko da); abiadura, 4 aldiz; harrapatzeak eta bizikletak, 4; motorrak eta zikloak, 4; distrakzioak, 3 aldiz; segurtasun dispositiboak (gerrikoa + DRI), 3 aldiz; ibilgailuen baldintza teknikoak, 3; eskola-garraioak, 2; merkantziak, 1; ibilbide luzeko autobusak, 1; eta bidaiari-garraioak, 1.

Bestalde, 2012an, Trafiko Zuzendaritzak ondorengo ekintza estrategikoak, besteak beste, aurrera eramatea du aurreikusita: kontzientziazioa sustatzen jarraitzea hezkuntza, bide-heziketa eta komunikazioaren bidez (bereziki, arrisku-taldeei -pertsona nagusiak, gazteak...- zuzendutako jarduerekin), kolaborazio publiko-pribatua sozietate zibila aktiboki inplikatuz, trafiko-kudeaketa denbora errealean, hiri-eremuaren koordinazio eta inplikazio aktiboa bide-segurtasunean, zigor-prozeduraren optimizazioa, bigarren mailako sarearen behatzea eta kontrola, errepide-sarearen eta trafiko-istripuen analisia.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko