Berriak Kultura
Eu

11.000 sarrera berri Wikipedia entziklopedia digitalaren euskarazko edizioan

2011.eko abenduak 29

Gaurtik aurrera, abenduak 29, 11.000 sarrera berri izango dira Wikipedia entziklopedia digitalaren euskarazko edizioan. Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimena da honako hau, Lur Entziklopedian oinarritu da eta Elhuyar Fundazioak burutu du lan teknikoa, Eusko Jaurlaritzaren eskaerari erantzunez.

Wikipediaren euskarazko edizioan gaur sareratu diren 11.000 sarrera berri hauek orain arte editatu diren 100.000ri gehituko zaizkie. Lorpen historikoa da honako hau, urtebeteko ahaleginaren emaitza izan da eta, horri esker, euskal entziklopedia digitalaren edukiak ehuneko hamar gehitu dira. Nahi duenak erabili ahal izango ditu eta, jakina, doan.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimena izan da hau, eta sarrera horiek guztiak sarean jartzeko Lur Entziklopedia hartu du oinarritzat; lan teknikoa, berriz, Elhuyar Fundazioak egin du, Eusko Jaurlaritzaren aginduz.

Euskararen erabilera esparru guztietan sustatzeko, herritarrei baliabide eta tresna berriak ematea ezinbestekoa da, teknologia berrien arloan bereziki. Testuinguru horretan kokatzen da 2011. urtean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko eduki entziklopedikoak sarean jartzeko helburuarekin garatu duen egitasmoa.

Hala, egitasmoa abian jarri aurretik egoeraren azterketa egin da. Helburua, aukera guztiak aztertzea izan da, hau da, ohiko entziklopedia digitalez gain, sarean diren egitasmo zabalduenekin eta berritzaileenekin elkarlanerako bideak ere aztertzea.

Azterketa burutu ondoren, Kultura Sailak erabaki du egokiena dela jabetzan dituen jatorrizko edota egokitutako euskarazko edukiak Wikipediaren bidez sareratzea, zenbait arrazoirengatik: irtenbide teknologiko egokia, azkarra, erabilgarria eta merkea delako; lana egiterakoan parte-hartzea, osagarritasuna, elkarlana eta lankidetza sustatzen delako eta Wikipediaren aukera eduki libreen aldeko filosofiarekin bat datorrelako, Kultura Sailak bultzatu nahi dituen lerroekin hain zuzen ere.

Aipatu dugunez, Lur entziklopediak erabili dira abiapuntu gisa. Lan horietatik 11.000 sarrera hautatu dira, kopuru horretatik 8.500 gaur egun euskarazko Wikipedian ez dauden sarrerak dira, eta 2.500 inguru lehendik zeuden, berritu edota eguneratu egin direnak. Hautatutako sarreretatik % 20a Euskal Herriko edukiei buruzkoak dira, eta % 80a, berriz, eduki unibertsalei lotutakoak. Lan teknikoa Elhuyarrek egin badu ere, hainbat euskal wikilari izan da lanean. Kontuan hartuz oinarritzat hartu beharreko materialek hogei urte baino gehiago dituztela, lantaldeak, beharrezkoa denean, hautatutako sarrerak egokitu, zuzendu eta eguneratu ere egin ditu.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aditzera eman duenez, "teknologia berrietan euskararen erabilera kalean sumatzen dena baino altuagoa da: %22 eta %15, hurrenez hurren. Horrek adierazten du globalizazioak mesede egiten diola euskarari, bidea ematen baitigu euskaldunoi eremu berrietan, hala nola eremu birtualean, erabiltzeko. Hamar urte honetan bikoiztu egin da Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskaraz nabigatzen dutenen kopurua (100.000tik 200.000ra) eta bertan ingelesez sareratzen direnekin parekatua dago gaur egun".

Teknologia berriak eragin onuragarria izaten ari dira euskararen berrindartzean. "Eusko Jaurlaritza horren jakitun da eta horregatik Informazio eta Komunikazio Teknologiei garrantzi handia ematen zaie Euskararen Aholku Batzordearekin batera prestatzen ari garen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berrian eta, esan gabe doa, Hizkuntza Politikarako urteroko aurrekontuetan ere bai".

Sailburuordetzaren nahia, eduki digital horiek euskaldun guztiek erabili ahal izatea da. "Ez dugu ezkutatzen, ordea, gure lehentasuna ikasleak direla. Euskal Herrian, hezkuntza-maila guztietako ikasleek beste hizkuntza batzuetan (bereziki gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) idatzitako testuak itzultzen luzaz eta esfortzu handiz jardun behar izaten dute. Euskaraz sortutako material gehiago behar ditugu".

Sailburuordea ziur agertu da, "gai garela kalitateko euskarazko entziklopedia digital bat sortzeko. Amesten dudan entziklopedia horrek orotarikoa izan behar du, baina euskararen eta Euskal Herriaren gaineko sarrerek toki berezi bat izan behar dute bertan. Haurrak eta nerabeak erakartzeko, irudiek eta lan grafikoek garrantzi handia izango dute. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren eta Wikipediaren nahia eta horretan ari gara".

5 iruzkin
  • @PabloDouglas
    2012.eko urtarrilak 05

    Comentario de Twitter:
    La edicion en euskera de la enciclopedia digital Wikipedia incorpora 11.000 nuevas entradas http://t.co/BtjdLaMO, cada día entiendo menos...

  • @Supergradha
    2011.eko abenduak 31

    Comentario de Twitter:
    La edición en euskera de la enciclopedia digital Wikipedia incorpora 11.000 nuevas entradas http://t.co/69Jdv1qT

  • @ibartolome
    2011.eko abenduak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @alfrealday: La edición en euskera de la enciclopedia digital Wikipedia incorpora 11.000 nuevas entradas http://t.co/GvIaEjuA

  • @alfrealday
    2011.eko abenduak 29

    Comentario de Twitter:
    La edición en euskera de la enciclopedia digital Wikipedia incorpora 11.000 nuevas entradas http://t.co/GvIaEjuA

  • @equipoi
    2011.eko abenduak 29

    Comentario de Twitter:
    La edición en euskera de la enciclopedia digital Wikipedia incorpora 11.000 nuevas entradas http://t.co/oLvAljJc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan