Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak itsas energia ikertuko duen Espainiako lehen planta ustiatzeko sozietate berria eratu dute (bimep)

2011.eko abenduak 28

Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Instituto para la Diversificación y Ahorro de Energíak (IDAE) elkar hartuta, sozietate publiko berri bat eratzea erabaki dute. Sozietate publiko hori, hain zuzen ere, Espainian lehena eta Europan bigarrena izango den itsas energiaren alorreko azpiegituraren jabea izango da. Lemoiz (Bizkaia) udalerriko Armintzan egongo den azpiegitura horren sozietate kudeatzailea 10 milioi euroko kapital sozialarekin abiatu da. Kantitate horretatik %80 euskal energia agentziak jarrita eta gainerako %20a Espainiako Institutuak.

Euskadin, itsaso zabalean olatuak kaptatzeko sistemen ikerkuntza, erakusketa eta ustiapena garatzeko azpiegituraren inguruko instalazio proiektuak beste urrats bat egin du aurrera mamitze eta sendotze bidean; izan ere, haren eraikuntza, instalazio eta ustiapenaz arduratuko den sozietate publikoa eratu berri dute, Biscay Marine Energy Platform S.A (bimep) izena duena. Sozietatea Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, eta Espainiako Industria Ministerioaren menpeko erakundea den Instituto para la Diversificación y Ahorro de Energíak (IDAE) sortu dute, eta erakunde bakoitzaren partaidetza %80 eta %20 izango da, hurrenez hurren. Sozietate berria eratzeko akordioa atzo sinatu zuten, Madrilen. Europan horrelako ezaugarriak dituen instalazio bakar bat dago, Eskozian zehazki.

Sozietate berriaren helburu sozialak honako lau lehentasun hauek ditu:

  • Itsas energia berriztagarrien bihurgailuak probatzeko eta erakusteko azpiegitura bat garatzea eta instalatzea.
  • Bihurgailu horien ikerketa, entsegua eta erakusketa egitea eskala errealean; baita horiekin batera doazen ekipo osagarriak eta laguntzaileak ere.
  • Itsas energia berriztagarrien alorra garatzeko ikerkuntza sustatzea alderdi guztietatik (ingurumena, teknologia, itsasontzigintza eta abar).
  • Itsas azpiegitura hori ustiatzea merkataritzaren ikuspunturik eta energia elektrikoa ekoiztea.

Gaur egun, proiektua gauzatze fasean dago, eta 2013. urtearen amaieran inauguratuko dela espero da. Eusko Jaurlaritzak etorkizunean energia berriztagarriak sustatzeko apustu nagusienetako bat da itsas energia egitasmo hori. Gainera, bimep proiektuak zerikusi zuzena du Euskadiko Energia Estrategiarekin (3E2020), duela bi aste Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak onartua. Hain zuzen ere, estrategia horren funtsezko lehentasun bat da energia berriztagarrien aprobetxamendua %87 areagotzea. Hartara, azken energia kontsumoan berriztagarrien kuota %14 izango litzateke.

Bimep azpiegitura erreferentea izango da munduan, Euskadira teknologia eta inbertsioak erakartzeko baliogarria izateaz gain. Izan ere, itsas energia garatzearen aldeko apustuak ekarri du Euskadi puntako herrialdea izatea energia iturri berriztagarri horren garapenean. Iragan otsailean, bimep azpiegituraren urpeko linea elektrikoak eta komunikaziokoak instalatzeko lanak esleitu zituen Energiaren Euskal Erakundeak. Hori egiteko kontratuak 10,4 milioi euroko inbertsioa dakar.

Bimep proiektua osorik garatzeko inbertsioa 20 milioi eurokoa da. Dagoeneko, urpeko kableen hornidura eta instalazioa kontratatu da, eta aurreikuspenen arabera, 2012 eta 2013 urteen artean abian jarriko da egitasmoa. Lehen lau urtean, bimep azpiegitura abiarazi ondoren, haren instalazioetan zenbait itsas teknologia ikertzen 30 ikerlari arituko direla espero da.

Itsas energiak ahalbide edo potentzial handia du munduan, energia baliabide baliotsu den aldetik. Izan ere, mundu osoan, urtean 80.000 TWh aprobetxatu ahal direla kalkulatzen da, 2009. urtean, Europan izandako kontsumo gordinaren halako lau den kantitatea, hain zuzen ere. Euskal kostaldearen ahalbideari dagokionez, gaur egungo garapen teknologikoaren maila kontuan izanik, urtean 2.000 GWh aprobetxatu ahal direla uste da. Energia kopuru horretaz baliaturik, Euskadin izaten den kontsumo elektrikoaren %10 ase edo bete daiteke, hau da, modu berriztagarrian itsasoko olatuek sortzen duten energiaz.

Mutriku, jadanik abian

Itsas energia berriztagarrien alorraren barruan, Energiaren Euskal Erakundeak lehen proiektua abiarazi du Mutrikun. Herri horretako kaia babesteko dikean kokatu den itsas instalazio bat da, eta olatuen energia aprobetxatzea du xede. Hain zuzen ere, Europan sare elektriko orokorrera konektatuta dagoen lehen planta da Mutrikukoa.

Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euroko inbertsioa egin du Mutrikuko plantan. Aurreikuspenean arabera, 296 kW-eko potentzia duen planta horretan 600.000 kWh ekoitziko dira urtean, 600 pertsonaren kontsumoaren baliokidea dena, eta basoko 80 hektarearen ondorio edo eragin onuragarria izango du.

Iragan uztailean Patxi López lehendakariak inauguratu zuen itsas instalazio berritzaile hori munduko erreferente bat da, itsas energiaren alorreko garapen berriei ateak zabaltzen baitizkie eta aberastasuna eta enplegua sortaraziko dituen sektore berri bati bultzada emango dio eta.

Urpeko lau kable

Bimep itsas azpiegiturak 5,3 km2-ko eremua izango du itsasoan erabiltzeko, kostatik 1.700 metrora eta inguruen jarriko diren buien bitartez mugatua, Armintzako kaiaren aurrean. Bimepen ardurapeko eremu horretan gailuek sortuko duten energia lehorrera bideratzeko, urpeko lau kable erabiliko dira, bakoitzak 5 megawatteko potentzia izango duena. Kable horien bitartez, eremu horretan probatuko diren gailuen energia lehorrera eramango da, eta geroago, banaketa sare elektriko orokorrera bideratuko da zuzenean energia hori.

Horretaz gain, kable horiek izango duten zuntz optikoaren bidez, ikerketarako funtsezko diren gailuen errendimendu eta funtzionamenduari buruzko datuak eskuratu ahal izango dira. Armintzan egongo den ikerketa eta kontrol zentroan arituko diren ikerlari eta teknikariek kudeatuko dituzte entsegu eremuan sortaraziko diren datuak eta beharrezkotzat joko duten alorrean garapen teknologia sustatuko dute.

Bimep azpiegiturari lotutako linea elektrikoak beti urpean eta lurpean jarriko dira, ikus inpaktu oro saihestearren eta zonaldean ibiltzen diren itsasontziek edo berauek erabiltzen dituzten arrantzako tresnek ez kaltetzeko. Kable elektrikoak uretara sartzeko, urpearen hondoan kokatzeko, zulaketa horizontalak egingo dira, inguru horretan dauden labarrei inolako kalterik ez eragiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan